Kattalin Barber
Ate-joka dute egun handia: igandean, hilaren 15ean, 2017ko Nafarroa Oinez jaia ospatuko du Lesakako Tantirumairu ikastolak. Herritarrak azken prestaketa lanetan ari dira auzolanean, haur, gazte zein helduek gozatzeko aukera izan dezaten. Aitor Iratzoki (Bera, 1984) ikastolako zuzendaria da.
Bi egun besterik ez da gelditzen iganderako. Nolakoak izan dira azken aste hauek?
Oso lanpetuta egon gara. Behin urria hasi dela egia da urteko nekea pilatu zaigula, baina ilusioa dugu, eta batzorde guztiak lanean ari dira dena ongi ateratzeko. Eguraldiaren iragarpenari begira gaude, eta badirudi eguzkia lagun izanen dugula igandean.
Urte bat baino gehiago daramazue lanean.
2016ko maiatzean hasi ginen lanean, duela urte eta erdi. Ekainerako lantalde guztiak osatu genituen, 150 boluntariorekin. Kontuan hartu behar da Lesakako ikastola txikia dela, eta 70 familia inguruk osatzen dutela. Hortaz, familiez gain, herritarrak, ikasle eta guraso ohiak, aitatxi eta amatxiak eta ikastolarekin lotura izan ez duten pertsonak ere jo eta ke aritu dira gurekin lanean.
Egun bereziena igandekoa izanen da, baina hamaika jarduera egin dituzue jada. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Badira batzuk urtero antolatzen direnak, Oinez Gailurra eta Artea Oinez, adibidez. Horrez gain, beste jarduera batzuk egin ditugu, eta guztiak izan dira Lesakako memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginak: meatz, industria nahiz frankismoko langile behartuen aferak jorratuz, esaterako. Horiek nabarmenduko nituzke.
Bikin bat in leloa aukeratu duzue. Zergatik?
Bi da hitz giltzarria: Nafarroa Oinez bigarren aldiz eginen delako Lesakan; Tantirumairu ikastolaren sorrerako haurrek egun guraso diren bigarren belaunaldia osatzen dutelako, euskararen transmisioa ziurtatuz; Nafarroa Oinez-en helburua ikastolaren gaur egungo eraikinaren ondoan bigarrena egitea delako. Eta Nafarroa ere bitan banatua dugulako, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea. Baina, aldi berean, bitasun horiek bat egiten dute: herri berean eginen dugu bigarren Oinez, bigarren eraikinak ere Tantirumairu ikastola bakarra osatuko du, euskara bi belaunaldien arteko komunikazio tresna izatea nahi dugu, eta Nafarroa Garaiak eta Behereak Nafarroa bat osatzen dute. Gainera, auzolanaren ideia ere islatzen du: Bikin batin, tarterik gabe utziz gero, Birekin batean, elkarlanean adierazten du Lesakako ahozko euskaran.
Esan duzun bezala, bigarren aldiz eginen da jaia Lesakan. Nola aldatu da ikastolaren egoera urte hauetan guztietan?
Ikastolak 1988. urtean antolatu zuen Nafarroa Oinez, eta lortutako irabaziak eraikinean moldaketa lanak egiteko erabili ziren; horrela, azpiegitura duinekin batera, legeztatzea lortu zuen. Pauso handia izan zen. 43 urte igaro ditugu euskaraz heziz eta euskarari eutsiz. Hezkuntza eredu propio bat garatu dugu, eta euskal kultura sustatzea eta euskaraz bizitzea dira gure iparra gaur egun ere. Ikastola txikia gara, eta sortu ginen helburu berarekin jarraitzen dugu. Herritik herrirako sortu ginen, eta auzolana da gure ardatza: auzolanean eta elkarlanean, familia handi bat osatu dute ikastolako haur, irakasle, langile eta gurasoek.
Gaur egun zenbat ikasle ditu ikastolak?
101 ikasle ditugu, eta bederatzi irakasle. Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntza eskaintzen dugu. Nik joan den urtean hartu nuen zuzendaritza lana Nafarroa Oinez antolatzeko, eta, irakasle bezala, nire zazpigarren urtea da Tantirumairu ikastolan.
Zer-nolako premiak asetzeko baliatuko duzue bildutako dirua?
Oraingo egoitza txiki eta zaharkitua gelditu zaigu, ez ditu asetzen ikastolak gaur egun dituen premia guztiak. Jangela handiagoa behar dugu, adibidez, erosotasunez ikasle guztiei bazkaria eman ahal izateko. Laborategi bat behar dugu, gainera, aurretik genuena informatika gela bilakatu baitugu. Hezkuntza premiak dituzten haurrekin lan bereziak egiteko gela eta talde bikoiztuak banatzeko gelak ere behar ditugu. Azkenik, zuzendaritza bulegoa, tutoretza gela eta guraso elkartearentzako bulegoa sortu nahi ditugu.
Aurrerantzean, nola irudikatzen duzu ikastola?
Gizartearen beharretara egokitzen dakien ikastola izatea nahi dugu. Auzolana, partaidetza eta euskara izanen dira gure zutabeak.
Zer-nolako ekarpena egiten dio ikastolak Lesakari?
Hasi ginenetik ume asko hezi ditugu herrian euskaraz, eta Euskal Herri osoko eredu baten parte gara, gainera. Horren parte izatea eskaintzen diogu Lesakari, gurasoen partaidetza sustatzen duen eredu baten parte izatea. Eraikin berriarekin, adibidez, haur hezkuntzako pedagogia berritzaile bat eskainiko genioke herriari. Urtean zehar herrian antolatzen diren ekintzetan ere parte hartzen dugu.
Zertan datza pedagogia berritzailea?
Ikaslea erdigunean jarriko dugu, eta, bere erritmoa errespetatuz, autonomia maila bat hartzea da gure helburua. Hortaz, irakaslea instruktorea izan beharrean laguntzailea izanen da, ikasle bakoitzaren beharretara egokituko da.
Zergatik uste duzu garrantzitsua dela igandean Lesakara joatea?
Euskarazko hezkuntza eredu propio baten aldeko festa delako. Ikastola txikia gara, inolako onura ekonomikorik bilatzen ez duen elkartea, auzolanean kudeatzen gara, eta laguntzeko modu bat Nafarroa Oinez jaian parte hartzea da. Nafarroan gaudela kontuan hartuta, badakigu nondik gatozen, non gauden, eta batzuetan beharrezkoa da euskaltzaleok horrelako topaketak izatea.