Edurne Elizondo
Ez da nahikoa. 30 egun gutxi dira 15.000 orrialde baino gehiago dituen proiektu bat aztertzeko. Horixe salatu dute Geoalcali enpresak Zangoza aldean egin nahi duen Muga meategiaren aurkako plataformako kideek. Enpresak 2015. urtean aurkeztu zuen potasa eta gatza ustiatzeko proiektua; ondorioz, Espainiako Ingurumen Ministerioak martxan jarri zuen ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen txostena osatzeko prozesua. Jasotako alegazioak eta, batez ere, hainbat erakunde publikok egindako ikerketak kontuan hartuta, testu bategina aurkezteko eskatu zion ministerioak Geoalcaliri. Horixe egin, eta proiektua jendaurrean erakusteko epea zabalik da, berriz ere. 30 egunekoa baino ez da, ordea.
“Amarru bat da; 30 egun ez dira deus 15.000 orri aztertzeko; enpresak, gainera, aukera baliatuta, proiektu berri bat osatu du, aurrekoan funtsezko aldaketak eginez. Benetako parte hartzea oztopatzen ari dira”, salatu du plataformako kide eta Undioko kontzejuko ordezkari Enrique Mirandak.
Geoalcali SL etxeak bultzatutako proiektua da Muga. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke egitasmoa. 2012an hasi zen urratsak egiten; ikerketarako indusketak egin zituen enpresak, lehendabizi; gero, 2015ean, meategia ustiatzeko proiektua aurkeztu zuen. Inguruko herrietan alarma piztu zuen Geoalcalik gatza eta potasa ustiatzeko agertutako asmoak. Nafarroako eta Aragoiko hamaika biztanlek bat egin dute proiektuaren aurkako plataforman, hain zuzen ere. Zenbait erakundek ere mahai gainean jarri dituzte meategiak inguruan eraginen lituzkeen arriskuak.
Txostena egin duten erakunde horietako bat da Ebroko Ur Konfederazioa. Meategiak sismikotasunari eragiten ahal diola ohartarazi du konfederazioak bere testuan, eta agerian utzi du, ondorioz, proiektuak Esako urtegiko magalei ere kalte egiten ahal diela. Meategiari buruz egindako txostenek, gainera, lur azpiko lanek lur azalean izanen luketen eraginaz ohartarazi dute. “Xabierren lurrak behera egin lezake, meategiak aurrera eginez gero”, erran du Mirandak.
Geoalcalik txosten horiei eta jasotako alegazioei erantzun behar izan zien; ondorioz, Mugak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena osatzeko prozesuan aurrera egiteko, testu bategina aurkezteko eskatu zion Espainiako Ingurumen Ministerioak enpresari, uda hasi baino lehen. Testu berri hori jendaurrean ikusteko epea da orain zabaldu dutena; plataformako kideen hitzetan, ez da inondik inora nahikoa.
Are gehiago, enpresak hasierako proiektua “nabarmen” aldatu duela erran du meategiaren kontrako plataformak. “Batetik, ustiatuko luketen azalera handitu du Geoalcalik; hasieran, 1.700 hektarea ziren, eta, orain, berriz, 2.400. Bertzetik, hasieran Xabier azpian lan egiteko asmoa zuen enpresak; orain, Undues azpian ere lan egin nahi dute, Aragoin”, azaldu du Undioko kontzejuko ordezkariak.
Nafarroako, Aragoiko eta Espainiako gobernuek badute zer erran Muga meategiari buruz. Proiektuari buruzko testu berria jendaurrean erakusteko epea zehazteko, adibidez, Aragoiko Aldizkari Ofiziala hartu behar da kontuan, hori izan baita gaiaren berri ematen azkena. “Espainiakoan, irailaren 2an agertu zen; Nafarroakoan, 7an, eta Aragoikoan, berriz, 11n. Urriaren 24an amaituko da, ondorioz, 30 eguneko epea”, erran du Mirandak.
Meategiaren aurkako plataformak egin du epe hori luzatzeko eskaera jada. Ahal Dugu-k bat egin du eskaera horrekin, bai eta Ekologistak Martxan taldeak ere. Aragoin, berriz, CHA Chunta Aragonesista taldeak zuzenean eskatu dio Espainiako Gobernuari proiektuaren aurka egin dezala. Talde horren ustez, orain arte egindako ikerketek agerian utzi dute meategiak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteak ezin direla onartu.
Eztabaida bultzatu
Mirandak ere argi du meategiak ezin duela aurrera egin. Bertan behera gelditu bitartean, proiektua jendaurrean erakusteko epea luzatzea jo du egin beharreko lehen urrats nagusitzat. Plataformako kideak, gainera, “benetako parte hartzea” eskatu du, eta egin dadila meategiaren eta eragin ditzakeen arriskuen inguruko eztabaida.
Zangozan, hain zuzen, jardunaldiak egin behar zituzten Muga proiektuari buruz, hilaren 19an eta 20an. “Antza, data horretan behintzat, ez dituzte eginen. Udalak ez du interes handirik, eta enpresak ere trabak jarri ditu”, azaldu du Mirandak. Proiektuari buruz dauden kezkak eta zalantzak argitzea, ordea, funtsezkotzat jo du plataformak.