Edurne Elizondo
“Helburu nagusia da bilgune bat sortzea nazioarteko elkartasuna lantzen duten talde aurrerakoi laikoentzat, bakoitzak egiten duena kontatzeko, eta guztion artean eztabaidatzeko, elkar aberasteko”. Sabino Cuadrarenak dira hitzok, eta 1997ko abuztuaren 29an jaso zituen Egunkaria-ko Nafarkaria gehigarriak. Komite Internazionalistetako kide zen Cuadra orduan, eta internazionalismoaren esparruan lanean ari ziren taldeentzako helburu zuen bilguneak izena bazuen jada: Zabaldi. Han zer lan egin nahi zuten erantsi zuen: “Elkartasun arduratsua egin nahi dugu, egoeraz jabetzen dena eta paternalismorik ez duena. Egiazko informazioaren bidez zabaldu nahi dugu beste herrien kulturaren, balioen eta egoeraren berri”.
Elkartasunaren etxeak hogei urte bete ditu Iruñeko Alde Zaharrean. Hasierako asmoei eutsi, baina garaian garaiko beharretara egokitzen ahalegindu da. Auzoko ikur eta erreferente bizi bezain sendo bilakatu du egindako bideak. Internazionalismoarekin batera, feminismoa, migrazioa eta garapen ereduari buruzko kezka eta gogoeta ere izan ditu ardatz bide horrek. Urratsak egiten jarraitu nahi du Zabaldik, egungo egoera eta lan egiteko moduetara egokituz, internazionalismoak dituen erronka berriei buruzko gogoeta bultzatuz.
Gogoan ditu Cuadrak hasierako urratsak; egoitza aurkitu aurreko urtebete luzeko lana; ideia bat bertzerik ez zena errealitate bihurtzeko prozesua. “Konpromisoa hartzeko prest ziren taldeak zehaztu, eraikina prestatu eta martxan jarri ginen, azkenean”.
Cuadrak Presen Zubia izan zuen hasieratik bidelagun. Emakume Internazionalistak taldetik egin zuen Zubiak bat proiektuarekin. Alde Zaharrean egoteak zuen garrantzia nabarmendu du, eta, batez ere, egoitza erosteak izan zuena. “Eraikina gurea izateak finkotasuna emanen zigula argi genuen; aurrera begirako proiektu bat garatu nahi genuen”. Nabarreria karrikako 25. zenbakiko 230 metro koadroko etxea orduko 25 milioi pezetan erosi zuten. “35 pertsonak osatutako talde batek jarri zuen zatirik handiena, hamar urterako mailegu pertsonalen bidez. Bazkide kanpaina abiatu genuen berehala, gainera, eta talde bakoitzak ere kopuru bat ordaintzen zuen, urtean”.
Hasiera hartan zazpi taldek egin zuten bat Zabaldi martxan jartzeko. Egun, Emakume Internazionalistak, Mugarik Gabe, Sos Arrazakeria eta ANARASD taldeek osatzen dute elkartasunaren etxeko batzorde egonkorra. “Hogei urteotan joan-etorri asko izan dira”, azaldu du Zubiak. Zabaldiren martxan bertze elkarte, talde eta pertsona anitzek parte hartu dutela gaineratu du. Eta parte hartzen segitzen dutela. Elkarteak zabalik izan dituelako beti bere ateak. Zubiak aldarrikatu nahi izan du, bereziki, “debekuen eta alderdien ilegalizazioen garaian” elkartasunaren etxeak egindako lana. “Zabaldik, praktikan, aurre egin zion alderdien aurkako debeku horri”. Elkarteek biltzeko hainbertze zailtasun zituzten garai hartan Zabaldik babesa eman zien. “Hamaika prentsaurreko egiten zituzten, egunean”, gogoratu du Ani Moralesek.
2001etik 2005era Zabaldiko koordinatzaile izan zen Morales. Lehenago egin zuen bat proiektuarekin, halere. “1997an etorri nintzen Nafarroara, eta hurrengo urtean iritsi nintzen Zabaldira”. Internazionalismoaren esparruko bere militantzia eta euskararen aldeko lana uztartu nahi izan zituen elkartasunaren etxean. “Euskara taldea jarri genuen martxan, hizkuntzaren inguruan lan transbertsala egiteko asmoz”. Euskara talderik jada ez da Zabaldin, eta kideek onartu dute hizkuntzaren normalizazioarena lortu gabeko helburu bat dela, oraindik ere.
Hasierako euskara taldeko kide izan zen Bea Beorlegi ere. Nafarroan sortutako talde zapatistatik egin zuen bat Zabaldirekin. Nabarreria karrikako etxeko “eferbeszentzia” nabarmendu du, batez ere. “Toki bizia izan da hau beti”. Zabaldi osatzen duten taldeen arteko elkarlanak beti bilatu du nork bere nortasunari eustea. “Asmoa ez da izan nork bere bidea egiteari uztea; kontua izan da beti denon artean bestelako gauzak egitea, indarrak batzea”, gogoratu du Cuadrak. Taldeen arteko hartu-eman horietan, ezberdinen arteko adostasuna bilatzea izan dute helburu Zabaldiko kideek. “Ez da beti erraza izan, baina aurrera egin dugu”, erantsi du Beorlegik. Arrakastaren sekretua zein izan den argi du: “Eztabaida asko izan ditugu, baina beti saiatu gara arazoei besta giro batean aurre egiten. Esaten ohi den bezala, ezin banaiz dantzatu, ez da nire iraultza”.
Auzotik, auzoan
Alde Zaharreko egunerokoan erabat murgildu da Zabaldi hogei urteotan. Bestetan, inauterietan, auzoko egunean parte hartu dute elkartasunaren etxeko kideek; auzoko bizilagunek ere egin dute bat Zabaldik antolatutako jarduerekin, eta protestetan eta mobilizazioetan, elkarren ondoan izan dira denak karrikan.
Nabarreria karrikako egoitzaren barruan, forma ezberdinak hartu ditu Zabaldiren proiektuak hogei urteotan. Hasieran, egun bulego nagusi dutena bidezko merkataritzako denda izan zen. “Ez zuen aurrera egin, eta itxi zuten. Bidezko merkataritza bultzatzeko elkarteak kudeatzen zuen”, gogoratu du Cuadrak. Espazio horretan Eguzki Bideoak proiektuko kideak egon ziren urte luzez, gero. Aukera profitatu zuten Zabaldiko kideek Zinema txiroa izenburuko zikloa garatzeko. “Egun Kalaska izena duen espazioan tetegi bat egon zen Zabaldi martxan jarri genuenean. SOS Arrazakeriak kudeatzen zuen. Hura itxi eta gero, Kalaska bilakatu zen eremu hori”, azaldu du Moralesek.
Bera izan zen Kalaska espazio horretako lehen arduraduna. Gero, Teresa Sarrigurenek hartu zuen lekukoa. “Kalaska 2004. urte inguruan jarri zen martxan, eta nik 2007an egin nuen bat proiektuarekin. Zabaldin, halere, ia hasieratik izan nintzen, modu batera edo bertzera parte hartzen”, gogoratu du.
Kalaska bide propioa egiten hasi zen. “Zinemarekin batera, erakusketak antolatzen genituen hilabetero, eta kontzertuak eta bertzelakoak ere egiten genituen. Asmoa zen Zabaldiren ardatz diren lan esparruak bertze modu batera garatzea eta azaltzea. Hitzaldiez harago, jendea erakartzeko bertzelako moduak jorratzea”, nabarmendu du Sarrigurenek. Haren ondotik Sofia Antonek hartu zuen Kalaska espazioa kudeatzen zuen taldeko ardura.
Duela bost urte ailegatu zen Anton Nafarroara, eta handik sei hilabetera egin zuen bat Zabaldirekin. Elkartasunaren etxean jarraitzen du. “Jada ez dago Kalaska kudeatzeko talde zehatz bat, baina jarraitzen dugu gauzak egiten. Jendeak ezagutzen gaitu, eta zuzenean jotzen dute guregana, anitzetan”.
Antonekin batera, Zabaldiko egungo koordinatzaile Eunate Romero ere bada azken urteotan proiektuarekin bat egin duen gazte taldeko kide. Romero Mexikon izan zen iaz, Zabaldik antolatutako brigadetan. “Azken bi urteotan egin ditugu brigadak, Mexikon eta Grezian. Jende gazteari internazionalismoaren berri emateko modurik onena dira, eta anitz ikasteko aukera paregabea”, azaldu du Antonek.
Mexikoko esperientzia ontzat jo du Eunatek. Nabarmendu du, hala ere, “erreferente feminista bat” delako egin zuela bat Zabaldirekin. Hamaika talde feministaren bilgune izan da elkartasunaren etxea, eta han mamitu dira abortuaren eta indarkeria matxistaren aurkako hamaika kanpaina bertzeak bertze.
Feminismoaren bidetik egin du bat Zabaldiko kideak internazionalismoarekin, eta bertze gazte anitzek ere bide bera egin dutela azaldu du. Hori izan dela belaunaldi berriek elkartasunaren etxean sartzeko atea. Urratsak egiten jarraitzeko beharra nabarmendu dute kideek. “Hogei urte bete eta gero, aurrera begira jarraitu nahi dugu. Gazteak kontzientziatu nahi ditugu, haiei azaldu zeinen garrantzitsua den bertze herrialdeekin elkartasun harremanak lantzea; harreman politikoak eta komunitarioak”, azaldu du Romerok.
Elkartasuna eraikitzen jarraitu nahi dute Zabaldiko kideek. Feminismotik. “Hemengoekin eta hangoekin erresistentziak partekatzen jarraitu nahi dugu”, erran du Beorlegik. Karrikara begira da Zabaldi; irekiak ditu ateak; irekia dokumentazio zentroa; eta irekiak bere gainerako espazioak. Auzotik, mundura.