Elkarbizitzarako beste eredu bat

Elkarbizitzarako beste eredu bat

Kattalin Barber

Zer gertatuko da gurekin zahartzen garenean?”. Galdera horri heldu diote Etxekide kolektiboko lagunek, baita erantzunak bilatu ere: “Etxe kolaboratiboak nahi ditugu, autogestionatuak, espazio pribatu eta komunak dituztenak, ekologikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak”. Kontxesi San Juanenak dira hitzok. 59 urte ditu, eta Etxekide kolektiboko kidea da. “Gure bizitzaren eta etorkizunaren jabe izan nahi dugu”, aldarrikatu du. 50 eta 70 urte bitarteko pertsonentzat etxebizitza kolektiboak bultzatzen ari da haren kolektiboa, eta, joan den astean, proiektua aurkezteko jardunaldiak egin zituzten Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Ohiko formuletatik urrunduta, zahartzaroan zaintza modu komunitarioan ulertzen duen eredua da etxe kolaboratiboena. Bertan, apartamentuak pribatuak izanen lirateke, baina espazio edo zerbitzu komunekin. “Kide bakoitzak bere espazioa eta bere intimitatea izanen du, baina, era berean, ezinbestekoa da gune komunak izatea elkar laguntzeko: lorategia, jantokia…”, azaldu du San Juanek. Espazioaren banaketa egokia lortuz gero, pertsonak elkarrekin bizi daitezke intimitatea bortizki galdu gabe, eta espazio intimotik publikorako trantsizioa askoz naturalagoa egiten da.

Oraindik gauza asko dituzte definitzeko, eta bidea hasi baino ez da egin, baina kooperatiba izanen da Iruñeko etxe kolaboratiboen izaera juridikoa. Eratuko duten bazkideen batzarrak definituko ditu kooperatibaren oinarriak, bai eta irizpideak eta proiektuaren arauak ere. Ezinbestekotzat jo du San Juanek parte hartzea: “Argi dago proiektuak funtzionatzeko guztiok hasieratik parte hartu behar dugula; parte hartzen ez badugu, ez dugu inoiz geure sentituko”. Horregatik, etorkizunean bertan biziko diren pertsonen lantaldea osatzen ari dira orain. Gutxika-gutxika elkar ezagutzeko, eta etxe kolaboratiboekin urratsez urrats aurrera ekiteko.

San Juanek adierazi duenez, 25-40 pertsonako talde bat osatzea da ideia; dagoeneko herritar askok agertu dute interesa. Iruñeko Udala lur zati bat uzteko prest agertu da, eta Sanduandia kaleko orube bat eskaini du. Hamarkadak daramatza hutsik, eta hamar etxe inguru eraiki ahalko lirateke bertan. “Guretzat, ordea, ez da egokia, espazioa txikia delako; lur zati handiagoa behar dugu. Baina beste talde batentzat egokia izan daiteke”, dio San Juanek. Finantzaketari dagokionez, behin Iruñeko Udalak lur zatia utzita, bakoitzak bere etxea ordainduko du, eta diru laguntzak ere eskatuko dituzte.

Etxe kolaboratiboek onura handiak dituztela ziur da San Juan. “Zentzu guztietan, osasungarria da: bai guretzat eta baita hiriarentzat ere. Gure artean laguntzean eta antolatzean, ekarpen handia egiten ahal diogu komunitateari, eta, modu berean, jaso ere bai”. Suedia, Danimarka eta Alemanian, esaterako, aspalditik daude martxan pertsona nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak. Horiek izan ditu hizpide San Juanek: “Etxebizitza horietan, herritarrak autonomoki antolatzen dira espazioa, elkarrenganako laguntza eta zaintza profesionalak partekatzeko, besteak beste”. Nafarroan, Artieda herrian, Arterra Bizimodu proiektua dagoela jakinarazi du Etxekideko kideak: “Ez da guztiz gurea bezalako proiektua, baina antzekotasunak ditu”.

Adibideak ekarri dituzte

Partekatzen eta elkarlanean bizitzeko modu bat. ‘Cohousing’ edo etxebizitza kolaboratiboak izenburupean antolatu zituen jardunaldiak Etxekidek, Iruñeko Udalaren babesarekin. Besteak beste, etxe kolaboratiboetan dihardutenek hitz egin zuten. Jardunaldietan Bartzelonako adibide batez mintzatu ziren. Otsailaz geroztik, La Borda kooperatiba sei solairuko egurrezko eraikin bat egiten ari da Sants auzoan, udalaren lur zati batean. Adin guztietako 50 lagun inguruk bizitza partekatu ahal izanen dute bertan eginen diren 28-30 etxeetan.

“Gure proiektua hiritarra da, eta Iruñean kokatzen da. Hirian bizi gara, eta kale giroarekin ditugu loturak. Garrantzitsua iruditzen zaigu inguruan jendez betetako hirigune bat izatea, zahartzearekin batera gero eta beharrezkoagoak eginen zaizkigun dendak, kultura, aisialdi, garraio eta osasun zerbitzuak gertutik eskainiko dizkiguna”, dio San Juanek. Munduan dauden ereduei jarraikiz, Iruñean ere etxebizitza kooperatiboak nahi dituzte. Lehen zimendua jarria du Etxekide kolektiboak.