Kattalin Barber
Egin dezagun memoriaren ibilbidea. Bidaia bat, gure historian eta gure herrian barrena. Sartaguda ezagutzeko eta haren iragana berreraikitzeko proposamena da hau. Hemen berean, memoriaren parkean hasiko da, eta hilerrira eramanen gaitu. Hilerrian dago, hain zuzen, panteoia, 1936an hil zituzten sartagudarren gorpuzkien panteoia”. Ibiltariak audio horixe entzunen du estreinatu berri den Memoriaren Ibilbidearen hasieran. Larunbatean aurkeztu zuten jendaurrean.
Memoriaren parketik abiatuta, Sartagudako hilerriraino doa Memoriaren Ibilbidea, eta ibilbideko 11 geltokietan azalpenak dituzten panel bana aurkituko du ibiltariak. Horretaz gain, eskuko telefonoan azalpenak entzuteko aukera izanen du, geltokietan ezarritako QR kodeei esker. “Herrian barna ibiltzeko eta haren iragana berreraikitzeko gonbidapena da, gertatutakoa ez ahanzteko ibilbidea”, adierazi du Paolo Albanese Sartagudako alkateak.
Bi kilometroko pasieran azalpen panelak eta QR kodeak dira ibilbidearen gida eta bidelagunak, eta, horien bidez, Sartagudaren historian murgilduko dira bisitariak. “Lurrarengatik nekazarien eta Infanterriko dukearen artean izaniko borroka urteetan barneratzen da ibilbidea, uztailaren 18ko altxamendu faxista ekarriko du gogora, eta Sartagudari Alargunen Herria zergatik deitzen dioten azaltzen du, besteak beste”, esan du alkateak.
Inaugurazio ekitaldian, herritarrez gain, Nafarroako Gobernuaren ordezkariak, udal ordezkariak eta memoria historikoaren alde lanean ari diren hainbat elkarte bertaratu ziren. Ordutik, bisitariak hartzeko prest dago Sartaguda. “Alde batetik, jendea erakarri nahi dugu herria bisitatzeko, eta, bestetik, 36ko altxamenduaz gain, beste une historiko batzuk gogoratzea dugu helburu. Adibidez, lurraren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde egiteagatik bizitza eman zuten sartagudarren gorpuzkiak gordetzen dituen panteoia”.
Altxamenduaren eta ondorengo jazarpenaren gaineko azalpenak ematen ditu ibilbideak. “Memoriaren parkea herriaren irteeran dago, eta bisitari ugari ditu; kontua da bisitariak ez direla herrira sartzen, eta ibilbidea parkearen osagarri izatea nahi dugu. Gainera, gertaera historiko gehiago bildu ditugu”. 2008an inauguratu zuten parkea, eta Nafarroan memoria historikoarekin lotutako monumenturik handiena da. 6.000 metro koadroko omenaldi bat Nafarroan 1936an hil zituzten 3.440 lagunei.
Muskerraren bidea aipatu du Albanesek. Ibilbide horrek Bernardo Atxagaren unibertso literarioaren berri ematen du. Hamazazpi geltokiz hornitutako ibilbidea da, Asteasun dagoena (Gipuzkoa). “Atxagarik ez dugu Sartagudan, baina memoriaren inguruan lan handia egin da, eta interesgarria iruditu zitzaigun memoria historikoarekin lotuta dauden puntu guztiak biltzea ibilbidea batean”, azaldu du.
Morenoren egunerokoa
Sartagudako nekazaria zen Andres Moreno, eta 1936tik 1939ra egunero koaderno batean biltzen zituen bere eguneroko bizitza eta herriko gertaerak. “Balio handiko testigantza da harena, eta haren idatziak erabili ditugu historia berreraikitzeko; ibilbide guztiaren hari gidaria da”, dio Albanesek. Belaunaldi gazteetan jarri du arreta Sartagudako alkateak. Haien helburua Nafarroako ikastetxeetan ibilbidea sustatzea da. “Gure helburua belaunaldi berrietara iristea da, gaur egun erabiltzen dituzten tresnekin; uste dugu erakargarriago eginen zaiela audioen bitartez Sartaguda eta Nafarroako historiaren berri izatea”, dio Albanesek.
Ibilbideak gertakari historiko “gordinak” azaltzen dituen arren, helburua historia berreraikitzea izan da. Gertatutakoaren ondoren, gazteentzat “leziorik onena” dela iritzi dio Albanesek. “Ez dugu nahi ibilbide tristea izatea, eta gure ikuspuntua desberdina izan da: herriaren eta herritarren ausardia goraipatzea dugu xede. Guztiaren gainetik, aurrera egin zutelako Sartagudako herritarrek, eta duintasuna erakutsi zutelako”. 1936an, gerraren mamuak herria belztu zuen, baina, gertakari lazgarriak izan arren, herritarrek aurrera egin zuten. Horregatik, ibilbidearen amaieran hitzok aditzen dira: “Inoiz ez, inoren aurka, inon ez”.