“Ordainketarik ez balego, prostituzioa ez litzateke existituko”

“Ordainketarik ez balego, prostituzioa ez litzateke existituko”

Kattalin Barber

Gizarte langilea da Maria Jose Barahona (Madril, 1964), eta 30 urte baino gehiagoko esperientzia du prostituzioaren kontsumitzaileak aztertzen. Emakumeak salgai? izeneko jardunaldietan parte hartu zuen joan den astean, Iruñeko Hezkuntza departamentuko areto nagusian. Boterea, diskriminazioa eta desorekatutako harremanak bukatu nahi ditu, prostituzioa eta salerosketa harreman horien oinarri baitira, haren ustez.

Gizonen arduraz ari zarenean, zer esan nahi duzu?

Prostituzioa existitzen da dirua tartean dagoelako. Ordaintzearen ondorioz existitzen da prostituzioaren fenomenoa. Prostituzioaz ari garenean, emakumea da prostituta, eta gizona, berriz, ordaintzen duena. Hortaz, esaten badugu diruak sortzen duela sexu industria, ardura gizonena da. Eskaerarik ez badago, ez dago eskaintzarik. Ordainketarik ez balego, prostituzioa ez litzateke existituko.

Nola definituko zenuke prostituzioa?

Prezio baten bidez emakume baten gorputza erabiltzeko sarbidea da. Hortaz, emakumearen sexu organoen eta beste parte batzuen erabilera, eta gehiegizko erabilera dago. Horren helburua sexu plazera eta plazer psikologikoa lortzea da.

Zure ikerketetan kontsumitzailea izan duzu ardatz. Zergatik ordaintzen dute gizonek?

Dirurik ez balego, emakumea ez litzateke kontsumitzailearekin egonen, emakumeak kontsumitzaileak duena behar duelako: dirua. Gizonen helburua plazera lortzea da. Baina fantasiazko egoera da, eta prostitutek rol zehatz bat dute: panpina zoriontsuaren papera egiten dute, gizona unibertsoaren erdigunea sentitzeko. Azken finean, film pornografiko bat da: ordaintzen duenak aukeratzen du zer-nolako emakumea nahi duen, eta esaten dio zer egin behar duen. Boterea lortzen dute dirua dutelako. Emakumeak haien esanetara daude.

Kontsumitzaileei dagokienez, ez dago profil zehatzik. Zergatik?

Ez da existitzen profil zehatzik, dakigun bakarra da gizonak direla. Sexua izateko ordaintzen duten eta ordaintzen ez duten pertsonen artean ez dago desberdintasunik, ezta ezaugarri bereizgarririk ere. Ondorio horretara iritsi dira ikerketa guztiak. Prostituzioaz hitz egiten dugunean, bakoitzak bere buruan irudi bat du: emakume bat ageri da. Baina kontsumitzaileei buruz ez dugu irudirik. Prostituzioa ez dute emakumeek sortu, gizonek baizik, eta onuradun nagusia sexuaren industria da. Prostituzioaren historian prostituten ezaugarriak oso definituta daude, baina apenas aipatzen den nor den kontsumitzailea. 2000. urtetik aurrera, gure ikerketen ikuspuntua aldatu genuen. Oso gogorra izan zen ikerketa, oso zaila zelako gizonak aurkitzea. Ez genekien nora jo genezakeen haiek aurkitzeko. Ez dago harrotasunik sexu ordainketan, eta ezkutaturik daude.

Gizonak abiapuntua dira prostituzioa ikertzeko?

Bai, abiapuntua eta helmuga. Elkarrizketatu ditudan kontsumitzaile guztiek berdin esaten dute: emakumeak ongi tratatzen dituztela eta onak direla. Gaiztoak besteak dira. Askok esaten dute emakumeak han daudela nahi dutelako. Libreak direla, gustatzen zaiela prostituzioan aritzea, eta haiekin oso ongi pasatzen dutela. Horrelako erantzunak jaso ditut, baina bitxia da, inork ez du nahi bere alaba edo arreba prostituta izatea. Gizonek kontsumitzen dute prostituzioa, baina aurpegi publikoa beti emakumeak dira; haiek itzalean gelditzen dira.

Prostituzioa bateraezina da emakume eta gizonen berdintasunarekin?

Bai, dudarik gabe. Ez dago berdintasunik prostituzioan. Krisi ekonomiko larria izan dugu, oraindik ere badugu, eta krisi ekonomikoetan kaltetuenak beti emakumeak dira. Lanik ezean, beste irteera bat dugu: prostituzioa. Desoreka estrukturala pairatzen dute emakumeek. Prostituzioan hiru diskriminazio mota izaten dira: generoa, klasea eta arraza. Non daude emakume dirudunak prostituzioan? Zergatik ez dago hemen Frantzia edota Ingalaterrako prostitutarik?

Prostituzioa existituko litzateke patriarkala ez den sistema batean?

Ez. Patriarkatua egoera unibertsala da, baina alda daiteke. Aldatu behar dugu. Kontuan izan behar dugu emakumeak beti desberdindu garela ama eta prostituten artean. Beste era batera esanda, zintzoen eta lizunen artean. Baina desberdindu gaituena gizona da. Zuk galdetzen badiozu prostituta bati zergatik ordaintzen duten gizonek sexua izateko, esanen dizu: “Etxean ez diotelako ematen behar duena”. Zuk galdetzen badiozu prostituta ez den norbaiti zergatik ordaintzen duten gizonek sexua izateko, erantzuna izanen da: “Prostitutak zikinak eta lizunak direlako”. Gizona da alde batetik bestera libreki ibiltzen dena; gu, ez.

Zer urrats egin behar dira?

Gizartearen sentsibilizazioa behar dugu, beste mota bateko gizartea eraikitzeko, berdintasun balioekin, estigmatizaziorik eta diskriminaziorik gabe. Modu berean, sentsibilitate politikoa behar dugu.

Nola uste duzu garatu behar dela auzia feminismoan?

Emakumeek haien gorputza saltzeko eskubidea dutela esatea da ezkutatzea gizonek erosteko eskubidea dutela. Arazoa da sexuaren industrian diru asko dagoela, eta interes ekonomikoak handiak direla. Progresista da esatea prostituta izatea librea dela? Hori da neoliberalismoak esaten duena, baina niretzat ez da batere progresista. Aristotelesek esaten zuen askatasuna dela aukerak izatea eta horien artean hautatzea, baina, betiere, aukeratzeko premiarik ez dagoenean. Emakumeek ez dute aukeratzen, ez dutelako beste erremediorik. Batzuetan egoera behartua da, hirugarren pertsonak daudelako atzean. Beste batzuetan, beharrezkoa, proxenetarik ez dagoen arren emakumeek ez dutelako alternatibarik. Ez dago hautu librerik alternatibarik ez badago. Horrela bakarrik alda daiteke egoera. Prostituzioa indarkeria da, baina inork ez dio ezer esaten klub batetik ateratzen den gizonari.

Zer gertatuko litzateke seinalatzen badira, edo argazkiak ateratzen bazaizkie?

Niri berdin zait zenbat gizonezkok ordaintzen duten, niri inporta zaidana da zergatik ordaintzen duten, eta zer gertatzen den ordaintzen dutenean.