Iker Tubia
Iruritan gertatu zen. Danbolin nagusiak dira sokadantza irekitzen dutenak, baina bikotea behar dute. Danbolin nagusien lagunek bikoteak aurkezten dituzte. Egun hartan bi neskari eskatu zieten plazara ateratzeko, eta haiek, ezetz. Bat-batean, ez zen soka-dantzarik. Mutikoak lotsatu, eta ostatuan ezkutatu ziren. Norbaitek bertsoak idatzi zituen horri buruz. Kontatzen zuen, halaber, neskek barkamena eskatu zutela, egindakoagatik damutu zirelako “Horrek argitzen du bere garaian zer inportantzia zuen. Bestetako gertaerarik garrantzitsuena zen. Liturgia bat zen, zeremonia”.
Patxi Larralde txistulari eta dantza maisu baztandarrak kontatu du istorioa, dantzek izaniko garrantziaren erakusgarri. Baztanen, mutil dantzek, sokadantzak eta sagar dantzek esanahi zabal eta garrantzitsua izan dute luzaroan. Gero, galdu edo ia galdu ziren, eta aurrerago, berreskuratu egin dituzte. Javier eta Patxi Larralde aita-semeek bertatik bertara ezagutu dute prozesua. Ezagutu, dokumentatu, ikertu, parte hartu eta bultzatu. Urteetako lanaren parte bat Txistulari aldizkariaren azken zenbakian bildu dute.
Biak ala biak izan dira dantzariak, txistulariak eta dantza maisuak. Eremua ez zaie arrotza. Javier Larraldek, gainera, bertatik bertara bizi izan zituen sagar dantzak eta sokadantzak. Ezagun zutena eta han eta hemen bildutako dokumentazioa aztertu, ulertu eta antolatu dute.
Arizkungo Gamioxarre dolarean Baztango dantzen inguruan egindako lanaz mintzatu da Patxi Larralde. Azaldu duenez, material anitz da aldizkarian, eta lehen aldia da dena batuta argitaratzen dela. Azalpenekin batera, hainbat partitura publikatu dituzte, baita txistu eta silboterentzat moldatutako sagar dantzak eta sokadantzak ere. “Guretzat arras baliagarria da, eta Baztango dantzak ikasi nahi dituenak hemen tresna bat du”, azaldu du.
Berreskuratze lanaz eta esanahiaz gainera, urratsak eta musika ditu hizpide larraldetarren lanak. Hala ere, hainbat alor kanpoan geratu dira. Sokadantzetako zubiaren interpretazio kontrajarriez ez dira mintzatu integratzeko edo baztertzeko tresna ziren, ezta Elizaren debekuei buruz ere. Agoteen egoera ere ez dute azaldu. “Baziren agoteei buruzko bertso batzuk, azaltzen zutenak nola igortzen zituzten dantzatik”. Batik bat etnomusikologian zentratu dira.
Aldizkarian luze jorratzen da Baztango sokadantzen eta sagar dantzen afera. Guda Karlisten ondotik, “sekulako galera” izan zuten dantza horiek, estatu liberala inposatzearekin batera. Hirietatik boladan ziren bestelako dantzak heldu ziren herrietara, baita bestelako doinuak ere. Txistuaren eta atabalaren monopolioa erori egin zen bandak eta kontzertinak ailegatu zirenean: polkak, balsak, mazurkak… Itzal handiegia zen urtean behin egiten ziren dantzentzat.
Horrekin batera, inauterien gainbehera aipatu du Larraldek. Mozorroak eta armak debekatu ziren XIX. mendearen bukaeran, eta garaiko prentsak gogor egin zuen besta horren kontra: inauteriak erlijioaren aurkako iraintzat, kultura maila baxuko adierazpidetzat eta atzerakoitzat zituzten. Hala, sagar dantza bat ezagutzen zen 1960an: Arizkungoa. Orduan hasi ziren lanean Amaiur, Erratzu, Elizondo eta Lekarozko sagar dantzak berreskuratzeraino. Aldizkarian, Saski naski ikuskizunerako sortutako koreografia ere aipatzen da. Asko zabaldu zen, baita Baztanera ailegatu ere, beste sagar dantzaren kalterako. Gerora egindako lanak bertako sagar dantzari eman dio leku.
Sagar dantzen antzera, XIX. mende erdian bizirik zen agintarien sokadantza galdu egin zen mende horren bukaeran, eta beste sokadantzak herrietan mantendu; baina 1960rako galduak ziren. Berreskuratze lanak piztu du dantza adierazpide hori ere.
Ez dira erabat berreskuratu
Dantzak berreskuratu bai, baina askotan zentzua galdu dutela uste du Larraldek. “Danbolin nagusiek galdu egin dute dantzaren funtzioa. Ohituragatik egiten dugu, baina errituak ez du zentzurik”. Herri txikietan oraindik badira danbolin nagusiak, bestaren antolaketaz eta kuestazioaz arduratzen direnak, baina ardura horiek ez bezala, dantzaren funtzioa ez dute gorde. Berdin ikusten du mutil dantzen edo sokadantzen kasua. “Orain espektatulu bat da, mezaren ondoren eta bermutaren aurretik ikusten duguna”.
Zentzu hori berreskuratu daitekeelakoan da; are, hori egitearen alde agertu da. Betiere, interpretazio egokiak eginez. Izan ere, kezka agertu du interpretazio okerrek beharrezkoak ez diren gatazkak ekarri dituztelako. Emakumeen bazterketa, kasurako. Elizondoko sokadantza jarri du adibide on gisa. Lehengo esanahiari eutsi diote, baina, denetariko bikoteak osatuz, ezaugarri patriarkala kendu diote.