Jon Barberena
Sentitzeko gai diren gorputzetan preso bizi garen pertsonak gara gu. Lagunen lagun hurko. Ondokoaren minak mintzen gaituen lagun min.
Laneko hitzaldi batean aditu berri dut pertsonok enpatizatzeko ahalmena dugun ustea barneratua dugula. Laguntzeko prest omen gaudela beti. Gure ustez, bertzeen nahigabeek nahigabetzen gaituzte, eta haien negarrek gure begiak busti. Moduari dagokionez, erantzunen bidez enpatizatzen omen dugu. Ondokoak bere kezkak edo tristurak kontatzen dizkigularik, berehala, guk bizi izandako esperientzia batekin alderatzen ditugu. Konplizitatea bilatu eta deserosoa suerta dakigukeen isiltasuna hautsi nahi izaten dugu. Baina horrelakoetan nahikoa omen da isil-isilik begietara begiratu eta ondokoa aditzea. Isiltasuna lagungarri dugu arras, baina arrunt guti dakigu gizarte honen burrunban preso bizi garen pertsonok isiltasunaren ahalmen terapeutikoen inguruan.
Bi belarri eta aho bakarrarekin marraztu gintuenak uste baino gehiago zekien zer ondorio zukeen alderantziz egin izan bagintu. Bi belarri izanagatik, aditzen ez dakiten adituz betea dago ingurua, inon aritu ez diren adituz, praxirik gabeko predikatzailez.
Onartzea zaila izanagatik, lehendabiziko pertsona singularraren zaleak gara gu; nia elikatuz asebetetzen garen pertsona asegaitzak. Ahoa zabaltzen dugu, ahozabal uzteko kidea, konturatu gabe eskuzabal jokatzeko erreguka dabilkigula.
Nork ez du bere burua enpatikotzat? Lagundu nahi izaten dugu hilabete akaberara ailegatzen ez den nekazaria, bereak baino garestiagoak diren Zeelanda Berriko kiwiak erosiz supermerkatu handi batean. Lagundu nahi izaten dugu gaixotasun arraroen kontrako kanpainan, Orreagatik Santiagorako bidea 48 orduz bizikleta baten gainean eginez. Baina nork lagundu nahi du nor? Norberak bere buruarekin duen erronka gainditzea helburu ez ote dute horrelakoek?
Berdin-berdin enpatizatzen dugu Kataluniarekin, bularraldean pin bat zintzilikatuz. Kutsaduraren kontrako kontzientziarekin bat egiten dugu, egun eta ordu konkretu batean etxeko argiak itzaliz, eta euskararekin, Whatsappeko profileko argazkian irudia paratuz. Hurbilekoak adina lagundu nahi izaten ditugu urrunekoak. Kooperante edo misiolari bihurtzen gara. Bertakoen gosea asetzea baino, barneko hutsa asetzea dugu misio, esperientzia emankorrekin betetzen dugu bizkarrean daramagun motxila. Afrikarat edo Hego Amerikarat luzatzen dugu maiz gure begirada, gure begiek hurbileko egunerokoan beren dirdira galtzen dutelarik.
Hosto gorriak dantzan hasi dira urtaro malenkoniatsu honetan. Tximiniek berotzen dute zerua, eta ederra izaten da horrelakoetan barnerat begiratzea. Barneko soinuak eta solasak aditu eta ordua ere aldatu den honetan, gure eguneroko zerbait aldatzea. Laguna, etsaia, barridea edo gizarte osoa aldatzea baino errazagoa baita norbera aldatzea. Eta eraginkorragoa. Zaindu maite duzun hori. Baina atzendu gabe ondokoak ez duela zuk adina eginen zure alde.