Arrosadia, kalez kale

Arrosadia, kalez kale

Kattalin Barber

Genero rolen arabera, pertsonek hiria eta ingurua modu desberdinetan baliatzen dituzte. Hiri batean askotariko beharrak daude, baina ez dira talde guztien beharrizanak kontuan hartzen herri eta hirien diseinua egitean. Errealitate horri aurre egin nahi dio Iruñeko Urbanas kolektiboak, eta genero ikuspegia hirigintzan txertatzea ezinbestekotzat jo du. Hori agerian uzteko, Jane’s walk izeneko ibilaldiak antolatu dituzte Iruñeko Arrosadian, “auzoa beste modu batera begiratzeko”.

Hirigintza genero ikuspegitik lantzen dute Urbanas kolektiboko kideek, 1999tik. Joan den larunbatean, Jane Jacobs arkitekto, pentsalari eta hirigile soziala inspirazio hartuta, bi ibilaldi egin zituzten; eta bihar beste bi eginen dituzte. Kalez kale ibiliko dira paseoan, Jacobsen esentziari jarraikiz: hiria guztientzat izan dadin hiriaren sorkuntzan guztiek parte hartu behar dutela dioen ideia. Jane’s walk ibilbideak ez dira berriak. Urtero, maiatzaren 5ean, ekinaldiak eta ibilaldiak egiten dira mundu osoan haren omenez, kalea topagune eta elkarbizitzarako esparru gisa aldarrikatzeko. “Gure helburua da auzoa modu desberdin batean ikustea, elkarbizitza oztopatzen duten xehetasun txikiak zalantzan jarriz, eta herritarrak sentsibilizatuz”, azaldu dute kolektiboko kideek.

Joan den larunbatean bi ibilaldi egin zituzten, eta bihar berriro eskainiko dituzte: 11:00etan eta 17:00etan, Arrosadiko Alfredo Floristan plazatik abiatuta. “Emakumeek eta gizonek egiten dituzten jardueren arabera erabiltzen ditugu gure auzoak. Egun, emakumeen %70ek egiten dituzte etxeko lanak eta zaintza lanak. Hortaz, beharrezkoa da genero ikuspegia txertatzea hirigintzan. Herritik eta herritarrentzat proposatzen ditugu auzoak. Garrantzitsua da herritarren arteko lotura eta harreman komunitarioak izatea auzoetan, eta kale eta plazen erabileren gainean pentsatzea. Hiri eta auzoen diseinua ez da neutroa”.

Datuak eman ditu Urbanas kolektiboak: 15.221 pertsona bizi dira Arrosadian. Eraikinen %43k ez dute igogailurik, eta etxebizitzen %61 ez dira irisgarriak. Zaharrak dira, gainera, eraikin gehienak: 50 urte baino gehiago dituzte etxebizitzen %73k. “Aniztasun handia dago Arrosadian, eta, era berean, konplexua da auzoa. Espazio publikoak daude, baina ez dute elkarbizitza sustatzen. Gehien harritu gaituena irisgarritasunaren arazoa da”, azaldu dute.

Hain zuzen ere, Arrosadia biziberritzeko oinarri izan nahi duen plana garatzen ari da orain Iruñeko Udala, eta hori baliatuz erabaki dute Jane’s walk ekinaldiaren lehen ibilbidea han egitea. “Ekarpenak eta proposamenak udalaren planean islatzea da asmoa, aberasgarriagoa izan dadin”.

Auzoko kideen babesa

Ibilaldia aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa egin zaie Arrosadian bertan bizi direnen ekarpenak jasotzea. “Iruñeko auzo dinamikoenetarikoa da. Aberasgarritasun kultural handia dago, eta auzoaren alde egiten duten elkarte eta kolektibo asko”. Horien guztien laguntza jaso dute Urbanas kolektiboko kideek ibilaldia garatzeko. Gune inklusiboak, bidegurutzeak, plazak, espazio irisgarriak eta ez irisgarriak kontuan hartu dituzte, besteak beste. Denera, hamabi geldialdiko bi orduko ibilbidea antolatu dute. Helburua hausnartzea eta iraganaren inguruan eztabaidatzea da, eta, era berean, auzoaren oraina eta etorkizuna ezagutzea, eta baita bere biztanleen kezkak jasotzea ere. Hirigintza sozialagoa aldarrikatu nahi dute.

Adierazgarria da auzoan zenbat merkataritza lokal huts dauden: Urbanas kolektiboko kideek adierazi dutenez, erabili gabe daude erdiak baino gehiago. Etxabeak, aldiz, ugaritu dira azken urteotan. 2007. urtean bihurtu zuten auzoko Isaac Albeniz oinezkoentzako kale. Auzokideek Arrosadiko Karlos III. etorbidea deitzen diote karrika horri. Arrosadikoak, halere, merkataritza du faltan.

Gelbentzu zinema izan zenaren eraikinaren paretik igaro da ibilaldia. 1963an ireki zuten, eta 1981ean, berriz, itxi. 2000. urtean antzoki bat hartzeko eraberritu zuten, baina hiru urte baino ez zuen iraun. “Zergatik ez da kultur arteko azoka bat egiten hemen?”, bota du paseatzaile batek. Proposamenak ez dira falta bizilagunen artean, eta pozik agertu dira Urbanas kolektiboko kideak: “Joan den larunbateko ibilaldiek harrera ezin hobea izan zuten. Adin desberdinetako 50 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. Ekarpen ugari jaso genituen geldialdi bakoitzean, eta bihar ere hala izatea espero dugu”, azaldu dute.

Argi dute Urbanas kolektiboko kideek hirigintza plangintzetan ez direla emakumeak kontuan hartzen. Hori dela eta, beharrezkoak ikusten dituzte hirigintza prozesu parte hartzaile lotesleak, eta, era berean, herritarren sentsibilizazioa, genero ikuspegia zabaltzeko. “Adibidez, Genero Eraginaren Txostena egin behar da Madrilgo plangintza guztietan, eta oso interesgarria da. Hirigintzako profesional gehienek ez dute ikuspegi hau ezagutzen”.

Auzo bat bizigarria izan dadin biztanle guztientzat pentsatu behar dutela gogorarazi dute Urbanas kolektiboko kideek. Jane Jacobs urbanistaren ideia garrantzitsu bat dute oinarri: kalea berreskuratu behar da ez bakarrik ibiltzeko espazio gisa, baizik eta eguneroko mugikortasunerako ere bai, era guztietako erabilerak eta pertsonak jaso eta nahasi ahal izateko.