Bidaia delako inportanteena

I. Tubia – E. Elizondo

Ulises ekarri du gogora Ramon Contrerasek. Eta, hark bezala, bidaiaren garrantzia nabarmendu du. Nonbaitera ailegatzea baino inportanteagoa dela helmugara iristeko bidea, alegia. Horregatik, jakin arren epaileek ez dutela onartu Iruñeko Udalak frankismoaren krimenen aurka aurkeztutako kereila, “gizartearen kontzientzia pizteko eta herritarrak mobilizatzeko” tresna baliagarria izan daitekeela nabarmendu du. Badaki zertaz ari den, memoria historikoaren esparruan lanean ari den Bideko Mitxingorria taldeko kidea baita. “Oinarri soziala lortu behar dugu memoria horren alde, eta inpunitatearen aurka”, erran du elkarteak antolatutako mahai inguruan.

Iruñean egin dute ekinaldia, “Frankismoaren inpunitatea zulatzeko” asmoarekin aurkeztutako kereilen inguruan. Bihar, hain zuzen ere, elkarretaratzea eginen dute Nafarroako hiriburuan, udalak aurkeztutakoa ez onartzeko erabakiaren aurka. 13:00etan eginen dute protesta, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean.

Iruñeko Udalak zehaztu du helegitea aurkeztuko duela epaileen ebazpenaren kontra. Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok ere “tamalgarritzat” du epaileek kereila onartu ez izana. Erabaki horrek “biktimek egia ezagutzeko” duten eskubidea bermatzeko bidea oztopatzen duela salatu du kontseilariak.

Iruñea izan zen frankismoaren krimenen aurkako kereila aurkeztu zuen lehendabiziko hiria. Ekinaldi horren oinarrian herri mugimenduen, erakundeen eta unibertsitatearen arteko elkarlana dagoela nabarmendu du Fernando Mendiola historialariak. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, bai eta Memoriaren Autobusa elkarteko kidea ere, bertzeak bertze. Udalak, hain zuzen ere, NUPeko adituengana jo zuen kereila aurkezteko ikerketa egiteko laguntza bila. Hiriko agintariek agerian utzi dute, hala ere, gizarte mugimenduetatik auziari eman zaion bultzada “funtsezkoa”izan dela haientzat. “Memoriaren esparruan ari diren taldeen eskutik jaso dugu bidean urratsak egiten jarraitzeko lekukoa”, azaldu du Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko zinegotziak, Bideko Mitxingorriak antolatutako mahai inguruan.

Testigantzak

Herritarren, udalaren eta adituen arteko elkarlanaren bertze adibide bat da 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero izan zen errepresioari buruzko testigantzak jasotzeko bulegoa martxan jartzeko ekinaldia. Herritar anitzek egin dute bulego horretara joateko urratsa, beren senideek edo haiek sufritutakoaren berri ematera. “Iruñeko Udalak kereila aurkeztu zuenean, epaitegi batean onar zitezkeen ehun elkarrizketa baino gehiago bagenituen grabatuta”, azaldu du Mendiolak. Zehaztu du 1970eko eta 1980ko hamarkadetan errepresioa jasan zuten hainbat pertsonak ere jo zutela udalaren bulegora. “Interesgarria izan da horren berri ere jasotzea”, erantsi du.

Hitz egiteko urratsa egitea ez da erraza izan herritar anitzentzat. Izan ere, urte luzez isiltasuna izan da nagusi frankismoaren garaiko errepresioaren inguruan. Memoria lantzeko taldeek lan handia egin dute esparru horretan ere. “Kereila bat aurkezteko testigantzak jaso behar dira, agiriak erakutsi, lekukoak… Jendea konbentzitu behar dugu urratsa egin dezaten, eta prozesuan lagundu behar ditugu, une oro”, azaldu du Contrerasek.

Eta prozesua ez da erraza; ez da atsegina. Izan ere, agerian gelditzen ari da justiziaren jarrera zein den. Horixe nabarmendu du Contrerasek: “Gertatu zena ukatzen ari dira”. Horregatik, helburu nagusitzat jo du egun dagoen inpunitatearen aurka lan egitea. Udalek edo herritarrek aurkeztutako kereilek epaitegietan bide motza egiten badute ere, karrikan, eta herritarren artean, gertatu zenaren bozgorailu izan behar dutela argi du Bideko Mitxingorria elkarteko kideak.

Iruñeko Udalak ez du amore eman nahi, eta “ahalik eta urrutien” ailegatu nahi duela argi utzi du Joxe Abaurrea zinegotziak. “Aurrera egin nahi dugu bidean, eta Europara ailegatu, giza eskubideen epaitegira”, nabarmendu du.

Iruñeko Udalak aurkeztutako kereilarekin bat egin zuten hainbat herritarrek, Abaurreak gogoratu duenez, eta haien bidez ere auziak urratsak egiten jarraitzeko aukera badela erantsi du zinegotziak. “Udala aldatuko balitz, eta prozesuarekin ez jarraitzea erabakiko balu ere, kereilak aurrera segitzeko aukera izanen luke”, zehaztu du. Inpunitatearen harresia zulatzea da helburua.