Auzoan eta auzoarentzat

Auzoan eta auzoarentzat

Edurne Elizondo

Egun berezia izanen da bihar Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kideentzat: ateak irekiko dituzte, Nabarreria karrikako Rozalejo jauregi barruan mamitzen ari diren proiektuen berri emateko. Joan den irailaren 3an okupatu zuten eraikina. Atontzen aritu dira geroztik. Hamaika kolektiboren etxe da jada. Gaztetxearen kudeaketarako batzordean, gainera, hogei pertsonak baino gehiagok egin dute bat. Asteartero egiten dute bilera, 17:00etan. Auzoan dira, auzoan lan egin nahi dutelako, eta auzoarentzat. “Auzo ereduan eragiteko; eraldatzeko”, nabarmendu dute.

13:00etan irekiko ditu ateak gaztetxeak, bihar. Bisita eginen dute ordu horretan, han lanean ari diren kolektiboen berri jaso dezaten herritarrek. Ordubete inguruko ekinaldia izanen da, eta, amaieran, Alde Zaharreko gaztetxeak aurrerantzean izanen duen izena ezagutaraziko dute: “Pertsona baten izena hartuko du; pertsona horri omenaldia eginen diogu, hain zuzen ere”, azaldu du gaztetxeko kide Izaskunek; bihar arte, ez du zehaztasun gehiago eman nahi izan.

Gaur ere izanen da zer ikusi gaztetxean. Izan ere, Paradisu zinema aretoa inauguratuko du Nabarreriako eraikinak. Hamabost egunean behin, filmak bistaratuko dituzte gaztetxean, “auzo eta herri giro atseginean”. Gaur, 18:00etakoa izanen da lehendabiziko emanaldia. Haurrei zuzendutako Kiriku eta sorgina ikusteko aukera izanen da; 20:30ean, berriz, aretoari izena eman dion filma: Paradisu zinema. Ostiralero bezala, gainera, afaria izanen da gaur ere, gaztetxean.

Bi urteko bidea

Alde Zaharreko gaztetxeak bide malkartsua egin behar izan du azken urteotan. 2015eko abenduan, Compañia karrikako eraikin bat okupatu zuten. Iruñeko Udalarekin negoziazio prozesua hasi zuten, eta, haren ondorioz, gaztetxea Caparrosoko txaletaren eraikinera aldatu zuten, 2016ko ekainean. Urrian inauguratu, baina berehala hustu behar izan zuten, “segurtasun arrazoiengatik”. Udalak gaztetxean egindako obrak baliatu zituen gaztetxeko kideekin zuen kontratua bertan behera uzteko. Erakundeek dituzten “mugak” onartu dituzte gaztetxeko kideek. “Gizartea eraldatu nahi dugu guk”, nabarmendu dute.

Irailetik da gaztetxea Nabarreriako jauregian. Duela hamar urte ere okupatu egin zuten eraikin hori. Bihar ateak irekiko ditu etxeak. Auzoan eta auzoarentzat.