Edurne Elizondo
Irribarrea berezkoa du Mikele Grandek (Uharte, 2000). Haur eta gazte transexualen errealitatea ikusgarri bilakatzeko egin duen lana aitortu dio Gazte sariak. Aniztasuna aldarrikatu du. “Ederra” baita. Etiketez harago, gizon edo emakume izateko hamaika gorputz badela nabarmendu du.
Zer da zuretzat sari hau?
Sekulako poza eman dit. Gainera, ezustean harrapatu nau, erabat. Etxera ailegatu, eta amak galdetu zidan ea norbaitek dei egin zidan. Baietz esan nion, baina institutuan nintzela, eta ezin izan nuela erantzun. Berriro deituko zutela esan zidan. Telefonoak jo zuenean, ama berehala etorri zen nire ondora. Deia hartu, eta sariaren berri eman zidaten. Sari hori existitzen zenik ere ez nekien! Nire izena proposatu izana sekulako oparia izan da. Ilusioz bete nau.
Azken bizpahiru urteotan hamaika hitzaldi egin duzu, eta hainbat hedabidetan agertu zara nor zaren azaltzen. Damutu zara, noizbait, jendaurrean agertzeko urratsa egin izanaz?
Ez naiz damutu. Egindako bidea biziki pozgarria izan da niretzat, eta gauza asko erakutsi dizkit. Ez, ez naiz damutzen. Egia da hasieran pentsatu nuela agian arriskutsua izaten ahal zela. Baina orain ziur naiz egin beharreko bidea egin izanaz. Argi dut oso ona dela jendearen aurrean hitz egitea eta besteen iritziak eta esperientziak jasotzea. Informazioa eta kezkak partekatzen ditugu.
Ekintzaile bilakatu zara?
Bai, neurri batean, bai.
Jendaurrean agertzeko eta hitz egiteko erabaki hori zein neurritan izan da kontzientea zuretzat?
Jendaurrean agertzeko ideia sortu zitzaidan dokumental bat ikusten ari nintzenean. Pentsatu nuen nik ere banuela zer esan, eta agertzen ahal nintzela besteen aurrera hitz egitera. Aitak esaten zidan txikiegia nintzela hori egiteko, baina dokumentalean agertzen zirenak ere umeak ziren! Orduan, Chrysallis elkarteak kanpaina egitea erabaki zuen, umeekin elkarrizketak egin nahi zituzten, eta nik 14 urte nituenez, baietz esan nuen. Horrela hasi nintzen, pentsatuz esateko dudana esan ahal izateko nituen aukerak aprobetxatu egin behar nituela.
Garrantzitsua da transexualitateaz zure esperientziatik abiatuta hitz egin ahal izatea?
Bai. Nik azaldu nahi nuen nik egindako bidea. Nik nire esperientzia azaltzen dut, eta nirea, egia esan, oso esperientzia normala izan da. Eta hori da nik zabaldu nahi dudan mezua, hain zuzen. Egia da askotan esperientzia txarrak eta gogorrak direla nagusi, baina nik erakutsi nahi dut badirela bestelako esperientziak, posible dela bizitza normala izatea. Uste dut poliki-poliki gauzak aldatzen ari direla.
Zuk familiaren, lagunen, eskolaren babesa izan duzu. Funtsezkoak izan dira?
Bai, oso garrantzitsuak. Niretzat, familia, lagunak eta gelako kideak babesguneak dira. Orain, adibidez, Barañaingo institutuan ari naiz, eszena arteetako batxilergoa ikasten. Zentrora ailegatu nintzenean, hainbatek esan zidaten ikusi zituztela nire elkarrizketak edo entzun zituztela nire hitzaldiak. Galderak egin zizkidaten, eta inolako arazorik ez nuen izan. Gustura egon naiz hasieratik. Uste dut horrela izan behar duela beti. Denok izan beharko genituzke halako babesguneak. Niri indarra eman didate beldurrik ez izateko.
Jende anitzek ezagutzen zaitu. Zer moduzkoa da esperientzia hori? Ez du alde txarrik?
Ez dut arazorik horrekin. Ez naiz hain ezaguna, gainera. Kalean jendeak zerbait galdetzen didanean, gustura hitz egiten dut haiekin. Gustuko dut hori, eta pozgarria iruditzen zait. Duela hainbat hilabete Madrilen izan nintzen Chrysallis elkartearen jardunaldi batean, eta han txikienak atzean nituen egun osoan. Oso polita izan zen niretzat.
Chrysallisen babesa ere inportantea izan da zuretzat?
Nik uste dut gisa horretako elkarteen lana oso garrantzitsua dela. Gero eta gehiago ari gara hitz egiten transexualitateari buruz, eta hori ona da. Ona da, batez ere, eskoletara joatea gaiaz hitz egitera, umeak hezteko, handitzen direnean inor bazter ez dezaten. Gure gizarteak, oraindik ere, transexualitatea arrarotzat hartzen du, eta ideia hori baztertu behar dugu, eskoletan lan eginez.
Zer iritzi duzu hedabideen lanaz? Mezu zuzena zabaltzen ari direla uste duzu?
Beti ez dute lan ona egiten, baina egia da, nire ustez, hedabideek zabaltzen duten mezua gero eta egokiagoa dela. Erreportaje onak ikusi ditut. Zenbaitetan, halere, gertatzen da jendeak hitz egiten duela jakin gabe. Gero eta gutxiago, zorionez.
Zure babesguneak aipatu dituzu. Inportantea da sare hori?
Bai. Lagunen rola nabarmendu nahiko nuke. Niri sekulako babesa ematen didate. Familia niretzat oso garrantzitsua da nire izaera definitzeko, baina eskolara joan behar nuenean, adibidez, han familia ez zegoen; arlo sozialean lagunak izan ditut ondoan. Urrea dira niretzat.
Ahalduntzea da kontua?
Bai. Halako babesa ez duen batek, adibidez, iraintzen badute, behera egin dezake, eta gaizki pasatu. Niri norbaitek zerbait esaten badit, argi dut tontolapiko bat besterik ez dela. Baina hori lortzen dut indarra ematen didatelako ondokoek. Berriz jaioko banintz, nik bide bera eginen nuke. Argi dut aniztasunak gizartea edertzen duela. Transexual hitzak errealitate bat ikusarazten du, baina egia da ez duela prozesua ongi adierazten. Ni neska bat naiz. Neska jaio nintzen, eta neska naiz.