Bidegurutzetik atera nahi dute

Bidegurutzetik atera nahi dute

Edurne Elizondo

Etsita. Halaxe sentitzen dira herrialdeko taxilariak. Etsipena nabarmendu du Nafarroako ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen AITAN elkarteko buru Imanol Velazek, eta etsipena nabarmendu du, halaber, Iruñeko ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek. Etsipen horrek eraman zituen lanuztea egitera, azaroaren 29an. Urteko laugarrena izan zen joan den astekoa.

Batetik, alokairuko auto gidaridunen mehatxuak eragin du taxilarien kezka; bertzetik, Nafarroako Gobernuak taxien legea aldatzeko egindako proposamenak. Administrazioak “bazter utzita” sentitzen direla erran dute taxilariek. Bidegurutzean dira, eta onik atera nahi dute handik. Errepidean jarraitu.

Taxilarien kezkak eta kexak ez dira oraingoak. “Azken urteotan, hamaika protesta egin dugu”, erran du Velazek. 450 taxilari inguruk egiten dute bat AITAN elkartean. “Ia guztiak”. Gehienak Iruñean aritzen dira lanean. Hiriburuan 313 dira denera, eta haietako 309 daude Teletaxi San Fermin elkartean. Sektorearen liberalizazioak ekartzen ahal duenaren beldur dira. “Multinazionalen kontra ezer gutxi egin dezakegu; David eta Goliaten arteko borroka da hau”, erantsi du AITAN elkarteko buruak.

Velaz eta Asin Iruñean aritzen dira lanean. Duela 11 urte hasi zen Asin; Velaz, berriz, duela sei. 2013. urtetik dira Uber edo Cabifyren gisako enpresa handiek ekar dezaketenaren beldur. Urte hori giltzarritzat jo du Velazek. Izan ere, alokairuko auto gidaridunen inguruko legea aldatu zuten urte hartan. “Ordura arte, Espainiak zehaztu zuen alokairuko auto gidaridun bakarra egon zitekeela 30 taxiko. 2013an, ordea, aldaketa bat egin zuten, eta muga hori ezabatu zuten”. 2015ean berriz ezarri zuten. Berandu, ordea. “Bi urteko denbora tarte horretan, alokairuko 10.000 auto gidaridun lanean jartzeko baimen eskaerak egin zituzten Espainia osoan”, azaldu du Velazek.

Epaileen esku dago baimen eskaera horien inguruko auzia. Eta auzi hori da, hain zuzen ere, joan den asteko eta azken hilabeteotako lanuzteak eragin dituena. Nafarroan, egun, alokairuko 50 auto gidaridun inguru ari dira lanean. “Onartu behar dugu gidariok egiten digutena ez dela lehia desleiala”, erran du Velazek. Baimen eskaera berrien bidez, bertze 200 has daitezke Nafarroan lanean, erantsi duenez. Hori gertatuz gero, gauzak anitz aldatuko liratekeela erran du. “Guk ezin izanen genuke aurrera egin; ezta egun daude 50 horiek ere”.

Asinek bat egin du Velazen iritziarekin, eta nabarmendu du taxilarien eta alokairuko autoetako gidarien gaineko kontrola hagitz bertzelakoa dela. “Taxilariok anitzez ere kontrol zorrotzagoa jasan behar dugu”. Velazek zehaztu du taxilariek “baimen bikoitza” behar dutela, nolabait erranda: udalaren lizentzia, batetik; eta erkidegoko gobernuaren baimena, bertzetik. “Alokairuko auto gidaridunek, berriz, ez dute udalaren lizentzia behar”. Horrek ekartzen du, taxilarien hitzetan, malgutasun handiagoa izatea.

Eremu urbanizatu jarraitua

2005. urtekoa da Nafarroako taxien jarduera arautzen duen legea. Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek nabarmendu du “adostasunez” osatutako testua dela. Ez, ordea, orain egin nahi diren aldaketak. “Ez dakigu nori egiten dioten mesede; taxilarioi, behintzat, ez. Gainera, gure iritzia kontuan hartu gabe ari dira”, salatu du.

Velazek eta Asinek kontu bat nabarmendu dute egin nahi duten aldaketaren inguruan: eremu urbanizatu jarraituaren auzia. Egun, legeak zehazten du bi herriguneren artean eremu urbanizatu jarraitua egon behar duela bi herrigune horiek beren taxi zerbitzuak mankomunitate beraren barruan kudeatu ahal izateko. “Iruñea eta Burlata artean, adibidez, bada; ez, ordea, Iruñea eta Etxauri artean”, azaldu du Velazek.

Ez du kasualitatez hautatu herri hori. Izan ere, Etxauriko taxilariak urtebete egin zuen Iruñerriko Mankomunitateko gainerako taxilariekin batera lanean, herriko udalak eskatu eta gero. Teletaxi San Fermin elkarteko kideek, ordea, epaitegietara jo zuten erabaki horren kontra, eta epaileek haien alde egin zuten. “Argi utzi zuten eremu urbanizatu jarraiturik ez dagoela Iruñearen eta Etxauriren artean”, erran du Asinek.

Orain, baldintza hori aldatu nahi dute. Ezabatu, alegia. “Iruñerriko Mankomunitatea iaz saiatu zen aldaketa hori egiten; parlamentura eraman zuten auzia, baina Ezkerrak, azkenean, ez zuen babestu. Berriz ari dira ahaleginean”, azaldu du Asinek. Argi du, legea aldatuz gero, herrietako taxi zerbitzuan sumatuko luketela eragina, batez ere. “Tuteran, egun, bederatzi taxi ari dira lanean. Mankomunitatea osatzen badute inguruko herriekin, bertze 25 taxilarik izanen lukete Tuteran aritzeko aukera. Mankomunitatea osatuz gero, noski, herri txikikoa saiatuko da herri handiagora joaten, lana han dagoelako. Herriak, ondorioz, zerbitzurik gabe geldituko lirateke”.

Lizarrako kasua aipatu du Luis Canok, herrietan gerta daitekeenaren adibide. 2001. urtean hasi zen Cano taxilari herri horretan. AITAN elkarteko kide da. “16 lizentzia zeuden urte hartan; haietako bost galdu egin dira, jada. 11 taxilari gelditzen gara, eta denentzako lanik ez dago”. Izan ere, Nafarroako Gobernuak berak zehaztutako kopuruen arabera, batez bestekoaren gainetik da Lizarra: “14.000 biztanleko herria gara; zazpi taxi izatea dagokigu, eta 11 gara”. Kopuruak gora eginen luke eremu urbanizatu jarraitua ezabatu eta mankomunitatea osatuz gero.

Etorkizunak kezkatzen duela argi utzi du Canok. Eta kezka bera dute Asinek eta Velazek ere. “Zerbitzu publikoa gara, baina ez dugu administrazioaren babesa sentitzen”, nabarmendu du azken horrek. Iritzi horrekin ez du bat egiten, ordea, Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesak. “Taxiena gure zerbitzua dela zalantzarik ez dugu, eta zerbitzuari eusteko eta sustatzeko ari gara lan egiten”, erran du.

Aiesa: “Urratsak egin dira”

Aiesak zilegitzat jo ditu taxilariek egin dituzten lanuzteak. “Eskatzea eta aldarrikatzea ere zilegi da”, erantsi du. Ardurarik eza ukatu du, ordea. “Urratsak egin ditugu, adibidez, diru laguntzak jaso ditzaten”. Eurotaxientzako laguntzak aipatu ditu Aiesak, bertzeak bertze. Eztabaida piztu da horien inguruan. 2017rako 40.000 euroko saila zehaztu zuen Iruñerriko Mankomunitateak auto horiek eskaintzen duten zerbitzua diruz laguntzeko. Gurpildun aulkientzako ibilgailuak dira eurotaxiak. “2017rako saila, azkenean, ez dugu jasoko; diru hori galdu eginen da”, salatu du Velazek.

Aiesak onartu du aurten ez dutela diru laguntza hori banatuko. Diru saila ez dela galduko nabarmendu du, halere. “Gorde eginen dugu; kontua da egun ez dugula tresnarik eurotaxi bidezko zerbitzuen zerrenda osatzeko, eta diru laguntzak horietara bideratzeko. Hitzarmena lantzen ari gara tresna hori eduki ahal izateko. Abenduan itxi nahi dugu, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera diru laguntzak eman ahal izateko”, erran du mankomunitateko presidenteak. Gaineratu du auto ekologiko edo hibridoak dituztenentzat ere zehaztu dituztela diru laguntzak, bai eta segurtasuna indartzeko neurriak hartu dituzten taxilarientzat ere.

Taxilariek salatu duten legea aldatzeko asmoari buruz, eskumena Nafarroako Parlamentuarena dela nabarmendu du Aritz Aiesak. Argi utzi du, halere, “normala” dela baietz erantzutea, herriren batek zerbitzuak mankomunitatearen barruan ematea eskatuz gero. Taxilariei gogoratu die mankomunitateko ateak “zabalik” direla. “Akordioak lortzeko aukerak badirela uste dut”, zehaztu du.

Taxilariek, hain zuzen ere, badute negoziatzeko auzi bat mahai gainean: tarifen ingurukoa. “Bost urte egin ditugu jada tarifak berritu gabe”, erran du Kiko Asinek. Iruñeko taxien prezioaz anitz hitz egiten dela badakite taxilariek. Izan ere, Facua kontsumitzaileen elkarteak urtero egiten duen txostenaren arabera, hiri garestienen artean egoten da Iruñea. “Azken urteotan hirugarren postuan izan gara; aurten, berriz, hiri garestienen artean laugarrenak gara. Txostena osatzeko moduak badu eragina”, azaldu du AITAN elkarteko Imanol Velazek. Azaldu du Iruñea laugarren hiri garestiena dela lehendabiziko kilometroko prezioa kontuan hartuta. “Kontua da Iruñeko taxilariok 4,35 euroko gutxieneko kopurua dugula; 4,35 euro, 1,8 kilometroko bidaia egiteko, ordea. Bost kilometroko batez besteko bidaia kontuan hartzen badugu, zerrendan behera egiten dugu, hamabosgarren posturaino”, erantsi du.

Taxilariek onartu dute zerbitzua hobetzeko ahalegina egin behar dutela. “Gure ardurari ez diogu uko egin nahi, eta guri dagokigu kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea”, erran du Velazek. Horretarako prest dira. Ez, ordea, ahalegin hori egitera baldintza anitzez zurrun eta zorrotzagoak izanda. “Legeak arautzen du gure jarduera; legeak kontrolatzen du gure lana. Ez gaude kontra, baina arau dezala legeak modu berean alokairuko auto gidaridunen jarduera ere”, erantsi du Velazek.

Taxilariek batzarra eginen dute urtea amaitu baino lehen, hemendik aurrerako mobilizazioak zehazteko. Oraingoz, greba egiteko aukera ez da mahai gainean. Lanuzteak egiten jarraitzekoa bai, ordea. Lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute taxilariek. Lehia desleialari aurre egitekoa ere bai. Bidegurutzean dira. Beltz ikusten dute etorkizuna. Baina ez dute amore eman nahi. Bidean jarraitu nahi dute. Etsi gabe.