Maria Solana: “Urte mugitua dator, baina bada aukera legealdia biribiltzeko”

Maria Solana: “Urte mugitua dator, baina bada aukera legealdia biribiltzeko”

Edurne Elizondo

Hezkuntzako zerrenda bakarraren alde egindako apustuak tentsioa eragin du laukoan, eta oposizioaren kritiken jomugan jarri du Nafarroako Gobernua. PSNk parlamentura eraman zuen atzo gaia. Parlamentuko osoko bileraren aurretik egindako elkarrizketan mintzatu da Maria Solana bozeramaile eta Hezkuntza kontseilaria auzi horretaz (Iruñea, 1975), bai eta Nafarroako hautsak harrotu dituzten bertze hainbati buruz ere.

Kazetari, parlamentari, Nafarroako Gobernuko bozeramaile, eta, orain, Hezkuntza kontseilari. Zer irakatsi dizu prozesu horrek politikari buruz?

Askotan damutu egiten naiz politikaren esparruan sartzeko urratsa egin izanaz, baina, aldi berean, argi dut egin beharra nuela; nahiago dut nik egin beste batek baino, aukera badut. Denok kexatzen gara asko, baina ardura gure esku dagoenean, erronkari eutsi behar zaio. Ikasi dut, halaber, politika konplikatua dela, baina pertsonekin egiten dela, eta pertsonek ditugun konplikazioak gelditzen direla agerian. Harreman kontu bat da, azkenean, politika. Ez du aparteko zailtasunik. Harremanek dituzten zailtasunak dira politikan daudenak. Batetik, politikarien arteko harremana da kontua, eta, bestetik, politikarien eta gizartearen artekoa. Polita ere ari da izaten gauzak aurrera eramateko eta erabakiak hartzeko aukera izatea. Aldi berean, hori ere bada kudeaketaren alderdirik zailena. Beti ezin dituzu gauzak egin nahi bezala, baina norabidea markatzeko aukera badela uste dut, behintzat, eta horretan ari garela.

Politika harreman kontua dela erran duzu. Lau talde ari dira gobernua babesten. Zein puntutuan da aldaketa?

Uste dut ontzen ari dela; heltze prozesu batean sartuta dagoela. Horrek ekartzen du ikustea errealitatea zein den, eskura dituzun tresnak eta aukerak ongi ezagutzea eta erabakitzea. Erronka da heltzen jarraitzea, elkarrekin. Elkarri lagundu behar diogu bide horretan.

Gobernua heldu bilakatzeko bidean da, beraz. Eta oposizioa?

Oposizioa, lehen bezala, haurtzaroan. Guk ez genekien gobernuaren ardura izatea zer den; eta beste batzuk ez zekiten oposizioa egitea zer den. Guk urratsak egin ditugu. Oposizioak, berriz, erakutsi du ez dakiela oposizioa egiten, eta gobernatzeaz ere, uste baino gutxiago zekiela. Lehen eguneko diskurtsoari eutsi diote.

Hasieran izan zenuten hainbat gaitan oposizioaren atzetik joateko sentsazioa?

Hasieran, akaso, bai. Baina uste dut egoera hori, neurri handi batean, gainditu egin dugula. Zenbaitetan bada erantzuteko beharra. Gezur biribilak kontatzen, horretan bai, maixu dira oposizioan. Hasieran hori zen dinamika, eta oposizioak Hezkuntza departamentua, adibidez, dinamika horretan sartu zuen. Ondorioz, departamentuaren beraren jarduera blokeatuta zegoen, neurri batean. Orain uste dut departamentuak ekimena bere esku duela, eta gauzak egiten eta erabakiak hartzen ari dela.

Ez atzera ez aurrera egote horrek eragin zuen aldaketa eta zuk Hezkuntza departamentuaren ardura hartzea?

Bai. Hori onartu genuen; Jose Luis Mendozak berak onartu zuen. Oso gogorra izan zen oposizioaren jarrera, eta lortu zuen departamentuaren jarduera gelditzea, neurri batean. Aldaketetatik harago, uste dut behar zela denbora. Egin diren planek denbora behar dute. Hasieran, akaso, ematen zuen ez ginela deus egiten ari, baina erakutsi dugu ez zela egia. Orain fase aktiboago batean murgilduta gaude. Lanbide Heziketarako plana, aniztasuna atenditzeko plana eta hezikidetza plana, adibidez, hiru ardatz garrantzitsu dira, eta ari dira aurrera egiten nahi bezala.

Eta beste departamentuak?

Bide beretik goazela uste dut. Lanean ari gara. Gu ailegatu baino lehen gobernuak erabaki potoloak hartu izan ditu, baina inolako planik gabe; bideragarritasun planik gabe, adibidez. Horren adibide da Nafarroa Arena pabiloia. Orain arte ez zegoen plana egiten ari gara gu, itxita egoteagatik dirutza ari ginelako gastatzen.

Hainbat sektorek kritikatu dute egungo gobernua aurrekoaren bidetik ari dela, zenbait gaitan; Sustrai Erakuntza fundazioak salatu du hori, adibidez, AHTaren auzian. Zer deritzozu?

Ez da horrela, inondik ere. Beste gauza bat da gobernu honek bere ez egitea Sustrai Erakuntza fundazioaren planteamenduak. Nik dakidala Sustrai Erakuntza ez dago gobernuan. Noizbait heltzen bada, egingo du buruan duena. Orain duguna da laukoaren analisiaren ondorioz egindako akordioan prestatutako proposamen bat. Ez da UPNk defendatu izan duena. Ez da berdina.

Zuen proposamenaren arabera, AHTarena proiektu bideragarria da?

Egiten ditugun gauzetan funtsa ez da berreskuratzea egiten den inbertsioa. Bestelako zerbitzu batzuk garatzea da kontua.

Herritarrek behar duten zerbitzua da AHTarena, zuen ustez?

Gastatu behar denaren eta gizarteak jasoko duenaren arteko oreka bilatu behar dugu. Baina, akaso, ez dugu zenbakietan bilatu behar. Zer gerta daiteke egiten bada PPk nahi duen trena? Segur aski ezer gutxi, hogei urtean ez baitira gai izan ezer egiteko. Harritzekoa litzateke orain urte bakar batean egitea hogei urtean egin ez dutena. Guk kritikatu dugu Madrilgo gobernuak duen plana. Guk bestelako abiadura handiko tren bat defendatzen dugu. Horregatik egin dugu beste proposamen bat. Kontua da estatuak duela eskumena. Erabaki dezake egitea Nafarroako Gobernua bazter utzita. Hitzarmena egiten badugu, kontrolatzen ahal dugu gastua, denborak, bai eta zer-nolako lanak eginen diren eta nork eginen dituen ere. Eztabaidatzen ahal dugu, eta kalte gutxien eragiten duen proiektuaren alde egin, baina beti izan behar dugu argi helburua zein den. Eta laukoak izan du argi korridoreak sartu behar zuela Nafarroan, eta konektatu Europarekin, eta Mediterraneorantz atera Zaragozatik.

Horretan ados da laukoa?

Bai. Hala jasota dago. Baina baldintza jakin Batzuekin. Manu Aierdik ere nabarmendu du egindako proposamenak jasotzen dituela baldintza horiek. Hori da Madrilgo gobernuari bidali dioguna, baina Madrilek, oraingoz, ez dio kasurik egin. Bitartean, UPN ari da ministerioarekin negoziatzen ez dakigu zer, gobernuan zenean lortu ez zuena lortuko duela kontatzen. Hor dago gure eztabaida ere. Gobernuak egin zuen bere proposamena, laukoarekin hitz eginda. Laukoan ez zegoen adostasunik: bada hitzarmenik egin behar ez dela uste duenik; bada egin behar dela uste duenik ere. Ez da adostasuna. Eta gobernuak uste du esku hartu behar dela. Eskumena ez dugunez, kontrolatzen ahal duguna kontrolatu behar dugula. Prozesua, halere, zabalik da.

Sustrai Erakuntzak eta bertze hamaika eragilek tren sozialaren alde egin dute. Proposamen hori kontuan hartzeko prest zarete?

Egin duten lana inportantea da eta zenbait gauza baliagarri izango zaizkigula uste dut. Prozesua jarraitu dugu eta ari gara baloratzen. Maila ezberdinak daude. Gauza bat da korridorea hemendik pasako ote den, edo nola pasako den, eta beste gauza bat da zer-nolako trenbide sarea dugun herrialdean, eta zer-nolako mugikortasun arazoak ditugun. Maila ezberdinak dira. Eta AHTaren auzian, gogoratu behar dugu guk prestazio handiko trenaz hitz egiten dugula.

Zein da aldea?

Abiadura handiko trenak ez zuen salgaien garraioa aurreikusten, eta prestazio handiko trenak, berriz, bai. Gobernuak egindako proposamenean hori da auzi nagusienetako bat. Salgaiak garraiatzeko ere behar duela izan. Horretan ez dago zalantzarik. Gauzatzeko moduan egon daitezke ezberdintasunak, eta hori da eztabaidatu behar duguna. Lehen gauza da konektatuta egon nahi ote dugun edo ez zehaztea.

Euskararena da eztabaida sortu duen bertze gaietako bat; oposizioaren kritikak jaso dituzue, baina ez bakarrik haien aldetik. Hezkuntzako zerrenda bakarraren auziak hautsak harrotu ditu laukoan ere. Espero zenuen Ezkerrak erakutsi duen jarrera?

Ez nau harritu. Kontuan hartuta dugun harremana, eta zeintzuk izan diren beren lehentasunak eta helburuak, ez nau harritu. Uste nuen, halere, egingo genuela pixka bat aurrera, eta aukera egongo zela jarrerak gerturatzeko. Egia da auzia ez zegoela akordio programatikoan, baina Nafarroako hezkuntza sistemaren agendan aspalditik zegoen auzi bat da zerrenda bakarrarena, eta eman behar zaio erantzuna.

PSNk lege proposamena eginez egin dio aurre zerrenda bakarraren aldeko zuen apustuari.

Gure asmoa zen oposizioen deialdia urtea amaitu baino lehen egitea. Gure asmoa da zerrenda bakarraren aldeko erabakiarekin aurrera egitea, baina aukera hori legez baldintzatzen badute, legea bete egin beharko dugu. Aukerak baloratzen ari gara.

Kontseiluak ofizialtasunaren auziari eusteko beharra nabarmendu du. Gobernua prest da auzi horretan urratsak egiteko?

Onartu da parlamentuan zonifikazioaren auzia eztabaidatzeko batzordea egitea. Ez da lehenago egin urrats hori adostasunik ez zegoelako. Akordio programatikoan ere agerian gelditzen da adostasunik ez zegoela lege berri bat egiteko. Aipatzen zen egungo legea garatzeko aukera bazela, oraindik ere. Beraz, orain arte ez da horren aldeko urratsik egin ez dagoelako aukerarik. 1986tik datorren lege bat dugu; ordutik asko aldatu da herrialde hau. Orduko legeari eutsi zaio, ordea. Orain 2003ko dekretua aldatzea lortu dugu. Aurrerapauso bat izan daiteke, baina hori aldatzeko ere hamaika buelta eman behar izan ditugu. Eta inor ez da konforme gelditu. Inportantea zen egitea, ordea. Behar dugu gauzak egin aurrera egin ahal izateko, eta erakusteko jende askoren beldurrak funtsik gabekoak direla. Egun ez dago tarterik lege berri baterantz joateko. Ez dago hori lortzeko gehiengorik. Saiatzea eta eztabaidatzea, halere, garrantzitsua da.

Polizien legea aldatzen saiatzeko urratsa egin duzue, bertzalde, baina huts egin du. Porrota da gobernuarentzat?

Uxue Barkos presidenteak berak halakotzat onartu du. Hilabete gogorrak izan dira. Gobernuak lege berri horren aldeko apustua egin zuen, eta lan egin du, ahalegindu da. Azkenean, porrot egin dugu. Baina hori ez da okerrena. Okerrena da auzi honetan ez duela gobernuak galdu, herritarrek baizik. Foruzaingoak ere bai. Inportantea zen legea aldatzea, eta ez da lortu. Segitzen dute sektoreko sindikatuek negoziazioa berriz hasi nahian.

Bertze auzi batek sortu du herritarren erantzuna: Altsasukoak. Urtebete baino gehiago egin dute jada kartzelan espetxeratutako hiru gazteek.

Gure kezka agertu dugu lehen egunetik. Gertatu zena salatu izan dugu, uste dugulako eraso bat egon zela, baina hortik aurrera gertatu den guztia ere salatu dugu. Proportzionaltasun falta eta auzia tratatzeko modua kezkagarriak dira gobernuarentzat. Urtea bete zenean, gobernuak bat egin zuen parlamentuak onartutako adierazpenarekin, eta hartu du konpromisoa Europara jotzeko, eta egiteko egin behar dena, bermeak eta proportzionaltasuna eskatzeko auzi honetan. Gertatu zena epaitu behar bada, egin dezatela behar den tokian eta behar denagatik.

Bertze epaiketa batek jaso du hedabideen arreta azken asteotan, iazko taldeko bortxaketarenak, hain zuzen ere. Ateak itxita egin arren, hamaika datu plazaratu dira, kasu anitzetan, erasoa jasan zuen emakumearen salaketa zalantzan jartzeko asmoz. Matxismoaren aurkako lanean zer ardura du gobernuak?

Epaiketaren inguruan adierazpenik ez egitea erabaki genuen, eta horri eutsiko diogu, auzia amaitu arte. Epaiketaren ingurukoak oso gogorrak izan dira. Akusazio partikularra da gobernua, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Gertatu dena uste dut izan dela dugun errealitatearen isla. Uste baino atzerago gaude, eta uste baino gertuago dugu kristalezko sabaia. Uste baino urrats gehiago egin behar dugu berdintasuna lortzeko. Lan horretan ari gara. Badakigu abiapuntua zein den. Kritiko izan behar dugu errealitatea aztertzerakoan. Gure asmoa da berdintasunaren aldeko lan hori transbertsala izatea. Apustu hori egin dugu. Argi dugu hezkuntza dela giltzarrietako bat. Haurrak hasieratik hezi behar ditugu. Etxean eta eskolan.

Legegintzaldiaren erdia baino gehiago joan da; nolako hilabeteak espero dituzu hauteskundeak egin arte?

Mugituak, zalantzarik gabe. Ziur naiz gobernua babesten duten taldeon artean ere sumatuko dela hauteskundeak gero eta gertuago direla. Hori naturala da, eta ez diogu beldurrik. Ona izan da laukoak egin duen lana; laukoan dauden indarrek ere, halere, badute zer diren eta zer duten berezko eta berezi defendatzeko eta aldarrikatzeko beharra. Hori normala, naturala eta ona da, nire ustez. Horrek ez du zertan ekarri behar haustura. Urte eta erdi dugu lanean jarraitu ahal izateko. Badakigu ez dela asko, zenbait gauza legegintzaldi bakar batean ere ezin direlako aldatu. Inportantea da, hala ere, urratsak egiten eta norabideak markatzen jarraitzea. Ikusiko dugu hemendik urtebetera nola dauden gauzak. Urte mugitua dugu zain, baina uste dut badela aukera legealdia biribiltzeko.