Beren aldaketaren eragile

Beren aldaketaren eragile

Edurne Elizondo

Yoana Amadorren irudia agertu da pantailan. 17 urterekin ezkondu zela azaldu du; etxeko lanek eta senarrak betetzen zutela haren egunerokoa. Eta, egun batean, bere bizitzarekin zer egiten ari ote zen galdetu ziola bere buruari. Egun horretan, eskolara itzultzea erabaki zuen. Mordiendo el aire dokumentalean agertzen diren emakumeetako bat da Amador. Helena Baionak egin du lana, emakume ijitoen berri emateko. Hitza hartu dute andreok, beren esperientziak zabaltzeko. Beren nahiak eta kezkak azaltzeko. Mundua nola ikusten duten eta zer aldatu nahi duten nabarmentzeko. Eta beren aldaketaren eragile izan nahi dutela argi uzteko.

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu dute dokumentala Mari Carmen de Carlosek eta Angela Gabarrek, Paperak Denontzat elkarteak giza eskubideen eta migrazioen inguruan antolatutako astean. Azkoiengoak dira biak; De Carlos Gabarreren irakasle izan zen garai batean, herriko institutuan, eta, orain, emakume ijitoen inguruko proiektu kolektibo bateko kide dira biak. Ijitoa da Gabarre, 19 urtekoa; payo-a, berriz, De Carlos, 60 urtekoa. Elkarrekin, estereotipoen eta arrazakeriaren aurka egin nahi dute lan, emakume ijitoen ahalduntzea bultzatuz.

“Nire esperientzia da nire lanaren oinarri”, erran du behin eta berriz Gabarre gazteak. Esperientzia horrek lotura estua du etxean bizi izandakoarekin; etxekoengandik jasotako heziketarekin eta balioekin. Aitona-amonak mendian bizi izan zirela nabarmendu du Gabarrek. “Ijitoak, garai batean, ezin ziren herrietan sartu”. Gabarreren aitak ere zubi bat izan zuen teilatu bakar denbora luzez, Azkoiengo gazteak erantsi duenez, eta 8 edo 9 urterekin lanean hasi behar izan zuen. “50 urte bertzerik ez du”. Harro mintzatu da Gabarre bere familiaz, dena kontra zutenean aurrera egiteko borroka egin zutelako.

Testuinguru horrek ezarritako mugen eragina agerikoa da Gabarrerentzat. “Ikasketak ezin dira izan zure lehentasuna zer jan lortzeko borroka egin behar baduzu”. Gabarrerena ez da aitona-amonen edo gurasoen testuinguru bera, eta etxekoen babesa eskertu du: “Aitari kosta egin zitzaion onartzea nik, emakume izanda, mugak hautsi nahi izatea; baina orain argi du ikastea dela onena niretzat. Harro nago egindako bideaz”. Mendekotasun egoeran diren pertsonak artatzeko erdi mailako zikloa egiten ari da Gabarre.

Hark egindako urratsa, halere, emakume ijito gutxik egiten dute oraindik ere. Azkoiengo gazteak ongi daki zein den herriko bertze gazte gehienen egoera, gazteek osatutako elkarte bateko presidentea baita. “Bi arazo nagusi ditugu emakume ijitook: eskola porrota handia dela, batetik; ijito gehienek goiz uzten dute eskola. Eta, bertzetik, hagitz goiz ezkontzen garela”.

Sistemaren ardura

Bere esperientziari eta bere testuinguruari egin die Gabarrek so, berriz ere, emakume ijitoek ikasketak zergatik uzten dituzten azaltzeko. “Imajinatu neska ijito bat. Familiak ijitoen kultura ematen dio; neska horrek ez du lagunik, lehengusinak ditu ondoan. Ez dute hezten ikas dezan, baizik goiz ezkon dadin. Gurasoen babesa ez badu, eskola utzi eginen du lehen oztopoa agertu bezain pronto. Eskola utzi nahi duela erraten badu, familiak onartuko du”.

Gabarrek argi utzi du ez dituela familiak erruduntzat jo nahi; duten ardura dagokion testuinguruan kokatu du, ardura hori existitzen dela ukatu gabe. “Jazarpena jasan du gure herriak, eta, erasoen aurrean, bat egitea izan da bizirik jarraitzeko estrategia; gure kulturari eustea”, azaldu du gazteak. Mari Carmen de Carlos irakaslearen ustez, anitzez ere nabarmenagoa da hezkuntza sistemak duen ardura: “Sistemak ez ditu babesten gazte ijitoak. Anitzetan, utzikeria dago”.

Gabarrek De Carlosen babesa izan zuen une zail batean. Hari esker egin zuen aurrera ikasketen bidean, aitortu duenez. Orain, eskutik lan eginez, bertze emakume ijito anitzen esku jarri nahi dute aukera hori. Gazteak argi ikusten du, irakasleak bezala, hezkuntza sistemaren barruan gauza anitz aldatzeko beharra dela: “Garai zaila izan nuen nerabea nintzenean; errebelde samar nengoen. Irakasleek baztertu baino ez ninduten egin. Mari Carmen izan zen kezkatu zen bakarra. Zigortzeko, bertze ijitoekin eta gazte marokoarrekin sartzen ninduten gela batean. Eskolan ere bakartzen gaituzte”.

Gabarrek argi du zaila dela aurreiritziei aurre egitea. “Nik ere baditut”. Baina ijitoen berri izateko ijitoengana jotzera deitu du jendea. Helena Baionak egindako dokumentala ardatz duen lanaren bidez, hain zuzen ere, hori lortu nahi dute Gabarrek eta De Carlosek, proiektuan parte hartzen ari diren bertze hamaika pertsonarekin batera. “Benetako emakume ijitoen berri eman nahi dugu; aniztasuna da nagusi gure artean, bertze edozein esparrutan bezala”, azaldu du Gabarrek.

De Carlosek erantsi du emakume ijitoak ahalduntzea nahi dutela, ikasten jarrai dezaten. “Helburua da emakumeok bilakatzea beren aldaketaren eragile. Argi ikusten ari gara elkarteek egiten duten lana funtsezkoa dela; indar handia ematen dietela elkarteok emakumeei. Horrek badu emaitzarik, emakumeak baitira aurrera egiten ari direnak”.

Giza eskubideen eta migrazioen inguruko astea antolatu duen Paperak Denontzat elkarteko kideek bat egin dute Gabarreren eta De Carlosen hitzekin. Payo-ek duten ardura nabarmendu du Beatriz Villahizanek. “Ardura dugu, pribilegioak ere gure esku direlako”. Emakume ijitoen kasuan bazterketak eta zapalkuntzak elkarrekin gurutzatzen direla erantsi du. Villahizanek ontzat jo du emakumeok aldaketaren bultzatzaile izatea, baina ardura horrek emakumeontzat ekar dezakeen zamaz ere ohartarazi du.