Lur Albizu Etxetxipia
Askotan keinuek baizik ez gaituzte definitzen. Ez haiek bakarrik, baina borobiltzen gaituzte, osoago egiten. Benetakoago. Bizitza azkarraren garaiotan, erritmo neurtu, pauso motz, bizkor, luzeetan, markatutako bidetik ateratzeak badu bere prezioa, eta ez da nolanahikoa. Jendarte likidoaren garaietan bizi omen gara. Atzo zenak ez du gaur zertan izan; gaur denak ez du biharkoan eraginik izanen eta, are gehiago, ez gara oroituko ez atzokoaz ez gaurkoaz, eta biharkoaz ere hala moduz.
Urte batetik besterako saltoak ematen digu atzo, gaur eta bihar hori azkar eta segundo batzuetan zeharkatzeko aukera. Konturatu gabe ia, baina ongi ospatuta, badaezpada ere. Ez dezagun ahaztu bizirik segitzen dugula eta aurrera jarraitzen dugula. 2018a iritsi da. 2019an dagoeneko ez gara oroituko zer egin genuen 2017an, eta memoria lausotzen joanen zaigu 2020rantz, zenbaki soil eta esanahirik gabeko bilakatu arte.
2017ak asko utzi, asko eman eta asko kendu digu. Atzean utzi berritan ere zaila zait zerbaitetan laburbiltzea. 2017a izan da prekarietatea, kapitalismoaren aurpegi gogorrena ezagutu duguna: lan baldintza eskasak, langile hilak, ETTak, prekarietatearen hedapen eta orokortzea. 2017a izan da heteropatriarkala (beste guztiak bezalaxe): mota guztietako erasoak, mehatxuak, epaiak, mespretxuak, desberdintasunak, hilketak (noiz arte ez duzue sinetsiko emakume baten hitza?). 2017a izan da injustua: hemen zerrendatzeko zailak diren injustiziaz josi digute urtea (zuri, bereziki, muxu handi bat. Eutsi!). 2017a izan da lurraren suntsipenaren hitzaurre(etako bat): Aroztegia, Abiadura Handiko Trena. Izan da etsipena: Vascuence-ren Legea atzera bota ez, zerrenda bakarra lortu ezin, pauso bakoitzeko beste bat atzera. Izan da desjabetzea: Madrilek lapurtu dizkigun legeen zerrendaren luzapena.
2017a izan da desjabetzari aurre egiten dioten herritarrak, burujabetzaren aldeko aldarria, Kataluniarekin elkartasuna, aske izateko baimenik ez eskatzea. 2017a izan da kalea, euskararen alde eta euskaraz. 2017a izan da aldarrikapena, euripean bustitzea, kanpainak egitea. 2017a izan da azken ziegaraino gure maitasuna eramatea, barroteak urtu arte jarraitzea, elur bustiaren eta izotzaren kontra bada ere. 2017a izan da borroka, amorrua, blokeak, pankartak, grebak. Izan da morea, topaketak, indarra, hausnarketak, martxak, i(ra)kaspenak, dantza. Ahalduntzea.
Ez dira gauza gutxi gertatu azken hamabi hilabeteetan. Atzera begiratzeak ematen didan lasaitasunarekin esan dezaket urte luzea izan dela, baina irakaspen asko utzi dizkidana. Eta irakaspen horiek guztiak keinu txikietan aurkitu ditut: eguneroko elkarrizketetan, babes mezuetan, edozer gertatuta ere irribarre egiten dizun horretan, lan zaila egokituta ere aurrera egiten duten horiengan, borroka serioenei ere umorea jarri dieten horiengan, beti haserre baina langile direnengan. Ondokoari leziorik eman nahi gabe ere mila lezio ematen dituzten horiengan, isilik eta poliki ari direnengan. Keinu txiki horiek guztiak posible egiten dituzuenoi: 2018a ere zuekin partekatu nahi dut.