Kattalin Barber
Iruñea hiri “erosoa, garbia eta segurua” da adinekoentzat. Horixe izan da Iruñeko Udalak Jende heldua adeitsu tratatzen duen hiri bihurtzeko egin duen diagnostikoaren ondorioetako bat. Zahartze prozesu aktiboa eta osasungarria sustatzen duten inguruneak eta zerbitzuak sortzea du helburu proiektu horrek; bultzatzailea, berriz, OME Osasunaren Mundu Erakundea da. Hiriaren erradiografia aurkeztu berri du Iruñeko Udalak, eta bertan jasotzen dira hiriko adinduek, haien zaintzaileek eta adituek hiriaren adeitasuna hobetzeko egindako zenbait proposamen. Horiek ez ezik, hiriaren alderdi positiboak eta oztopoak ere jaso dituzte.
“Iruñea erraz zeharka daiteke oinez zein bizikletaz, argiztapen egokia du, segurtasun sentsazioa ematen du, aire zabaleko kirol eremuak ditu, eta gero eta arkitektura muga gutxiago, maldak jarri baitira eraikin askoren sarreran, bai eta igogailuak eta eskailera elektrikoak ere”, azaldu du Camino Osle Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkarteko lehendakariordeak. Diagnostikoan parte hartu du Oslek, eta ontzat jo du udalaren egitasmoa. “Hausnarketa oso aberasgarria egin dugu, eta zinez garrantzitsua da agenda publikora eramatea adinduen bizi kalitatea hobetuko duten ekintzak eta asmoak”.
Jende helduaren premia berriei erantzuteko Iruñeko Udalaren ardura ez da berria, Oihana Gallo Iruñeko Udaleko Partaidetza teknikariaren ustez. “Ezagutza, eztabaida publikoa eta kontzientziazioa sustatu nahi dugu, eta behar diren neurriak hartu, zahartze prozesuan direnen egoera hobetzeko”. Pozik azaldu da teknikaria diagnostikoak izan duen harrerarekin. “Lan mardula egin dugu, eta udalarentzat egitasmoa bera martxan jartzea oso garrantzitsua izan da, protagonistak haiek izan direlako”.
Denera, 100 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute diagnostikoan. Adinduek, adinduen elkarteek, zaintzaileek eta adituek iritzia eman dute hiriaren egoeraren inguruan. Eta, aho batez, baloratu egin dute: “Hiri erosoa, irisgarria, garbia eta segurua da Iruñea. Kalitatezko bizimodua izateko eta parte hartzeko zerbitzu eta baliabide aukera zabalak ditu”.
Begi onez ikusi du Xabier Subiza Iruñeko Sasoia erretiratuen elkarteko kideak ere. Oslek bezala, hasieratik izan zuen interesa hark ere, eta diagnostikoan parte hartu du. “Beharrezkoa zen horrelako egitasmo bat; oso aberasgarria izan da, hiria aztertu dugulako eta alde txarrak eta onak mahai gainean jarri ditugulako”, adierazi du. Adinduen kolektibo gehiagoren parte hartzea faltan sumatu du Subizak, baina udalaren jarrera txalotu, eta eskaera egin du: “Intentzioak oso onak dira, baina orain praktikara eraman behar da. Ez gaitezen gelditu asmoen aitorpenean, merezi du lanean jarraitzea”.
Askotariko proposamenak atera dira, eta batzuk “egun batetik bestera” egin daitezkeela esan du Subizak; hortaz, lehenik eta behin horiek gauzatzeko urratsa egin beharko lukete, haren ustez: “Adibidez, pertsona batek eskatu zuen irristakorrak ez diren marra zuriak jartzea eskailerak seinaleztatzeko. Xehetasunak izan daitezke, baina gure egunerokoa hobetuko lukete ezbairik gabe”.
Bakardadeari arreta
Bakardadearen arazoari erreparatu dio Oslek. Zahartzaroaren “arrisku handi bat” dela uste du. Eta datuek hala baieztatzen dute: 65 urte edo gehiagokoen artean, bost pertsonatik bat bakarrik bizi da, %22. 85 urte edo gehiago dituztenen artean, berriz, %22tik %33ra igotzen da kopurua. “Adin tarte horrek ditu premia larriagoak, mendekotasuna dela eta. Bakardadeak pertsonen zahartzeari eragiten dio”. Horregatik uste du Oslek bakardadea arretaz begiratu behar dela, eta sare sozialak sustatu behar direla. “Etxetik ezin banaiz irten etxe egokia ez dudalako, gero eta gehiago bakartuko naiz. Harremanak nahi eta ezin izatea oso gogorra da. Aukerak izan behar ditugu etxetik ateratzeko”.
Zahartzaroaren inguruan hausnartzea da gakoa, Osleren ustez. “Nik uste dut zahartzeko estilo bat egon dela, eta etorkizunean desberdina izanen dela, nire belaunaldikoek eta hurrengoek gehiago pentsatu dutelako nola aurre egin zahartzaroari. Hala ere, pertsona askori bat-batean etorri zaie gainera zahartzaroa, eta ez dute aurreikusi, ez dira egoeraz jabetu”. Erantsi du askok ez dituztela harremanak egin, eta ondoan zutena hil zaienean bakarrik gelditu direla. “Ahal den heinean, gure zahartzaroaren jabe izan behar dugu, eta inguruan harremanak izatea eta sortzea oso garrantzitsua da”.
Halaber, uste du toki gutxi daudela eguneko zentroetan. Zaharren egoitza publiko bakarra dago Iruñe osoan, eta egoitza pribatuak, berriz, “izugarri garestiak dira, eta ez dute edozein herritar onartzen”. Norberaren etxean egokitzapenak egitea oso garrantzitsua dela uste du Oslek, baina ez dela batere erraza: “Jende askok ez daki laguntzak daudela birgaitze lanetarako; gainera, konplexua da laguntzak eskuratzeko izapideak egitea. Udalak ez dauka aholkularitza zerbitzu egokirik alor horri dagokionez”.
Teknologia berrien erabilerak kezka eragiten dio Osleri. Dioenez, urria da teknologia berrietan egokiro trebatzeko eta ordenagailu bidez tramiteak egiteko lekuen eskaintza. “Oztopo digital handia dago, eta gainditu behar dugu; izan ere, administrazioak horretara garamatza”. Mugikortasuna ere hizpide izan du Oslek. Ziur da udala eta enpresak “ahalegin handia” egiten ari direla Iruñea egokitzeko: “Arrapalak jarri dira eraikinetara, igogailuetara, eskailera mekanikoetara eta abarretara igotzeko. Gainera, saltokiak konturatu dira denda irisgarriak egiten badituzte bezero gehiago izanen dituztela, guztiok izan ditzakegulako noizbait mugikortasun arazoak”.
Zahartzen ari den hiria
Udalaren azken datuen arabera, Iruñeko biztanleen %22k 65 urte baino gehiago dituzte, hau da, 43.830 pertsonak. Kopuru horrek gora eginen du datozen hogei urteotan. Nabarmena da populazioaren zahartzea, eta hiriek behar bezala erantzutea da erronka. Hala uste du Gallok: “Zalantzarik gabe esan dezakegu zahartzen ari den hiria dela Iruñea. Nafarroako batez bestekoa gainditzen du hiriburuak, hiru puntuan. Horregatik, neurriak hartu behar dira, eta aurkeztutako diagnostikoa urrats bat da bide horretan”. Auzoen artean alde handiak daudela jakinarazi du Gallok. Iturraman eta Donibanen, esaterako, %30 helduak dira; Buztintxurin eta Mendillorrin, ordea, 65 urte baino gehiago dituztenak ez dira %10era iristen.
Ildo beretik mintzatu da Osle. “Datuak erronka bat dira administrazioarentzat. Erronka eta, era berean, aukera. Neurriak hartzen badira hiri atsegin eta adeitsuago bat lortzeko, gehiago bizi ahalko gara gure etxeetan”. Alde horretatik, Nafarroako Gobernuko zahartze aktibo eta osasungarri baten aldeko estrategia aipatu du Oslek. 2022. urterako adinduen autonomia eta ahalduntzea bultzatzeko neurriak jasotzen ditu estrategiak. “Programa hauek guztiak, mantsoak izan daitezkeen arren, aurrerapausoak dira, eta gure bizi kalitatea hobetzen dute. Pentsa, egun %22 gara, baina hemendik hamar urtera gehiago izanen gara. Beharrezkoak dira plan hauek”. Gehiago bizitzea eta hobeki bizitzea da xedea, mendekotasunari aurre egin ahal izateko neurriak mahai gainean jartzea eta hiriaren aukerak, ahultasunak eta indarguneak ezagutzera ematea, adin talde zehatz bati dagokionez.
“Mendekotasuna ahal dudan guztia atzeratzea gustatuko litzaidake niri. Urteak irabazten ari gara, baina bizitza ere irabazi behar dugu urte horietarako, eta hiria egokia izatea ezinbestekoa da bide horretan”, esan du Subizak. Zahartzaro aktibo eta osasuntsuaren alde egin du, eta hirian gero eta jarduera gehiago daudela iritzi dio. Aire zabaleko kirol eremuak eta kultur ekitaldiak jarri ditu adibidetzat. “Aktibo egotea gustatzen zaigu, eta hirian parte hartu behar dugu adinekook”. Iruñean zaharren elkarte asko daudela esan du Subizak, eta, era berean, beharrak aldatuz joan direla. “Erretiratuek gero eta gutxiago nahi dute kartetara jolastu edo bingora joan, beste behar eta nahi batzuk dituzte orain”. Sasoia elkarteak mota askotako jarduerak antolatzen ditu. Euskara eskolak ematen dituzte, eta gero eta jende gehiagok izena ematen duela jakinarazi du erretiratuak. Hitzaldiak, txangoak, elkarretaratze politikoak eta beste antolatzen dituzte, urtero.
Begiratzeko era
“Ni neu gehien harritu nauena izan da adinduek gizartearen indibidualismoaren inguruan duten kezka, eta haienganako errespetu falta. Diagnostikoan parte hartu zutenek adierazi zuten, oro har, gutxiesten dela jende heldua, eta zama, kostu edo eragozpentzat hartzen dela. Jarrera paternalistak saihestu behar ditugu”, azaldu du Gallok. Pertsona helduak eta haiek gizarteari egiten dioten ekarpena balioesteko, eta haien aurkako aurreiritziei eta estereotipoei aurre egiteko kontzientziazio kanpainak egiteko asmoa du udalak.
Diagnostikoa abiapuntutzat hartuta, orain ekintza plana diseinatzea dagokio Iruñeko Udalari, eta prozesu horretan ere adinduen ekarpenak jasoko dituztela jakinarazi du Gallok. Iruñea adineko jendearentzat atseginago egitea da kontua, haien bizimodua hobetzeko.