Erabilera, babesaren gainetik

Erabilera, babesaren gainetik

Edurne Elizondo

Sarea osatu du. Nafarroak Europaren intereseko 42 toki ditu. Europako bioaniztasuna mantentzeko sortutako Natura 2000 Sareko parte dira, eta, Europak aginduta, toki horiek babes bereziko eremu izendatzeko prozesua jarri zuen martxan gobernuak, 2005ean. Urte hartan, Aldude mendiko babes bereziko eremua onartu zuen Nafarroak, herrialdeko lehendabizikoa. Joan den abenduan, berriz, Bardeakoa onartu zuten; azkena, alegia. Ia 58.500 hektarea hartzen ditu babestutako espazio berriak; haren barruan daude Bardeako natur parkea osatzen duten 41.500 hektareak. “Ona da babestutako eremu baten azalera handitzea, baina, kudeaketa plan egokirik gabe, hutsean gelditzen ahal dira asmo onak”, ohartarazi du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko Eduardo Navascuesek.

Bardeako babes bereziko eremuan Europaren intereseko hamasei habitat ezberdin daudela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak. Habitat horiek hamaika espezietako animalien etxe dira, gainera; besteak beste, bisoi europarrarena, basakatuarena, zenbait saguzar espezierena, eta sai zuriaren edo kalandriaren gisako hegaztiena.

Natura 2000 Sarearen ardatza Europako bi zuzentarauk osatzen dute: batetik, 1979. urteko hegaztien inguruko zuzentarauak; eta, bertzetik, 1992. urteko habitaten ingurukoak. Hegaztien zuzentarauaren eskutik, hegaztien babes bereziko eremuak sortu ziren; horiek, zuzenean, Natura 2000 Sareko toki bilakatu ziren. Habitaten zuzentarauaren eskutik, berriz, hainbat urrats egin behar izan ditu gobernuak babestu beharreko espazioak sarean sartzeko: lehendabizi, Europaren intereseko tokiak proposatu zituen; Europak zerrenda onartu behar izan zuen, gero. Nafarroaren kasuan, 42 dira denera. Toki horien kudeaketa planak onartu eta gero, babes bereziko eremu bilakatu dira.

Bardean, hegaztientzako babes bereziko hainbat eremu badira, eta horien kudeaketa plana onartu du gobernuak, espazio hori babes bereziko eremu bilakatzeko prozesuan. Bardeako kudeaketa planak giltzarri jo ditu Eduardo Navascuesek, hain zuzen ere, eta arlo horretan gobernuak egindako urratsek ez diotela bioaniztasunari mesede egiten nabarmendu du Ekologistak Martxan taldeko kideak: “Azken finean, ez zaie lehentasuna ematen kontserbazioarekin lotutako balioei; ingurumenarekin zerikusi gutxi duten jarduerei egiten die mesede kudeaketak”.

Nekazaritza lurrak

Navascuesek zehaztu du, batetik, Bardean nagusi direla abeltzaintzarekin edo nekazaritzarekin lotutako interesak. Eta gogoratu, 1900. urtetik 1996. urtera, 17.500 larre bilakatu dituztela nekazaritzarako lur. “Nafarroako ubidea ere eraman nahi dute Bardeara, eta horrek egoera okertu bertzerik ez luke eginen”, azaldu du.

Bertzetik, Ekologistak Martxan taldeko kideak erantsi du tiro eremuak martxan jarraitzen duela Bardean. “Erdian zulo bat duen natur parkea da Bardeakoa; eta zulo hori tiro eremu bat da. Nork uler dezake halako azpiegitura bat izatea babestutako eremu batean?”, galdetu du.

Navascuesek onartu du egungo gobernuarekin hainbat arlotan “aurrera” egin dutela. Bardeako natur parkearen kudeaketa Bardeako Komunitatearen esku dago. Hori salatu dute ekologistek, “erakunde horren interesek ez dutelako ingurumenaren kontserbazioarekin bat egiten”. Urte luzez, adibidez, bilera egin gabe egon da parkeko aholkularitza batzordea. “Oraingo gobernuak bitan egin ditu jada”. Onartu du, praktikan, erabakitzeko eskumenik ez duela batzorde horrek, baina “ontzat” jo du keinua. Garrantzitsuena, hala ere, Bardeako erabileren inguruko gogoeta dela argi du Navascuesek. “Babestu nahi den eremua kontserbatzeko erabileren alde egin behar dugu”. Argi du egun kontrakoa gertatzen dela. Eta aldatzeko ordua badela ere bai. “Ingurumenari eman behar diogu lehentasuna, bertzelako interesen gainetik”.