Lohizune Amatria
Zebra bidea zeharkatzera nindoala, aurreko astean, haur baten aulki eramangarria ikusi nuen espaloiaren beste aldean. Hutsik. Eta, inguruan, inor ez. Gaizki sentiarazi ninduen objektuak, segur aski hainbat arrazoi bururatu zitzaizkidalako hori hor egoteko, eta gehienak ez zitzaizkidan gustatu. Aulkiaren ondoan nintzela, kezka sentitu nuen.
Urtearen azkeneko egunak eta hurrengoaren lehenengoak era berezian bizi ohi ditugu. Gehiago egoten gara familia edo lagunartean, errutinaz aldatzen dugu eta tarteka ohikoan baino opari gehiago zabaltzen ditugu. Azkenekoa irekita, agian, kalean topaturiko aulkia zakarra baino ez zen izango jabea zenarentzat. Gauza “bereziak” ere egiten ditugulako garai horretan, askotan kontraesanean eroriz.
Kale berean dauden edukiontziak gainezka topatu nituen aurrekoan. Urdinean, oparien paperak, kartoiak eta estalkiak ikusten ziren gehien. Horian, plastikoak, ontziak, opariak gordetzekoak… Zakarra baino ez dugu sortzen. Eta, hara non, lurrean panpina bat zegoen. Espaloira igotzeko ahaleginetan balego bezala, behera begira, nahita utzita zegoela ematen zuen. Eta begirada atzera bota nuen hobeki ikusteko.
Panpinari gertatu zitzaizkionak pentsatu nituen lehenengo: jolastu ote diren berarekin; duela bi urteko oparia izango ote den eta, berria zabalduta, zakarretara bota duten; edo, besterik gabe, oparitu dioten pertsonari ez zaion gustatu. Baliteke nik imajinatutako bat bera ere ez izatea egia, baina gurpil zoro baten emaitza dela ezin da ukatu.
Datak bultzatzen gaitu oparitzera, eskuzabalak izatera; baina ez horrek bakarrik. Gehienetan datari lotuta iristen zaizkigun mezuak dira erostera bultzatzen gaituztenak: iragarkiak, albisteak, irudiak, ideiak… Zeinek ez du erosi behar ez duen zerbait eguberri garaian? Azkeneko sakelako telefono ukigarriak zoriontsuago egingo gaituela saldu digute, esaterako; eta askok, hori hala dela sinetsita, erosi egin dute. Auskalo non dagoen orain ordezkatua izan dena.
Kontsumitzearena, baina, ez da garai horri bakarrik lotutako arazoa, nahiz eta orduan egiten zaigun agerikoen. Urtarrila da, eta abenduan erosteko eskatzen zigun ahots horrek esan digu jada aurtengoa hilabete gogorra izango dela. Baina, lasai, tristura albo batera uzteko irtenbidea ere bilatu digute. Kalean aurrera egin gabe ere, ia erakusleiho guztietan dago soluzioa, hizki larriz idatzita: “BEHERAPENAK” edo “Bota erositakoa eta erosi berria”.
Negozio ederra egin dute gurekin: gauzak eskuratu, berehala bota, eta berriak erosten ditugu etengabe. Gehienetan, gainera, erosten dugun horrek ez ditu asetzen aipatu zizkiguten ideia eta sentimendu horiek guztiak; baina hori jakinda ere hurrengoaren bila ari gara gure Smartphonetan. Irudipena dut uste baino eragin handiagoa dutela markek gugan. Izan ere, erosi baino, gehiago erabili beharko genituzke berrerabili, birziklatu eta birsortu hitzak. Baina zenbatek egiten dugu hori? Zenbat panpina bota ditugu zakarrontzira? Aitortzen dut, nik nahi baino gehiago.