Egin orduko, iraungita

Egin orduko, iraungita

Edurne Elizondo

Lehendabiziko liburua. Pertsonena eta familiarena. Ezkonsariari buruzko aurreneko atala. 121. legeko laugarren puntua: “Emakumeak, senarrak baimena ematen badio, bere jabetzako ezkonsari ondasunak erabili ahalko ditu”. Ez da XIX. mendeko agiri bat. Ez da aspaldi indargabetutako lege bat. Nafarroan oraindik ere indarrean dagoen testu batean agertzen den esaldi bat baizik. Ez edozein testutan, gainera: herrialdeko zuzenbide zibila jasotzen duen Foru Berrian. 1973. urtekoa da, eta Francisco Franco diktadoreak sinatu zuen, urte hartako martxoaren 1ean.

“1987. urtean, ezkonsariari buruzko artikulu hori moldatu zuten, baina esaldi hori ez zen testutik desagertu. Eutsi egin zioten. Ikaragarria da, eskandaluzkoa”. NUPeko Zuzenbidearen Historia irakasle Roldan Jimenorenak dira hitzak. Ez dira horiek Nafarroako Foru Berriaz aritzeko erabili dituen bakarrak: “Matxista, misoginoa, zaharra. Arkeologia hutsa da Foru Berria”, laburbildu du adituak.

Nafarroako Gobernuak ere argi du Foru Berria sakon aldatzeko eta egokitzeko garaia dela; egungo errealitatera egokitzeko ordua dela, alegia, egungo errealitate horri modu egokian erantzun ahal izateko. Urrats hori egiteko beharra jaso zuten gobernua babesten duten taldeek sinatu zuten akordio programatikoan, hain zuzen ere.

“Eskumena dugu zuzenbide zibil propioa izateko, baina ezin erabil daitekeen testu bat dugu, erabat zaharkitua, eta, ondorioz, Espainiako zuzenbide zibilera jo behar dugu beti”, azaldu du EH Bilduko parlamentari eta abokatu Arantxa Izurdiagak.

2016. urtetik, Foru Berri benetan berri bat osatzeko lanean ari da Nafarroako Parlamentua. Batzorde bat eta aholkulari taldea osatu dituzte zeregin horretan aurrera egiteko. Parlamentuko batzordeko buru da Izurdiaga, eta lanean ari diren adituetako bat, berriz, Jimeno. Parte hartzaileen zerrenda, halere, luzea da, eta kolore askotakoa. “Aditu talde ahalik eta pluralena osatu nahi izan dugu, arlo guztietako iritziak jasotzeko”, erran du Izurdiagak.

Asmoa da egungo zuzenbide zibila jasotzen duen testua legegintzaldia amaitu baino lehen berritzea eta egokitzea, eta hari lotutako legeak onartzea eta moldatzea, behintzat, familiari buruzko auzietan. Epeak betetzeko moduan direla uste du Izurdiagak. Parlamentuko taldeen artean ere iritzi ezberdinak daudela onartu du, baina erantsi du kontu batean bat egin dutela denek: “Inork ez du uste testua dagoen bezala utzi behar dugunik”. Aldaketak zein neurritan izan behar duen sakon zehazterakoan gelditzen dira agerian ezberdintasunak. Izurdiagak argi du, halere, gobernuko taldeen asmoa dela, behintzat, PSNren aldeko botoa jasotzea, testu berria bozkatzerakoan. “Eta UPNk kontra bozkatu ordez abstentzioaren bidetik jotzea lortuko bagenu, anitzez ere hobe”.

Etxea, Foru Berriaren ardatz

Foru Berriak aldaketa sakona behar duela zalantzarik ez du Izurdiagak. Oinarrizko auzi bat nabarmendu du, Nafarroako zuzenbide zibila jasotzen duen testu osoa baldintzatzen duelako: etxea. “Etxea da Foru Berriaren ardatz. Familia tradizionalaren aterpe da etxe hori, gainera, eta Foru Berriaren helburua da hari eustea. Etxeari buruzko ideia horretatik sortzen dira Foru Berriak jasotako erakunde guztiak”.

Kontua da, EH Bilduko parlamentariak nabarmendu duenez, zuzenbide zibilak ardatz hartutako etxe hori jada ez dela existitzen. Ezta etxe horretan aterpe hartzen zuen familia tradizionala ere. “Egungo errealitatea hagitz bertzelakoa da, eta errealitate horri erantzunen dion zuzenbide zibil argi eta erabilgarri bat behar dugu”, erran du Izurdiagak.

Bat egin du Jimenok. Haren ustez, Foru Berria onartu zuten garaiko errealitatetik ere “urrun samar” zegoen. Testua idatzi zutenen soslaiak azaltzen du distantzia hori: “Foru Berria idatzi zutenak karlista tradizionalistak ziren, eta, gainera, Opus Deiko kideak gehienak; Nafarroako Unibertsitateko irakasleak haietako asko”. Gizon horiek, Foru Berria osatzeko, Trentoko Kontzilioko zuzenbidera jo zutela gaineratu du Jimenok. “Erdi Aroko zuzenbidean, adibidez, izatezko bikoteen figura aurki daiteke hainbat arlotan; bai eta dibortzioa ere. Trentoko Kontzilioaren zuzenbidera jo zuten testua idatzi zutenek, ordea, kristautasuna oso muturreko bilakatzen den horretara, hain zuzen ere”.

“Nafarroako Foru Berria sortu zen frankismoak foru zuzenbideari eusten zioten probintzietan zuzenbide horien konpilazioak egin zituelako; Nafarroa izan zen urrats hori egiten azkena”, azaldu du Jimenok. 1960. urtean hasi ziren Nafarroako zuzenbide zibilaren bilduma osatzen. Egileen artean ziren J. Javier Nagore Iarnoz eta Juan Garcia-Granero notarioak eta Jesus Aizpun Tuera abokatua; gerora bat egin zuten proiektuarekin Jose Arregi Gil magistratuak eta Alvaro D’Ors katedradunak, bertzeak bertze. “Diputazioak zuzenean negoziatu zituen testuari buruzkoak agintari frankistekin; hau da, hemengo botere frankistak Francorekin negoziatu zuen”. Foru Berria, azkenean, 1973ko martxoaren 1ean onartu zuten. Diktadoreak, estatuko buru gisa, zuzenean legeak egiteko zuen boterea erabili zuen Nafarroako Foru Berriaren testua jasotzen zuen araua sinatzeko.

Garai horretako testuingurua gogoratzeko beharra nabarmendu du NUPeko irakasleak, are argiago uzten duelako Nafarroako Foru Berria “testu zaharra” zela, jada, onartu zutenean. Izan ere, 1970eko hamarkadaren erdialdean frankismoak arazo anitz zituen karriketan. “Grebei egin behar izan zien aurre, bai eta mugimendu feministari ere”, nabarmendu du Jimenok.

Arlo juridikoan, hain zuzen ere, feministek bi aldarrikapen argi jarri zituzten mahai gainean, garai hartan, irakasleak gogora ekarri duenez. “Batetik, zigor zuzenbidea aldatzeko beharra, testu horretan jasotzen zelako adulterioa; adulterioa, testu horren arabera, emakumeari bakarrik egozten zitzaion. Bestetik, ezkondutako emakumeen ahalmen juridikoaren auzia zegoen”. Izan ere, emakumeek, edozein kontratu sinatzeko, adibidez, senarraren baimena behar zuten. “Ez zuten deus egiteko ahalmen juridikorik”. Bi kontu horiek Franco hil eta gero aldatu ziren, 1975ean Espainiako kode zibila moldatu baitzuten. “Aldaketa hori Foru Berria onartu eta bi urtera gertatu zen; horrek argi uzten du testua zahar jaio zela”, berretsi du Jimenok.

Dibortzioa

Espainiako kode zibilean egindako aldaketek eragin zioten Foru Berriari; 1978. urteko Espainiako Konstituzioak ere bai; bai eta 1981. urtean onartutako dibortzioaren legeak ere. Nafarroako zuzenbide zibila jasotzen duen testua, halere, hasierako esentziari eusten saiatu da beti, Jimenok agerian utzi duenez. Ezkonsariari buruzko puntua da horren adibide, NUPeko irakasleak zehaztu bezala, 1987. urtean egindako aldaketa ez baitzen izan hura desagerrarazteko gai. “1987ko aldaketa hori, azkenean, gutxieneko aldaketa bat besterik ez zen izan. Harrigarria da, sozialistek osatu baitzuten auzia jorratzeko batzordea, generoarekin lotutako kontuei, bereziki, irtenbidea emateko”. Batzorde hartan, ordea, emakumerik ez zen. Eta aldaketak bide motza egin zuen. Gerora, UPNren gobernuek ez zuten Foru Berria moldatzeko “inolako interesik” agertu. “Bertze hainbat erkidegotan bitan ere berritu eta moldatu dute beren zuzenbide zibila, XXI. mendera egokitzeko, baina hemen ez”.

Ez, behintzat, orain arte. Egungo gobernuak eutsi dio lan hori egiteko erronkari, azkenean. Izurdiagak azaldu du, Foru Berria aldatzeko beharra agerikoa izan arren, zenbait auziren inguruko eztabaidak erakutsi duela, oraindik ere, testua moldatzeko erresistentziak badirela. Batetik, egungo egoera ulertzeko, gogora ekarri du dibortzioaren legea onartu zenean “foruaren kontrakotzat” jo zutela orduko Nafarroako foruzaleek. Orain ere, erresistentzia horiek agerian gelditu dira, Foru Berriak jasotzen duen fideltasuneko gozamenari buruzko eztabaidan, adibidez. Fideltasuneko gozamenak ekartzen du emakume alargunak, gozamen eskubide hori ez galtzeko, fidel izaten jarraitu behar duela. “Testu berrian alarguntasuneko gozamena jaso nahi dugu, bertzeak bertze, izatezko bikoteen kasuan ere erabili ahal izateko. Eskuinen dagoen sektoreak, ordea, ez du horrekin bat egin, haien ustez izatezko bikoteak fidel izateko gai ere ez direlako. Halako eztabaidak ari dira gertatzen”, azaldu du Izurdiagak.

EH Bilduko parlamentariak argi du zuzenbide zibilak izatezko bikoteak, sexu berekoak eta egungo familien bertzelako ereduak islatzen dituzten errealitateak jaso beharko lituzkeela. Egungo testuak ez ditu aipatu ere egiten halakoak. “Eta bada pentsatzen duenik ere gisa horretako erakundeak testu berrian jasotzeko beharrik ez dela”.

Errealitate horiek jaso gabe, nekez erabili ahal izanen da testua. Horixe argi du Izurdiagak, eta erabili ezin delako da Foru Berria hain ezezagun, haren ustez.

Artikulu bakar batzuk erabiltzen eta ezagutzen dituzte herritarrek, parlamentariak erantsi duenez: testamentuekin lotutakoak, hain zuzen ere. Ermandadeko testamentua aipatu du Izurdiagak, batetik, eta testamentua egiteko askatasuna, bertzetik. Izan ere, Nafarroan, gurasoek badute eskubidea seme-alabak testamentutik kanpo uzteko. “Nahi duzunaren alde egin dezakezu testamentua”, erantsi du abokatuak.

Askatasun horrek familia tradizionalaren etxearekin du lotura. Horixe nabarmendu du Izurdiagak, asmo nagusia baitzen familia tradizional horren ardatz bilakatutako etxe hori ez zatitzea. Hasieran errandakoa berretsi du parlamentariak: familia tradizionalarekin batera bertze hamaika familia eredu badirela egun; eta etxea, jada, ez dela ardatz. Foru Berria moldatzeko beharra agerian uzten du errealitateak berak. Testua zimenduetatik berreraikitzeko beharra.