Martxan, planto egiteko

Martxan, planto egiteko

Edurne Elizondo

Ederra izaten ari da prozesua. Elkar ezagutzen ari gara”, erran du Lur Albizu Etxetxipiak. “Martxoaren 8ak giltzarri izan behar du”, erantsi du Marta Molinero Torreak. “Balio dezala denok ikas dezagun”, azaldu du Irati Majuelo Itoitzek. Eta bat egin du Uxue Alvarez Azkonak: “Bat egin dezagun, feminismoaren barneko eztabaidei modu irekiago batean aurre egin ahal izateko”.

Lehendabiziko aldiz, nazio mailako grebara deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8rako. Ez da ohiko greba bat izanen, halere, emakumeen jarduna gelditu nahi baitu, enpresa mundutik hasi eta etxeko lanetaraino. Abenduaren 1ean egin zuten feministek lehendabiziko batzarra, Gasteizen, eta, geroztik, herriz herri eta auzoz auzo ari dira antolatzen, hilabete barrurako protestak zehazteko. Hamaika proposamen ari dira jartzen mahai gainean; martxan dira, Martxoaren 8an planto egin ahal izateko.

Iruñean ari dira lanean Albizu Etxetxipia, Majuelo Itoitz, Alvarez Azkona eta Molinero Torrea. Gogoz dira, batzarretan adin guztietako 70 emakumek bat egiteak ematen duen indarrak bultzatuta. “Aurtengoa Martxoaren 8 ezberdin bat izanen da, eta nahi izan dugu aurretik parte hartu ez duten emakumeak eta taldeak aktibatu, denok bat egin dezagun”, nabarmendu du Albizu Etxetxipiak.

Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak salatu nahi ditu Martxoaren 8ko grebak. “Emakume guztioi eragiten digu sistemak”, erran du Majuelo Itoitzek. “Aski dela esateko ordua dugu; mundu mailako lanuztea da Martxoaren 8koa, eta kalera ateratzeko ilusioz beteriko aitzakia ematen digu”.

Martxoaren 8ko protestetan parte hartzeko moduak, finean, anitz izanen dira. Batetik, ikasleek eta enpresetan enplegatuta daudenek launa orduko bi lanuzte egiteko aukera izanen dute, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Bertzetik, kontsumoaren eta zaintzaren esparruei ere eragin nahi die grebak. “Gu geu ere jabetuko gara egiten dugun guztiaz, gelditzen garenean”, erran du Molinero Torreak.

Gizonek Martxoaren 8ko greban bete dezaketen rolari buruz ere egin dute gogoeta feministek. “Argi izan behar dute ez dagokiela protagonista izatea egun horretan. Manifestaziora joaten badira, jar daitezela atzean; eta benetan parte hartu nahi badute, egin ditzatela gutxieneko zerbitzuak edo zaintza lanak. Hausnartu dezatela, batez ere, guk gelditzeko ditugun arrazoiei buruz”, nabarmendu du Majuelo Itoitzek. “Eta hausnartu dezatela, gainera, gu gelditzen garenean gertatzen denari buruz”, erantsi du Molinero Torreak.

Iruñean, 12:00etako eta 20:00etako protestak izanen dira eguneko nagusiak. Ez dira Martxoaren 8ko mobilizazio bakarrak izanen, halere, herriz herri hamaika protesta prestatzen ari baitira bertze hainbertze emakume talde.

LIZARRA

Lizarran, Patri Ahorkado talde feministak egin zuen Martxoaren 8rako greba prestatzeko lehendabiziko batzar irekirako deialdia, duela hilabete bat. “Lizarrako Emakumeen Batzordearekin elkarlanean aritu gara, herriko bertze hainbat esparrutako jendea erakartzeko asmoz. Egia erran, arlo guztietan baditugu lagunak, eta jendea ari da mugitzen”, azaldu du Patri Ahorkado taldeko Carla Ruiz Armendarizek.

Mahai gainean jarritako proposamenak erabat zehaztu gabe dituzte, oraindik ere, baina Lizarrako feministek argi dute karrikan egon nahi dutela Martxoaren 8an. “Azoka eguna dela aprobetxatuko dugu, informazioa zabaltzeko. Horma-irudi bat egin nahi dugu, gainera, eta kalera eraman antzerki lan sozialen bat”, azaldu du Ruiz Armendarizek.

Herrian aritzeak duen garrantzia nabarmendu du, baina erantsi du herrietan egiten ari diren lan hori Iruñera ere eraman nahi dutela; ikusgarri bilakatu nahi dutela herrietako errealitatea hiriburuko mobilizazioetan. “Gure asmoa da Iruñean 20:00etan eginen den manifestazioan parte hartzea, baina argi eta garbi erakutsiz landa eremuko errealitate horren ordezkari garela. Hitz egin nahi dugu bertze hainbat eskualdetako taldeekin, elkarrekin parte hartzeko manifestazioan”, erran du.

ALTSASU

Hilaren 2an egin zuten Altsasun Martxoaren 8ko greba prestatzeko lehendabiziko batzar irekia. Sakana osoko 30 emakume inguruk parte hartu zuten. “Ostegunero eginen dugu batzarra, martxoaren 8ra bitarte. Nabarmendu beharra dago Etxarri Aranatzen eta Arbizun ere batzar propioak sortu dituztela. Oso garrantzitsua da herriz herri lantzea gaia, eta herriz herri erabakitzea greba nola gauzatu”, azaldu du Eider Leozek.

Kontent da deialdiak eskualdean izan duen erantzunarekin, eta nabarmendu du balio izan duela jada emakume anitzek bat egiteko. “Elkar ezagutzeko aukera eman digu”. Mahai gainean jarri dituzte jada hainbat proposamen; asmoa dute, adibidez, gauerdian hasteko Martxoaren 8ko mobilizazioak; karrikara atera nahi dituzte, gainera, zaintzarekin lotutako elementuak, anitzetan ezkutuan gelditzen den lan hori ikusgarri bilakatzeko. Goizez eta arratsaldez egin nahi dituzte protestak Altsasun, eta egun osoan Gure Etxea espazioko ateak zabalik izanen direla erran du Leozek.

Argi du Martxoaren 8az harago ere emanen duela fruiturik orain egiten ari diren lanak; urrats garrantzitsua izan daitekeela Sakanan emakumeen nolabaiteko sarea antolatzeko, hain zuzen ere. Grebari buruzko informazioa zabaltzeko, adibidez, ehun kide inguru dituen Whatsapp taldea sortu dute. Elkarlan hori ez dela martxoaren 8an amaituko argi du Leozek. “Jendea gogoz dago, eta ziur gara esperientzia oso polita izanen dela”.

TAFALLA

Tafallan ere martxan dira, Martxoaren 8rako planto egiteko prest. Altsasun bezala, eguna ailegatu arte, ostegunero eginen dute bilera. Horixe azaldu du Mabel Pascualek. Kontent da herrian sumatu duen mugimenduarekin, eta, batez ere, greba prestatzeko batzarretan belaunaldi ezberdinetako feministek bat egin dutelako. “Jende gazte asko etorri zen egin genuen lehendabiziko batzarrera, eta hori oso ona da; jende gazteak freskura eta indarra ekarri digu”, nabarmendu du.

Izan ere, talde feminista berri bat sortu da Tafallan. “Oso gazteak dira; behar dira belaunaldi berrien ekarpenak mugimenduan, polita da elkar elikatzea eta elkarri irakastea”, berretsi du Pascualek.

Bertzalde, herriko udaleko agintarien jarrera eskertu du Pascualek; batetik, berdintasun batzordean egiten ari diren lana nabarmendu du; bertzetik, ontzat jo du udalak atzera egin izana Martxoaren 8rako ekinaldi instituzional bat egiteko asmoan. “Udaletxeko kideei erran diegu egun horretan herri mugimenduak izan behar duela protagonista, eta bat egin dute”, azaldu du Mabel Pascualek.

TUTERA

Tafallan bezala, Tuteran ere talde feminista berri bat sortu dute: Erribera Intsumisoa. Taldeko kide da Edurne Leon Sanchez. “Bizpahiru lagunek bat egin genuen, pentsatuz Erriberan hutsune bat genuela, falta zela feminista gazteen arteko zerbait. Bilera bat egiteko deialdia egin genuen, eta 30 pertsona etorri ziren. Jendea gogoz dago; 13 eta 30 urte bitartekoak gara denak, gehienak 20 urte ingurukoak. Lanean hasteko irrikan gara, zer izan nahi dugun pentsatzen”.

Taldeko kideen lehen zeregina izan da Martxoaren 8rako greba prestatzea. Haiek egin dute Erriberan plantoa lantzeko proposamena, eta eskualdeko emakumeek erantzun dute. “Lehendabiziko bileran 25 emakume inguruk bat egin genuen”.

Hasi dira hilabete barruko mobilizazioak prestatzen. Argi dute karrikan egon behar dutela. Mahai gainean jarri dituzten proposamenetako bat da, hain zuzen ere, Tuterako plazan egitea batzarrak Martxoaren 8ko grebak jorratu nahi dituen auziei buruz. Tuteran argi dute, halaber, gauerdian hasi nahi dutela eguneko ekinaldiekin, 24 orduz zabaldu nahi dutela mezu feminista.

Aurrera begira ere, Martxoaren 8rako lanak sareak osatzeko eta harremanak estutzeko aukera emanen diela argi du Leon Sanchezek. “Eskualde osoko jendearekin bat egin nahi dugu. Garrantzitsua da, lanean jarraitzeko, elkar ezagutzea. Elkarrengandik ikastea da kontua, bakarrik ez gaudela sentitzea. Batera goaz, eta hori oso polita da”, erantsi du Leon Sanchezek.

BERA

Beran, hilaren 15ean eginen dute Martxoaren 8rako greba prestatzeko lehendabiziko batzarra. Herriko Goldatz emakume taldeak egin du deialdia. “Bortzirietako emakumeentzako deialdia da”, azaldu du taldeko kide Ines Matxiarenak. Goldatzek deitu du batzarrera, baina Matxiarenak argi utzi du Martxoaren 8rako mobilizazioak Bortzirietako emakumeen artean prestatzea dela asmoa.

Duela bi urte eta erdi sortu zuten Goldatz, Beran. “Hasi ginen hainbat emakume hitz egiten eta gogoeta egiten ahizpatasunari eta elkarri laguntzeko beharrari buruz”. Lehen bilera haietan hasi ziren taldea osatzeko ideia mamitzen, eta, azkenean, urratsa egin zuten. Adin ezberdinetako emakumeek bat egin dute taldean, elkarrekin lan egiteko. “Orain, adibidez, hilerokoari buruzko tailer bat egiten ari gara”, erran du Matxiarenak. Martxoaren 8rako, eskualdeko bertze emakume eta taldeekin prestatu nahi dituzte egin beharreko mobilizazioak. Egun hori aldarrikapenerako eguna izanen dela argi dute Goldatz taldeko kideek. Halere, ez dute ospatzeko aukera galdu nahi. “Aurreko astebururako prestatu ditugu hainbat ekinaldi”, kontatu du Matxiarenak.

Martxoaren 2an, adibidez, emakume kirolarien inguruko mahai ingurua egin nahi dute Beran; eta martxoren 3an, berriz, herri jokoak, goizez, eta, gero, bazkaria.

Martxoaren 8ko plantoaren aukera baliatu nahi dute eskualdeko bertze emakumeekin eta taldeekin duten harremana sendotzeko. “Lesakan, adibidez, bada mugimendua, bada jendea lan egiteko prest, eta uste dugu orain eginen ditugun batzarrak baliatu ahal izanen ditugula mugimendu horri, eta gogo horri, forma emateko”. Goldatz taldeko kideek argi dute garrantzitsua dela herriz herri lan egitea. Hilaren 15eko batzarrean parte hartzera deitu dituzte emakumeak.

Irudia: Euskal Herriko Mugimendu Feminista