Eider Goenaga Lizaso
Esteribarren egin zuten, besteak beste, joan den urtarrilean, eta, datorren astelehenean, berriz, hilaren 19an, Lakuntzan eginen dute: Euskaraldia aurkeztuko dute Sakanako herritarren aurrean, lanean hasteko asmoz. Euskaraldiak erronka bat jarri du mahai gainean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, Euskal Herri osoan, ahal den herri gehienetan eta ahal den guztietan euskaraz egiteko.
Baina zer gertatzen da euskara nagusi den herrietan? Kezka horrekin, eta euskararen erabileran datu onak dituzten herrietarako, hain zuzen ere, Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago proposamen osagarria landu du Uemak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.
“Guk beti aldarrikatu dugu udalerri euskaldunek egoera soziolinguistiko berezia dutela, eta horrek politika propioak eskatzen dituela. Oraingo honetan ere, guk ikusten genuen Euskaraldia ezin zela herri guztietan modu berean landu”, azaldu du Miren Segurola Uemako koordinatzaileak.
Uemako kide diren herri guztietara bidalia dute proposamen osagarria. Nafarroan hamahiru udalerri dira Uemako kide: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun eta Leitza. Segurolak argitu du herri bakoitzak erabaki behar duela proposamenari eutsi edo ez, eta Ueman ez dauden herrietan ere erabaki dezaketela proposamen horri kasu egitea.
“Hau proposamen bat da, proposamen irekia eta malgua. Herrietako batzordeek ikusi beharko dute nolako indarra duten, noraino irits daitezkeen, honi eusteko modua duten ala ez, guk planteatutako 11 arloak landu edo hautaketa bat egin nahi duten…”, azaldu du.
Argi ikusten duten moduan gune euskaldunetan eta gune ez-euskaldunetan lanketa ezberdin egin behar dela, Segurolak dio ez dela gauza bera herri txikia edo handia izan. “Zenbait herritan —batez ere, herri txikietan eta %80-90etik gorako erabilera dutenetan— beste pauso bat eman behar zela ikusten genuen, ez zela nahikoa 11 egunez euskaraz bizitzearekin konformatzea”, aipatu du Uemako koordinatzaileak.
Hala, Euskaraldiak testuingurua jarri duela eta Euskal Herri osorako proposamena dela kontuan izanda, Uemak beste lanketa bat planteatu du herri euskaldunetan. Horretarako, 11 arlo identifikatu dituzte: etxea; lantokia; hedabideak; Internet, sareak eta telefonoa; zerbitzuak eta merkataritza; zerbitzu publikoak; kalea; kultura; aisialdia; fakturak, kontratuak; eta Ezina ekinez egina deitutakoa. “Euskaraldiaren egun bakoitzeko arlo bat identifikatu dugu. Eta arlo bakoitzak aukera ematen du hamaika hausnarketa egiteko, hamaika hutsune eta hamaika aukera bilatzeko, eta hamaika proposamen egiteko”. Herri bakoitzak erabakiko du arlo bakoitza nola landu; Uemak helburu batzuk eta egiteko batzuk zehaztu ditu, gogoetarako gai batzuk, eta baita jardunerako ideiak ere. “Herriaren ezaugarrien arabera, batzordeetan elkartzen den jende kopuruaren arabera, indarraren arabera, bakoitzak ikusiko du nola landu. Egunean gai bat landu daiteke, azaletik, edo arlo bakarra lantzea erabaki. Azken finean, arlo bakoitzak urte osoko lanketa bat egiteko ere balio dezake”.
Aurrera begira
Uemako kide diren herrietako euskara teknikariekin batera landu dute Hamaika aldiz gehiago proposamena. Denak ados zeuden 11 egun euskaraz egitetik harago joan behar zela, eta bilera batean haien ekarpenak jasota identifikatu zituzten 11 arloak. Hortik ateratako proposamen osagarria Euskaraldiarekin eta Topagunearekin kontrastatu eta oniritzia jaso ostean, joan den astean aurkeztu zuten.
Aurrerantzean, euskara teknikariek Hamaika aldiz gehiago abian jartzeko proposamena ekarriko dute Euskaraldia aurkezteko herriz herri egiten ari diren bileretara, eta herriko euskaltzaleek, eragileek eta udalak erabaki beharko dute erronka horri helduko dioten edo ez.
Udalak eta eragileek osatutako batzordeetan aurrera jotzea erabakitzen badute, Uemak lagunduko die bide hori egiten. “Guretzat, noski, garrantzitsua da erabilera ohituretan eragina izatea, baina hori bezain garrantzitsua da zubiak eraikitzea, batzordeak eratzea eta herria aktibatzea”, nabarmendu du Miren Segurolak.
Zubi lan horrek 11 egunerako egindakoa gaindituko duelakoan dago Uema.