Kattalin Barber
Nafarroako zerga arau berriak eta erkidegoan dauden paisaia naturalak giltzarri izan dira, Itziar Garcia Zubiriren ustez, ikus-entzunezkoen sektorea hazteko. Lan ona egiten ari direla dio, baina tokiko profesionalak eta ekoiztetxeak zaintzeko eskatu du. (Atarrabia, 1981) Napar Nafarroako Ikus-entzunezkoen Ekoizleen eta Profesionalen Elkarteko lehendakaria da Zubiri.
Nola sortu zen Napar, eta zeintzuk dira haren helburuak?
Napar Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalen interesen ordezkaria da. Nafarroako sektorearen hazkundea bultzatzea du xede, ekoizpenaren kalitatea eta bolumena hobetuz, betiere enpresa eta profesional nafarren interesak zainduz. 2010ean sortu genuen, eta orduan zazpi ekoiztetxe ginen. Ordura arte ez zegoen inolako ordezkaririk, ezta elkarterik ere, eta garrantzitsua izan zen, mahai baten bueltan eseri ginelako eta gure ikuspuntuak, aukerak eta arriskuak mahai gainean jarri genituelako. Hizketakide bakarra osatu nahi genuen erakundeekin harremana izateko. Gero eta gehiago baldin bagara, kasu handiagoa eginen digute.
Gaur egun, 24 bazkide zarete. Momentu onean dago elkartea?
2016a giltzarri izan zen. Konturatu ginen oso garrantzitsua zela ekoiztetxeak ez ezik profesionalak ere gurean izatea, eta atea ireki genuen. Ia-ia berriz sortzea izan da guretzat. Zazpi enpresa ginen hasieran, eta 22 gero. Egun, 24 kidek osatzen dugu Napar: 17 ekoiztetxe eta zazpi profesional. Lan handia izan dugu, baina sektorea indartzeko balio izan du. Enpresa eta profesional gehiagok gurekin bat egitea nahi dugu, sektorearen beharren mapa osatzeko. Oraintxe oso interesgarria da espazioak izatea entzuteko eta esperientziak trukatzeko.
Nafarroako Gobernuak berriki jakinarazi du 70 ikus-entzunezko proiektu egin zituztela iaz herrialdean. Zer deritzo elkarteak kopuru horri?
Oso berri ona da. Duela bi urte 61 izan ziren. Hazkundea fikziozko film luzeetan gertatu da nagusiki: Zazpi proiektu izan ziren 2016an, eta 12 izan ziren iaz; telesailetan ere izan da igoera, 2017an lau lan berri abiatu baitituzte. Gainera, ekoizpenari lotutako gastu zuzena 27,5 milioi eurorena izan da. Aukera edo arrisku bide baten aurrean gaude, eta horregatik uste dugu sektorea indartu behar dugula bide egokia hartzeko.
Zer dela-eta igo dira ekoizpenak?
Nafarroa bilakatzen ari delako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako Europa osoko leku interesgarrienetariko bat. Aspalditik ezaguna da Nafarroa plato natural baten gisako paisaiak dituelako; aniztasuna da nagusi. Gainera, zerga arau berria dela eta, ekoizpen handiak gehiago etortzen hasi dira. Paisaia desberdin horiek eta pizgarri fiskalek erakarri dituzte atzerriko ekoiztetxeak. Gainera, esan beharra dago lan ona egiten ari dela.
Onuragarria da hemengo ekoiztetxeentzat kanpokoak etortzea?
Orain dela bost urte ez zeuden hainbeste filmatze Nafarroan, eta azken bi urteetako igoera handia izan da. Guretzat oso ona da, inoiz gure beharra izan ahal dutelako, bai lokalizazioetarako, bai laguntzaile lanetan aritzeko. Gure lan propioak izateaz gain, aktibo mantentzen gaituzte. Baina badu arriskua, eta ez dugu nahi Kanaria uharteetan gertatu dena hemen gertatzea. Hau da, hona etortzen diren kanpoko enpresek ikus-entzunezko lan guztia xurgatzea eta hemengoak kanpoan geratzea. Egia da Nafarroako Gobernuarentzat beti lehentasuna izan dela tokian tokiko sektorea zaintzea, baina kontuz ibili behar dugu, eta arreta eskatzen diegu erakundeei. Azken finean, oreka behar dugu. Une onean dago sektorea, baina hemengoa zaindu behar dugu.
Nola indartu daiteke hemengo sektorea?
Batetik, kanpotik etortzen diren ekoiztetxeentzat baliagarriak izan gaitezke. Horretarako, ikusgarri izan behar dugu, eta gure lana eskaini behar diegu, jakiteko zer-nolako gaitasunak ditugun. Adibidez, gida bat egiten ari gara CLAVNA Nafarroako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin sektorea mapeatu eta Nafarroako Ikus-entzunezko Gida lantzen hasteko. Bestetik, hemengo ekoiztetxeen lanak bultzatzeko, erakundeekin lan egin behar dugu diru laguntza gehiago lortzeko eta nazioarteko merkatuetan kokatzeko. Horren lekuko izan zen, adibidez, 948 merkatua. Nafarroako produktu kulturala elikatu eta hemengo sormen industria indartu behar dugu.
Ikusten dira Nafarroako produktuak atzerrian?
Bai, askotan hemen baino gehiago ikusten dira. Arena ekoiztetxean lan egiten dut, eta gure lanak atzerrian gehiago ikusten dira hemen baino. Egia esan, gure begirada atzerrian jartzen dugu, eta horrek badu zerbait ona. Ongi dago Nafarroari buruzko ikus-entzunezkoak baloratzea eta saritzea, baina ongi dago bidaiatzen duten talentuak aitortzea ere. Izan ere, hamaika herrialdetara eramaten dugu egiten ari garena, eta Nafarroa ezagutarazten dugu. Garrantzitsua da balio kulturala ematea. Izan ere, ikus-entzunezkoak, ekonomiaren ikuspuntutik, indar nagusi bat bihur daitezke, baina, horrez gain, gure identitate eta balio kulturaleko indar nagusiak izaten ahal dira ere. Horregatik, Napar elkarteak industria lagundu nahi du, bai eta zaindu ere, hazkunde hori bidezkoa eta iraunkorra izan dadin.