Edurne Elizondo
Jende gazte berriak eta aspaldiko kideek egin dute bat Kattalingorri elkartearen batzorde berrian. LGTB kolektiboa artatzea dute helburu: Iruñean, udalaren Harrotu zerbitzua kudeatzen dute (San Gregorio, 28); Nafarroako gainerako herrietarako, berriz, Kattalingune dute martxan (Abejeras, 41), gobernuaren eskutik. Egungo prozesuaz eta gerora begirako erronkez mintzatu dira Kattalingorriko kide Erika Salvatierra (Iruñea, 1989) eta Xabi Sanchez (Iruñea, 1971).
Ziklo berria hasi du Kattalingorrik?
XABI SANCHEZ: 2015. urtetik egon gara prozesu batean murgilduta. Urte hartan Aldapa karrikan genuen egoitza itxi genuen. Erakundeetan aldaketa gertatu eta gero, haiekin beste harreman bat garatzeko aukera izan genuen, eta elkarlan horrek eman ditu bere emaitzak. Batetik, Nafarroako Gobernuaren eskutik, Kattalingune jarri dugu martxan, LGTB kolektiboa artatzeko; bertzetik, Iruñeko Udalaren eskutik, Harrotu bulegoa kudeatzen dugu. Lan bera egiten dugu, baina hiriburuan. Kattalinguneren lan esparrua Nafarroako gainerako herriak dira, eta Tuteran ere badu bulegoa.
Barrura begira ere, batzordea berritu du Kattalingorrik.
X. S.: Hala da. Azken bi urteotan lan handia egin dugu, zama handia izan dugu gainean. Batzordea berritu eta talde anizkunagoa osatu dugu, aurrera begira ditugun erronkei aurre egin ahal izateko.
Erakundeen babesa izateak nola eragin dio zuen lanari?
ERIKA SALVATIERRA: Lantaldea profesionalizatu egin da. Betiko aldarrikapenei eutsi diegu, baina bestelako esparru bat sortu da lan egin ahal izateko. Erakundeetan aldaketa gertatu eta gero, LGTB politikak bultzatu dituzte erakunde horiek. Nafarroako Gobernuak diru laguntza ematen dio Kattalingorriri, kolektiboa artatzeko lan hori profesionalizatu duen bakarra delako. Sexologia oinarri hartuta, erakutsi dugu kolektiboan dauden pertsonak profesionaltasunez artatzen ahal ditugula. Iruñeko Udalak bere zerbitzuaren kudeaketarako plegua plazaratu zuen, eta aukera ikusi genuen aurkezteko. Eta egokitu zitzaigun. Lanean ari gara.
Kattalingunek eta Horrotuk nork bere egoitza du, ezta?
X.S.: Bai. Kattalingune sortu zenean, Harrotu ez zen existitzen, eta gure lan esparrua Nafarroa osoa zen. Udalak erabaki zuen bere zerbitzu propioa martxan jartzea, eta horrek ekarri du Harrotu bulegoa zabaltzea. Ondorioz, Kattalingune ariko da gehiago landa eremuan, eta Harrotuk Iruñean eginen du lan.
Kattalingorri, nolabait, zerbitzuon eta erakundeen arteko zubi bilakatu da?
E.S.: Bai, ezin dugulako ahaztu erakundeei eskatu egin behar zaiela. Legea iaz onartu zuten, eta ongi dago, baina orain legea garatu behar dute. Beraz, erakundeei beren lana egin behar dutela gogorarazi behar diegu etengabe, legeak garatu eta baliabidez hornitu behar direlako. Legeak bermatzen direla zaindu behar dugu, bai osasungintzan, bai eta hezkuntzaren esparruan ere.
X.S.: Oraindik ere beharrezkoa da aldarrikatzea eta borrokatzea, eta lan hori egitea herri mugimenduetatik. Kattalingorrik esparru hori betetzen du, eta, aldi berean, talde profesionala du. Formula berezi hori sortu dugu. Denok elkarrekin ari gara zerbait sortzen. Eta horri gehitu behar diogu orain Kattalingorrin batzordea berritu dugula, eta horrek biziberritu duela elkartea.
E.S.: Batzorde anizkuna da, inoiz baino anizkunagoa, besteak beste, jende gazte berria sartu delako lantaldean.
LGTBI legea onartu zuen iaz Nafarroako Parlamentuak; orain, Transbide izeneko zerbitzua jarri du martxan gobernuak. Kontent halako urratsek ekartzen ahal dutenarekin?
E.S.: Oso positiboa da. Azken urtea oso intentsoa izan da, eta lan handia egin dugu. Ez bakarrik Kattalingorrik; Transkolore eta Ortzadar ere aritu dira. Bazter ginen lehen, eta, bat-batean, sekulako bultzada jaso dugu. Sumatzen dugu aldaketak ekarri duela urratsak egiteko benetako nahi bat. Transbide oso positiboa da, batez ere, paradigma aldatzen duelako, eta pertsona jartzen duelako erdigunean. Pertsona horrek, gainera, jada ez du diagnostikorik behar. Kataluniako zerbitzua hartu du Nafarroak oinarri berea garatzeko eta oso ongi funtzionatzen du. Hori da bidea, baina lanean jarraitu behar dugu.
Zein esparrutan sakondu beharko litzateke, zuen ustez?
E.S.: Hezkuntzaren esparruan, adibidez, behar dugu sexuen hezkuntza bat, baina benetakoa, oinarrizkoa, eta txikitatik, guztiontzat. Sexu heziketaren auzia jasotzen duen dekretua onartu zuen gobernuak, baina garatzeke dago oraindik.
Hezkuntzaren arloan, jendaurrean salatu berri ditu Nafarroako Unibertsitateko ikasle talde batek erakunde horrek azterketa batean egindako galderak; bertzeak bertze, homosexualitatea zuzentzen ote den. Zer deritzozue?
X.S.: Halako jarrerekin, aurrean izanen gaituzte beti. Administrazioari eskatu behar diogu horrelako jarrerak ez ditzala babestu, eta bultza eta babes dezala, berriz, halako gorroto dinamikei aurre egiten dien lana.
Igandean Ekai Lersundiren omenezko lore eskaintza antolatu zenuten. Bere buruaz bertze egin zuen 16 urteko nerabe transexualak. Halakoen aurrean, zer?
E.S.: Gogorra izan da. Honat etortzen den jendeak eskertzen du asko eskaintzen diogun arreta. Batez ere, trans egoeran direnek. Egunotan, pertsona bat etorri da, eta sentitzen duen sexuaren arabera hitz egin diot, eta oso pozik joan da, itzuliko dela esanez. Hori da kontua. Horregatik merezi du gure lanak.
Nerabezaroa denentzat da zaila, baina are gehiago trans egoeran direnentzat. Gizarte binario batean bizi gara, eta rolak oso zehaztuak ditugu. Niri zalantza bat sortzen zait: benetan hormonak hartu nahi badituzte, zergatik ez diegu horretarako aukera ematen? Bakoitzak erabaki dezala.
X.S.: Azken urteotan lortu da transexualitatea gero eta ikusgarriago bilakatzea, eta horrek ekarri du jende gehiago artatzeko beharra. Chrysallis elkarteak egindako lanak ere ekarri du aukerak mahai gainean jartzea. Erakundeek dauden beharrei erantzun behar diete, eta berandu baino lehen erantzun behar dute. Trans kolektiboak esaten duenari egin behar diogu so, eta esaten duen hori bideratzeko baliabideak jarri behar ditu administrazioak.