Bidean bat egiteko

Bidean bat egiteko

Edurne Elizondo

Egiturazko aldaketa proposatzen du feminismoak, eta euskalgintzak ere horixe behar du euskararentzat”. Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Miren Aranguren Etxarterenak dira hitzak. Gehiago erran zuen, duela astebete, AEK-k antolatutako ekinaldian: “Feminismoak ematen duen ikuspuntu kritikotik abiatuta, euskalgintza bidelagun interesgarria izan daiteke; bi mugimenduok zalantzan jarri izan dituztelako, eta, aldi berean, bi mugimenduok jartzen dituztelako zalantzan auzi asko”.

Mezu hori nabarmendu nahi izan zuen Aranguren Etxartek, AEK-k Aitziber Sarasola Jacaren omenez antolatutako jardunaldiaren laugarren aldian. 2014. urteko abenduaren 21ean zendu zen Sarasola Jaca. Minbiziaren aurkako bi urteko borroka galdu egin zuen. AEK-ko irakasle eta arduradun izan zen, denbora luzez; gero, 2011. urtean, hauteskundeetara aurkeztu zen Bildurekin, eta Nafarroako Parlamentuan eseri zen. Han ere, beti euskaraz aritu zen. Euskararen alde egin, edo bertze hamaika gairi buruz aritzeko hartu zuen hitza. Eta beti euskaraz.

Joan den asteko ekinaldian, euskalgintzako kideek egindako galderari erantzuteko erronka bere egin zuen Aranguren Etxartek: euskalgintzak feminismotik zer ikas dezakeen azaltzeko galdegin zioten, hain zuzen ere. Feminismoak eta euskalgintzak elkarri zer irakatsi badutela argi du Bilgune Feministako kideak, eta feminismoaren “arrakastak” jarri zituen jardunaldian mahai gainean, elkarri eragiteko eta bidean bat egiteko aukeren adibide. Sarasola Jacaren figura eta lana nabarmendu zituen Bilgune Feministako kideak, euskalgintzaren eta feminismoaren bat egite horren eredu.

Mugimendu feministak egindako ekarpenen artean pertsonala politikoa dela erraten duen leloa nabarmendu zuen Aranguren Etxartek. “Feminismo erradikalak zabaldutako mezua da hori, eta Kate Millet jo izan da egile; pertsonala politikoa dela esateak ekarri zuen ordura arteko borroka politikoa ulertzeko parametroak puskatzea”. Finean, lelo horrek erdigunean jartzen ditu ustez pribatuak zirenak. “Politikak dena bustitzen duelako, eta politikak arautzen duelako gorputza, arautzen duelako desioa, eta gure iruditeria antolatzen duelako. Ulertu behar dugu gure erraietako desioak ere ez direla hain gure erraietako”, erantsi zuen Bilgune Feministako kideak. Horrek hizkuntzaren esparruan ere baduela isla gaineratu zuen, eta badela garaia, hizkuntza politiken arloan, publikoaren eta pribatuaren arteko arrakalatik ateratzeko, eta bizipen pertsonalei izaera kolektiboa emateko.

Aniztasuna

Lotutako bertze hiru auzi jorratu zituen Aranguren Etxartek: batetik, zapalkuntzei buruz, batek baino gehiagok bat egin dezaketela nabarmendu zuen, eta, hori gertatzen denean, zapalkuntza batek bertzeei eragiten diela argi utzi zuen. Bertzetik, aniztasuna jarri zuen mahai gainean, mugimenduaren ikur gisa, eta, hirugarrenik, aniztasun hori kudeatzeko beharra.

Hiru elementu horiek ekarri dute, bertzeak bertze, mugimendu feministaren subjektua zabaltzea. Azken urteotan, trans mugimenduak ekarri du hausnarketarako beharra, batez ere. “Beharrezkoa izan da subjektuari buruzko eztabaida hori, eta galdetzea geure buruari norbait kanpoan uzten ari ote ginen”. Ondorioa da, Araguren Etxarteren hitzetan, mugimendu feministak erreparatu behar diela, ezinbertzean, orain arte kanpo gelditu diren elementu anitzi, jatorriari, ahalmenari, hizkuntzari, klaseari eta abarri, bertzeak bertze.

Feminismoaren subjektuarekin gertatzen denaren gisakoa gertatzen da euskalgintzaren mugimenduan, feministaren ustez: “Nor da euskaldun? Euskaraz dakiena? Ikasten ari dena? Zaletasuna duena? Euskal Herrikoa dena? Kanpokoa?”. Aranguren Etxartek erantsi zuen zapaldutako subjektuek ezin dutela ahaztu zapaltzaile ere izan daitezkeela. “Ni neu ikasketak dituen pertsona zuria naiz, Euskal Herrian bizi dena. Ditudan pribilegioez jabetu behar dut”.

Euskal Herriko Bilgune Feministak iaz Berriozarren egindako topaketan gertatu zena aipatu zuen Aranguren Etxartek pribilegio egoera horien adibide: “600 emakumek egin genuen bat. Emakumeen Mundu Martxako Mozambikeko ordezkari bat izan zen gurekin Berriozarren. Beltza zen, eta nabarmendu zuen ekitaldian denak zuriak ginela, eta gutxi aritu ginela sistema inperialistaz eta haren ondorioez. Irentsi behar izan genuen kritika”. Kritika horretatik autokritikarako beharra ere nabarmendu zuen.