Ziurgabetasunak harrapatuta

Ziurgabetasunak harrapatuta

Edurne Elizondo

Herri bat direlako sentimendu sakona. Askatasunaren aldeko aldarri ezin isildua. Gauzak aldatzeko gogoa. Eta, hala ere, frustrazioa. Ziurgabetasunak eragindako frustrazioa. Horixe da Tindufeko kanpalekuetan (Aljeria) bizi diren gazteen egoera, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Natxo Esparzak eta Carlos Vilchesek egindako ikerketak agerian utzi duenez. Ondorio nagusiak Saharako kanpamenduetako gazte errefuxiatuak. Linboaren ziurgabetasunean harrapatuak izenburuko liburuan jaso eta eman ditu orain NUPek. Paperean ez ezik, sarean ere irakur daiteke, unibertsitate publikoaren webgunean, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, laster, arabieraz ere bai.

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak eskatuta egin dute gazte sahararren inguruko lana, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Vilchesek lau aldiz egin du bidaia kanpalekuetara, datuak jasotzeko. “Inkestak egin dizkiegu, eta lantaldeak eta tailerrak ere bai, gaiak jorratzeko. Asmoa izan da diagnostiko bat osatzea, gazte sahararrekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek erabilgarri izan dezaten”, azaldu du soziologoak.

Ikerketaren bidez, funtsean, kanpalekuetan bizi diren gazteei “hitza eman” nahi izan diete NUPeko kideek. 2014ko abenduko datuen arabera, kanpaleku horietan 124.200 saharar bizi ziren. Egileek liburuan jaso dutenez, gazteak zenbat diren zehazteko errolda daturik ez dago. Kontuan hartuta hainbat ikerketaren arabera Afrikako populazio gaztea 15 eta 30 urte bitartekoa populazio osoaren %32 inguru dela, ikerlarien hipotesia da 40.200 gazte saharar daudela Tindufen.

Gazte horien lehentasunen artean daude lana eta hezkuntza. Esparru horietan dituzten zailtasunek eragiten dute, neurri handi batean, gazteok sentitzen duten frustrazioa. Vilchesek nabarmendu du ezin dela ahaztu haiek direla etorkizuna, eta zehaztu du ikerketa egiteko arrazoietako bat izan dela testuinguru horretan kanpalekuetan sortu diren zenbait arazori aurre egiteko beharra. “Neurri txikian, baina bada droga kontsumoa. Sortu dira, halaber, familia arteko gatazkak, bai eta lapurretak, kontrabandoa ere… Gazteen artean, gainera, ezberdintasun ekonomikoak sortzen hasi dira, hainbatek garatu dituzten negozio txikien bidez. Buruko osasun arazoak ere badira, eta artatzeko beharra dago”.

Ikasketak, bazter

Kanpalekuetan bizi diren gazteen artean badira han jaiotakoak, eta aberrira itzultzeko nahiarekin hazi badira ere, haien artean bereziki larria da etsipen sentimendua. Orain arte, anitzek izan dute ikasketak egiteko aukera. Ikasketa horiek garatzeko lanposturik ez dute kanpalekuetan, ordea. “Lan txikiak egiteko aukera baino ez dago, eta diru gutxiren truke. Haientzat ezkontzea eta familia bat osatzea oso inportantea da, baina oraingo testuinguruak asko zailtzen du aukera hori”, azaldu du Vilchesek. Horrek ekarri du gazteen ikasteko interesak behera egitea. “Aljerian, batxilergoa doan ikasteko aukera dute, baina gero eta gutxiagok ikasten dute, ikusten ari baitira gero ez dutela izanen ikasketa horiek garatzeko lanposturik. Nahiago dute hamalau urterekin edozein lan egiten hasi, etxekoak laguntzeko. Itxaropenik eza sumatzen da gazteengan”.

Generoari so egin diote ikerlariek. Batetik, etxean emakumeak erdigunean daudela utzi dute agerian, eta gerra garaian ere haiek izan direla kulturari eta familiari heltzeko ardatz. Gaineratu dute orain ere protagonista izan nahi dutela emakumeok, etxean eta etxetik kanpo ere bai. “Boteretu egin nahi dute”, azaldu du Vilchesek. Erantsi du nabarmena dela emakumeek kanpalekuetan duten pisua, baina egoera bertzelakoa dela ardura esparruetan.

Egungo kanpalekuetako testuinguruarekin lotura handia dute kanpotik jasotzen dituzten laguntzetan azken urteotan gertatu diren murrizketek. Vilchesek azaldu du, gainera, nazioarteko eragileek hartutako konpromisoak betetzen ez direla ikusteak ekarri duela egungo nekea. “40 urte luze egin dituzte han, eta gatazka ez da konpondu. Egunerokoa gero eta larriagoa da”. Hori ikusita, borroka armatura itzultzeko aukera mahai gainean jartzen hasi da gazteen sektore bat.

Aldi berean, Fronte Polisarioarekin jarrera kritikoa ari dira agertzen, eta esparru horretan gazteak agintea beren esku hartzeko gogoa eta indarra ari dira erakusten. “Belaunaldi aldaketa eskatzen ari dira; aktiboago izan nahi dute”. Hamaika arlo jorratu dituzte Vilchesek eta Esparzak beren ikerketan. Orain, EHUko bertze hainbat irakasle ari dira gazte plan bat prestatzen. “Behar dutena eskaintzea da kontua”.