Edurne Elizondo
Ez dute atzera urrats bakar bat ere egin nahi. “Osasun arreta guztion oinarrizko eskubide bat da, paperik izan edo ez”, erran du, irmo, SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanek. Haren hitzak berretsi ditu Munduko Medikuak erakundeko presidente Yolanda Rodriguez Villegasek, eta erantsi du “adi” izanen direla. Adi, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako osasun legea indargabetu eta gero, herrialdeko gobernuak emanen dion erantzunari.
Auzitegi Konstituzionalak herrialdean bizi diren pertsona guztien osasun arreta bermatzen duen Nafarroako legea indargabetu du, Espainiako araudiarekin bateragarria ez delako, epaileen ustez. Nafarroako Gobernuak erran du papergabeek arreta jasotzen segituko dutela: “Osasun Departamentuak sententzia onartzen du; halere, gobernuak jarraituko du bermatzen egoera irregularrean diren migratzaileen osasun arreta”.
Osasun Departamentua laguntza eredu berri bat ari da prestatzen horretarako. Laguntza eredu berri horrek pertsona guztien eskubideak bermatzen jarraituko duela espero dute Villahizanek eta Rodriguez Villegasek, eta ohartarazi dute hala izanen dela zainduko dutela. Oraingo egoerak kezka eragin diela onartu dute.
“Eskertzekoa da gobernuak egin duen urratsa, sententzia ezagutu bezain pronto zabaldu nahi izan duelako lasaitasun mezua”, erran du Rodriguez Villegasek. Hurrengo urratsen berri jasotzeko, eta papergabeen eskubideak babesteko eta defendatzeko asmoz, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezekin bilera eskatuko dutela erantsi du Villahizanek. “Garrantzitsua da gobernuak arreta bermatuko duela erran izana; orain ziurtatu behar dugu ez dutela baldintzarik ezarriko; indargabetu berri duten legeak ez zuen baldintzarik eskatzen, hemen bizitzea nahikoa zen osasun arreta jasotzeko”, erantsi du SOS Arrazakeriako kideak.
Nafarroako Parlamentuak 2013an onartu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak orain hutsean utzi duen legea. Arau horrek herrialdean bizi diren pertsona guztien osasun arreta bermatzen zuen. “Ez zen beharrezkoa erroldatuta egotea”, gogoratu du Rodriguez Villegasek. “Bertze hainbat erkidegotan erroldatuta egon behar dute paperik gabeek osasun arreta jaso ahal izateko; atzerapausoa litzateke Nafarroako Gobernuak orain bide horren alde egitea”. Bat egin du Villahizanek: “Ez dezatela baldintzarik ezarri. Oinarrizko giza eskubideez ari gara, eta ezin ditugu baldintzekin mugatu”, berretsi du.
Eskubiderik gabe
Nafarroako 2013ko legea sortu zen Espainiako Gobernuaren dekretu batek urtebete lehenago eragindako egoerari aurre egiteko: osasun sistemaren “iraunkortasuna bermatzea” aitzakiatzat hartuta, paperik gabeak osasun arretarik gabe utzi zituen Espainiako Gobernuak, 2012ko apirilean. Ondorioz, Gizarte Segurantzan izena emanda egon arren, osasun txartela kendu zien bertan bizitzeko baimena ez zutenei. Hiru salbuespen ezarri zituen: larrialdiak, haurdunak eta adingabeak. Milaka lagun utzi zituen Espainiako Gobernuaren erabakiak familiako medikuarengana edo espezialistarengana joateko eskubiderik gabe.
Espainiako Munduko Medikuek txostena egin zuten dekretua indarrean sartu eta handik bi urtera, eta agerian utzi zituzten osasun arretan antzemandako “arazo handiak”. Arazoak antzeman zituzten, bertzeak bertze, gaixotasun larri eta kronikoen tratamenduetan, osasun publikoko arazoen prebentzioan, bai eta emakumeen aurkako indarkeria kasuak antzemateko orduan ere.
Nafarroan ere eragina izan zuen Madrilgo gobernuak hartutako neurriak. Herrialdean 5.700 pertsona inguru bizi dira paperik gabe. Gutxi gorabeherako kopuru bat da, Villahizanek nabarmendu duenez, “zehazteko zaila” baita. 2012ko dekretuak paperik ez zutenak osasun arretarik gabe utzi eta gero, Nafarroako Gobernuak diru laguntza bidezko plan bat onartu zuen, hasieran, parlamentuak 2013ko legea onartu baino lehen. “Plan horrek, halere, laguntzak jaso ahal izateko sekulako baldintzak ezarri zituen. Ikaragarria izan zen”, salatu du Beatriz Villahizanek.
Espainiako dekretuak eta Nafarroako laguntza plan horrek eragindako “ziurgabetasuna” gogoratu du SOS Arrazakeriako kideak. “Sekulako nahasmena zegoen osasun etxeetan, hasiera hartan. Horrek ekarri zuen osasun arreta jaso gabe gelditu zen jendea egotea, eta bertze hainbatek, bertzeak bertze, larrialdietan jasotako arretagatik faktura jasotzea”. Faktura jasotzeko aukera hutsak paperik ez zutenengan zuen eragina nabarmendu du Villahizanek. “Faktura jaso ondoren, ohikoena zen gizarte langileengana jo eta gero atzera botatzea. Baina paperik ez zutenek larrialdietara joan eta ordaindu beharko zutela entzuten zutenean, artatu gabe alde egiten zuten, anitzetan”.
Villahizanek argi du horrelako egoerak saihestu behar direla. Kexak eta arazoak 2013ko legearekin desagertu zirela gogoratu du. Horregatik, SOS Arrazakeriako kideak eskatu dio egungo gobernuari “ongi lot dezala” paperik ez dutenak artatzeko prestatzen ari den eredu berria. “Ezin dugu onartu hasieran izan genuen ziurgabetasuna, berriz ere. Agindu argiak eman eta segurtasun juridiko erabatekoa bermatu behar du Nafarroako Gobernuak”, erran du.
Oraingoz, gobernuaren agindurik ez dute jaso osasun etxeetan. Burlatakoan mediku da Manu Eziolaza, eta horixe azaldu du. “Beti bezala ari gara lanean. Inolako informaziorik ez dugu jaso, eta orain arte bezala jarraitzen dugu”. Nafarroako legea bertan behera utzi duen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren kontra agertu da sendagilea, argi eta garbi.
Eziolazak argi du medikuen lana dela beharra duten pertsonak artatzea. Gaineratu du orain arte indarrean egon den legearen bitartez paperik gabekoek arazorik ez dutela izan osasun arreta jasotzeko. “Osasun etxera etorri eta nahikoa zuten herrialdean bizitzea osasun txartela jasotzeko”, erran du. Bide beretik jarraitzeko aukera izanen dutela espero du.
Ezustekorik ez
SOS Arrazakeriako kideentzat eta Munduko Medikuentzat, ez da inolako ezustea izan Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena. “Aurretik bertze hainbat erkidegok egindako legeak utzi dituzte bertan behera”, erran du Rodriguez Villegasek. Villahizanek nabarmendu du hainbat magistratuk ez dutela sententziarekin bat egin. Zehazki, hamabi magistratutik lauk boto partikularra eman dute ez datozelako bat sententziarekin eta haren oinarriarekin; eta bosgarren batek ere eman du boto partikularra, Nafarroak osasun alorrean dituen eskuduntzak oinarri gisa hartuta.
Epaileen boto partikularrez eta erkidegoek egin ditzaketen legeez harago, Villahizanek eta Rodriguez Villegasek argi dute beren helburu nagusia dela Espainiako Gobernuak 2012an onartutako dekretua bertan behera uztea. “Azken finean, arau horrek herritarron eskubideak mugatzen ditu. Giza eskubideen aurka egiten du, eta osasun arretari trabak jartzen dizkio”, erran du Munduko Medikuak erakundeko buruak. Iritzi berekoa da SOS Arrazakeriako kidea, eta gogoratu du paperik gabeak ez direla osasun sistematik kanpo gelditzen ahal diren bakarrak. “Ezin dugu ahaztu migratzaileak esperimentuak egiteko laborategi bat direla, eta orain haiekin saiatzen dituzten neurriak bertze hainbat sektoretara zabaltzen ahal dituztela. Beraz, denon kontua da hau”, gaineratu du. Gogoratu du, halaber, 2012ko dekretua onartu baino lehen herritarrentzako eskubide bat zela osasun arreta, eta arau hori onartu eta gero, osasun sistemaren “erabiltzaile” bilakatu direla. “Gobernuak erabakitzen du, gainera, nork duen erabiltzaile izateko eskubidea”.
Bi eragileok argi dute 2012ko dekretuaren gisako neurrien atzean osasun zerbitzuen pribatizazioa dagoela. “Nafarroan ospitaleetako sukalde zerbitzuarekin gertatu zena dugu pribatizatzeko asmo horren adibide; garbiketa zerbitzuetan ere egin dute urrats hori. Bertze hainbat erkidegotan harago jo dute, eta, Valentzian, adibidez, mediku arretaren kudeaketa ere pribatizatu dute”, salatu du Villahizanek.
Duen kezka berretsi du SOS Arrazakeriako kideak. Adi eta gobernuaren urratsak zaintzen egonen direla ere bai. “Herritar guztion ardura da gure eskubideen alde egitea”.