Jasotako uzta zabaltzeko

Jasotako uzta zabaltzeko

Kattalin Barber

Iraultzak kalean jaio baina liburutegietan eraikitzen dira”. Premisa hori hartu du abiapuntu Zuriñe de la Cuevak egiten ari den lana azaltzeko. Justo de la Cueva idazle, soziologo eta pentsalari marxistaren alaba, beste hainbat kiderekin batera, intelektualaren legatua ordenatzen eta sailkatzen ari da, gizartearen esku jartzeko asmoarekin. 10.000 liburu baino gehiago dituzte Euskal Herriari, frankismoari, marxismoari, antropologiari eta soziologiari buruz. Hirukoitza da egitasmoaren helburua: ordenatzea, sailkatzea eta funtsaren kultur-ondarea zabaltzea.

Joan den urteko apirilean zendu zen Justo de la Cueva idazlea. Jaiotzez madrildarra zen, baina aspaldi kokatu zen Nafarroan. Euskal Herriko auzi politikoei buruz hainbat publikazio argitaratu zituen pentsalariak; tartean, La escisión del PNV (1988), La negación radical vasca del capitalismo mundial (1994) eta Esos asesinos que impunemente matan cada día a miles de personas (1996) liburuak. “Gure helburua bere ondarea ordenatzea, sailkatzea, katalogatzea, digitalizatzea, hedatzea eta sozializatzea da”, azaldu du De la Cuevak.

Politika eta gizarte zientzien inguruko milaka liburu dauzkate gordeta familiaren Etxarri Aranazko etxeko etxabean. “Bertan, teoria eta historia marxistak leku nabarmena du; halaber, frankismoari eta Euskal Herriaren hurbileko historiari buruzko lan kopuru itzela dago”. Hain zuzen ere, 1980ko, 1990eko eta 2000ko hamarkadetako Euskal Herrian sortutako milaka dokumentu eta libururen isla da Justo de la Cuevaren artxibo gunea. “Liburuez gain, garai bateko kartelak, aldizkariak eskuorriak, bideoak eta beste ditugu. Oraindik badaude kutxak hainbat dokumentazioz beteak, katalogatzeko daudenak”, esan du. Izan ere, 70 metro koadroko etxabea da, eta 50 dokumentazio kaxa eta 10.000 liburu daude.

Egoera ez dela batere ona badaki De la Cuevak, eta, horregatik, ahalik eta lasterren ordenatzea da helburua. Behin ordenatu eta katalogatu ondoren, pentsalariaren irizpideei jarraikiz, leku bat bilatuko diote legatu guztiari. Egun, artxibo gunea ez dago jendearentzat irekita, eta liburuak eman eta saltzea aurreikusten dute.

Lan guztia aurrera eramateko, Justo de la Cuevaren irizpideei jarraituko diete, hala idatzita utzi zuelako hil baino lehenago. Alabak azaldu duen moduan, bi urte beharko dituzte, “gutxi gorabehera”, egitasmoa osatzeko. Hamalau pertsonako taldea osatu dute auzolanean liburu eta artxibo guztiak katalogatu eta digitalizatzeko. Hala ere, proiektuaren logistikarako finantzaketa behar dute, eta finantzaketa kolektibo bidez lortu nahi dute beharreko diru kopurua. Asteotan, gainera, aurkezpenak egiten ari dira Euskal Herrian, Bartzelonan eta Madrilen.

Katalogo birtuala

“Liburuak katalogatzeko merkatuan dauden erremintak oso garestiak dira, eta ez dira gure beharretara egokitzen; hori dela eta, artxibo modulu bat programatzen ari gara lana aurrera eramateko”. Drupal software librea erabiliko dute, haiek berek sortuko duten artxibo moduluarekin batera. Gutxienez, 7.000 euroko finantzaketa lortu nahi dute, programazioa, ordenagailuak eta diseinua ordaintzeko. “Harrera ona du proiektuak; gertatzen zaiguna da gehienetan jende heldua dela interesa duena, eta ez dute oso ongi ulertzen nola funtzionatzen duen finantzaketa kolektiboak”, azaldu du De la Cuevak.

Nolanahi ere, argi du lanean jarraituko dutela eta finantzaketa lortzeko bideak aurkituko dituztela. Halaber, gazteengana heltzea nahiko lukete: “Batzuetan zaila da memoriaren kontakizuna transmititzea, baina lan hau beharrezkoa dela uste dugu, jendearen esku jartzeko. Horixe da gure lehentasuna”.

Marxistaren ondarea ikertzaileentzat edota interesa izan dezakeen edonorentzat jarri nahi dute eskura. Balio handiko liburutegi eta artxibo gunea dela dio De la Cuevak. “Justo komunista zen, eta materialismo historiko eta dialektikoaren erremintak erabiltzen zituen errealitatea ikertzeko. 1980tik 2000ra arteko Euskal Herriko klase borrokaren isla da artxibategia”. Ezker abertzaleko militantea izan zen De la Cueva, eta liburu eta dokumentu asko utzi zituen idatzita. Horrez gain, Basque Red Net webgunearen sortzailea izan zen, eta ia hamar urtez astero idazten zuen bertan Euskal Herriko errealitate politikoari buruzko erradiografia bat. 2004. urtean itxi zuen Poliziak webgunea. Torturaren aurka egindako jardueretan ere ezaguna izan zen De la Cueva. “Gizartearentzat egindako lan guztia itzultzen saiatzen ari gara”. Idatzitako eta pilatutako liburu guztiak gizartearen esku jartzeko asmoarekin.