Sustraiak behar du non errotu

Sustraiak behar du non errotu

Edurne Elizondo

Wallmapu mapan jarri dute. Izen bereko Euskal Herriko elkarteko kideak Nafarroako Parlamentuan izan dira, eta maputxeen herrira begira jarri dituzte talde politikoetako ordezkariak: Txileko eta Argentinako gobernuen administrazioaren pean sufritzen ari diren errepresioaren berri jaso eta zabal dezaten; egoerari buelta emateko presioa egin dezaten. “Laguntza eske gatoz, maputxeen aldeko adierazpen instituzionala eskatzera”, erran zuten Wallmapu Euskal Herria elkarteko Gabi Basañezek eta Mery Ann Garlingek, parlamentarien aurrean otsailaren 20an egindako agerraldian. Adierazpena onartzeko zain dira orain.

Lurrari lotutako herria da maputxeena; lurra da mapu, eta jendea, berriz, txe. Beren lurraldeari erraten diote Wallmapu: inguruko lurra. Egun, Txileren eta Argentinaren artean banatuta dago lurralde hori; 1,8 milioi maputxe inguru bizi dira Txilen —Ulumapu deitzen duten lurraldean—, eta 200.000 inguru Argentinan, Puelmapun. Kolonizazioaren ondorioz, lurralde horren %10 dago bakarrik maputxeen esku, gainontzekoa enpresek eta latifundistek hartua dute. Maputxe gehienak Hego Konoaren hegoaldean bizi dira, estatuek kendu ezin izan zizkieten lurretan.

Espainiako konkistatzaileak Amerikara iritsi zirenetik Abya Yala erraten zioten jatorrizko biztanleek, lurrari eusteko etengabeko borrokan aritu dira maputxeak. Galdutakoa berreskuratzeko azken hamarkadetako nahiak eta bide horretan egindako urratsek ekarri dute jazarpenak gora egitea.

Errealitate horren adierazgarri, hainbat datu jarri dituzte mahai gainean Wallmapu Euskal Herriko kideek: 2001etik, Pinocheten diktaduran onartutako terrorismoaren aurkako legedia ezartzen diola Txilek maputxeen herriari, adibidez. “Legedi horrek ekartzen du, bertzeak bertze, maputxeak hiru urtez espetxean sartzeko aukera, epaiketarik egin gabe”.

Horixe nabarmendu zuen Garlingek parlamentuan, eta horixe berretsi du elkarte bereko Iban Gartziak ere. Maputxeen aurkako errepresioari buruz gehiago erran du: “Atxilotzeak, torturak, bai eta hilketak ere eguneroko kontua dira Wallmapun”.

Multinazionalen interesak

Gertutik ezagutu du Gartziak eguneroko hori. 2016ko otsailean joan zen Wallmapura lehendabizikoz, eta handik ia sei hilabetera atxilotu, eta kanporatu egin zuen Txileko Gobernuak. Urte bereko irailean Wallmapura itzuli zen irundarra, bigarren aldi horretan Argentinako Gobernuaren administrazioaren pean dagoen eremura. Bost hilabetez egon zen, eta handik bueltan hasi zen Wallmapu Euskal Herria sortzeko proiektua mamitzen.

“Urte batean lau maputxe hil dituzte”, nabarmendu du Gartziak. Haien alde ari zen Santiago Maldonado gazte argentinarraren hilketa ere gogora ekarri du Wallmapu Euskal Herria elkarteko kideak. Iazko abuztuaren 1ean desagertu zen, maputxeen aldeko protestetan parte hartu eta gero. Urriaren 17an aurkitu zuten Maldonadoren gorpu hila. “Santiago Maldonadoren heriotzak oihartzun zabalagoa izan du zuria zelako, eta argentinarra. Askok esan dute Maldonadorena izan dela lehendabiziko desagertzea demokrazia garaian, eta hori ez da egia. Maputxe asko desagertu dira aurretik ere. Haien aurkako arrazakeria oso handia da”.

Arrazakeria, kolonialismoa, pobrezia, kulturaren eta lurraren galera… Anitz dira maputxeak jotzen dituzten auziak. Denek, halere, badute ezaugarri komun bat, gaur egun: enpresa multinazional handien interesek duten indarra, baliabideak dituzten lurrak mugarik gabe ustiatzeko. Tartean, maputxeenak. Enpresa horien jarduerak ekarri du, batetik, lurren galera, eta, bertzetik, maputxeek lur horiekin duten lotura eta harreman propio eta berezia suntsitzea.

Jatorrizko herri bat da maputxeena, kultura, sinismen eta hizkuntza propioa dituena, eta halaxe azaldu zuen Basañezek Nafarroako Parlamentuan. Wallmapu Euskal Herria elkarteko kideek maputxeen eusteko gaitasuna nabarmendu dute, batez ere. “Espainiako konkistatzaileei aurre egin zieten; haiekin akordioak egin behar izan zituzten, ezin izan zituztelako mendean hartu”, gogoratu dute. Herri idependentea izatea lortu zuela erantsi dute, 1885. urtean Txilek eta Argentinak kanpaina militar banarekin maputxeen aurka egin zuten arte. “Milaka eta milaka maputxe hil zituzten; kontzentrazio esparrutara eraman eta behartutako lanak egin behar izan zituzten ere”.

Txileko eta Argentinako diktadurekin egoerak okerrera baino ez zuen egin maputxeentzat. Gaur egun, enpresa hidroelektrikoak, basoen esplotazioan ari direnak edo meategiak ustiatu nahi dituztenak dituzte maputxeek aurrean. Enpresek dute boterea, eta desorekaz betetako errealitate horretan maputxeak dira gehienetan galtzaile. “Natura arpilatzen ari dira, eta baliabideak lapurtzearekin batera, bizitzeko moduak eta harremanak suntsitzen ari dira”. Pobrezia du egoera horrek ondorio, batetik, eta aldatu nahi dutenen kriminalizazioa, bertzetik.

Horri buruz anitz daki Ruben Colliok. Maputxea da. Bere komunitatean Austriako RP Global enpresa hidroelektrikoaren asmoen aurka aritu dira borrokan. Gisako multinazionalek ekarri dute, bertzeak bertze, maputxeen lurren galera eta uraren pribatizazioa. Colliok eta haren bikotekide Macarena Valdesek ozen salatu dituzte beren lurren aurkako proiektuak. Beren salaketak izan du ondoriorik: 2016. urteko abuztuan, Macarena Valdes hil egin zuten. “Urkatuta aurkitu zuten. Aurretik, enpresaren asmoen aurka egiteagatik mehatxua jaso zuen”, azaldu du Gartziak. “Denok argi genuen ez zuela bere buruaz beste egin”.

“Emakume, maputxe eta borrokalari sutsua zelako hil dute; bere lurra defendatzeagatik”, erran zuen Colliok, argi eta garbi, Valdesen heriotza gertatu eta gero. Valdesen familiak ez du amore eman, ordutik, eta emakume maputxea hil zutela erakusteko ahaleginak eman du fruiturik. Joan den urtarrilean jendaurrean agertu zen Ruben Collio eta ezagutarazi zuen Valdesen gorpuari bigarren autopsia bat egitea lortu zutela, eta autopsia horren emaitzak agerian utzi zuela, zalantzarik gabe, emakumeak ez zuela bere buruaz bertze egin. “Hil zuten, eta, gero, bere gorpua zintzilikatu zuten”.

Bigarren autopsiaren emaitza ezagutu zuenetik, Valdesen heriotzari buruzko auzia berriz zabaltzea izan da Collioren helburu nagusia. Oraingoz, halere, Txileko justiziak ez du aintzat hartu eskaera hori.

“Hemendik egin behar dugu lan Valdesen heriotza argitzeko eta erantzule guztiak agerian uzteko”, erran du Iban Gartziak. Lan horren barruan kokatu du Wallmapu Euskal Herriak Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldia, bai eta erakunde horretako batzordearekin egindako lan saioak ere. “Gure elkartearen tokia herri mugimenduan dago, baina argi dugu erakundeek ere egiten ahal dutela presioa, eta horren alde egin nahi dugu”. Wallmapuren eta Euskal Herriaren arteko zubi izan nahi du izen bereko hemengo elkarteak. Elkar babesteko, elkarri irakasteko.