Iritzia: Pobre izateak lotsatzen zaitu?

Saioa Alkaiza

Autokazetaritza ariketa bat da hau, autoetnografia saiakera bat, objektibitatea kapitalismoaren lubakian gordetako gezurra dela dakigunontzat.

Ez dakit zenbat elkarrizketa egin ote ditudan nire bizitzan, kazetari gisa daramatzadan urteetan; euskal prentsaren ekoizpen maila azkarra aintzat hartuta, ehunka izan daitezke. Baina, gaur, amarekin eseri naiz mahaian.

Langabezian dago. Orain gutxi arte, edadetuak zaindu ditu ospitalean, unerik okerrenetan, egun gutxi geratzen zitzaizkienean, hil-hurren zeudenean, eta ez daki zenbatek eman duten azken hatsa haren aurrean Nola da posible ez jakitea? Ba, ez dakit, Saioa; asko, nahi baino askoz gehiago. Zaharren zaintzaile eta unean uneko erizaina, etxe garbitzailea, ostalaria, dendaria, tapizaria… 62 urte dauzka, lanak laztutako eskuak, larritasunak puztutako begi zuloak eta 600 euroko bermatutako errenta.

“Gaizki bizi gara, oso justu; alokairua ordaindu behar dut, komunitatea, gasa, ura, telefonoa, garraio publikoa, jakiak… 600 euro gutxienekoa da”. Kalkulu matematiko finak zehazten ditu hilaren hondar egunak; bere buruari ezarritako gastu kantitatetik ez ateratzeko saiakerak hartzen du egunerokotasuna.

“Ni moldatzen naiz etxean bakarrik nagoelako, eta ez dudalako ia gasturik”. Galdera: Eta luxurik ba al daukazu? “Etxerako erosketak egiteaz gain, kafetxoren bat hartzen dut, baina deus gutxi gehiago. Ez dit ematen”. Luxuari buruz galdetuta, kafea aipatu du.

Harentzat ez dira existitzen kanpora joateko egunak, eta barrez lehertu da galdera entzutearekin batera: “Oporretara? Ez, inondik inora ez, bai zera! Keba. Gastuak neurtuta dauzkat, ez gehiago ezta gutxiago ere. Ez, ez, ezinezkoa da”.

Uste ustel asko dago oinarrizko errentaren inguruan, tartean behar ez duten batzuek jasotzen dutela, nahiz eta frogatuta dagoen oso urria dela behar ez eta eskatzen dutenen kopurua. Hari ez zaizkio axola besteen esanak. “Egia esan, sekula ez naiz larritu jendeak pentsa dezakeenarekin; errenta da gaur-gaurkoz daukadan bizirauteko modu bakarra. Ez da inolako desohorea. Nik lan egin dut, pila bat, bizitza guztian, eta, hala ere, ez dut nahikoa kotizatu; badakizu, beti etxeko lanetan eta zaintzan eta kontraturik gabe… eta, orain, nire adinean, ez dut lanik. Ezin dut besterik egin”.

Emakumezkoa, 60 urtetik gorakoa eta ikasketarik gabea. Larri iristen da hilabete bukaerara. Errenta berritu behar diote eta bi hilabetez ez du dirurik jasoko, behin kasua berraztertuta, galdutako hilabeteetako dirua sartuko dioten arren. Nola egin dezake aurrera errenta kobratzen duen batek hilabete horietan? Areago, eta inguruan babes sarerik ez balu, beste askok ez duten gisan, zer eginen luke?

Kezkatuta amaitu dut elkarrizketa. Ama, lotsa ematen dizu nik errentari buruz galdetzeak eta hau argitaratzeak? “Ez, inondik inora ez! Zergatik?”. Begira-begira geratu zait, begiak iltzatuz: “Eta zuri? Lotsa ematen al dizu jendeak hau irakurtzeak?”. Ez dakit zer erantzun.