Edurne Elizondo
Erdigunean. Egungo testuinguru politikoaren erdigunean jarri nahi du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak hizkuntza. Erdigunean, oraindik ere, euskarari ezartzen zaizkion mugek “lehen eta bigarren mailako herritarrak” sortzen dituztela salatzeko; erdigunean, muga horiek, oraindik ere, euskaraz bizitzea “ezinezko” bilakatzen dutela agerian uzteko. Mezu hori zabaltzeko, manifestaziora deitu ditu EHEk Euskal Herriko herritarrak: Iruñean eginen dute protesta nazionala, bihar, 17:30ean, autobus geltoki zaharretik abiatuta, Mugarik gabeko euskara lelopean.
“Herrialde guztietan eztabaida erabakigarriak gertatzen ari dira orain, eta horietan eragin behar dugu”, erran du EHEko kide Azaitz Gartziak, egungo testuinguruaren garrantzia azaltzeko: “EAEn estatutu berriari buruzko eztabaida dago mahai gainean, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, lurralde elkargoari buruzkoa. Nafarroan hauteskundeak izanen dira urtebete barru, eta euskararen legea dute mahai gainean”, erran du.
Duela bi aste, hain zuzen ere, euskararen lege berri bat ontzeko batzordea osatu zuten Nafarroako Parlamentuan. Euskararen ofizialtasuna, hizkuntza eskubideak eta egungo egoera soziolinguistikoa oinarritzat hartuta, lege proposamen bat prestatu beharko du lantaldeak, sei hilabetean. “Berandu bada ere, batzorde horrek euskarari ematen badio behar duen lehentasuna, izan dadila ongi etorria”, erran du Gartziak.
Legegintzaldiaren erdia baino gehiago joan dela argi du EHEko kideak, baina uste du gelditzen den urtean badela denbora nahikoa euskarak behar dituen aldaketak egiteko. “Borondate politikoa izatea da kontua; ausardiaz jokatzeko borondatea behar da”. Orain arte gobernuak egindako bideak uste baino gutxiago eman duela aitortu du Gartziak: “Hainbat esparrutan aurrerapauso txikiak eman dira, baina ez dira nahikoak. Tamalez, aldaketa gutxi ekarri dio egungo gobernuak euskarari. Euskarak behar du lehentasun bilakatzea, euskarak behar du ofizialtasuna Nafarroa osoan, Euskal Herri osoan”, erran du, argi eta garbi, Gartziak.
Gobernuak ez du eman euskalgintzako kideek espero zutena; eta gobernuko kideen artean euskararen inguruan gertatu diren tirabirak ere ez ditu ontzat jo EHEko kideak. Oposizioko taldeen jarrerak, ordea, ez du ezustean harrapatu: “Lehengo lepotik burua”. Legegintzaldiaren hasieratik, euskararen aurkako diskurtsoa nagusitu da oposizioko taldeen artean. Duela bi aste, bertze urrats bat aurrera egin zuen PPNko parlamentari Ana Beltranek bide horretan, eta Nafarroako Parlamentura gonbidatutako Soziolinguistikako Klusterreko kideei erran zien “molestatzera” eta “min ematera” baino ez zirela joan legebiltzarrera, euskaraz egiteagatik. Beltranen hitzek hautsak harrotu zituzten parlamentuan.
Estrategiarik eza
“Ana Beltran zuzen da euskara ofiziala ez dela esaten duenean”, erran du Gartziak. “Hori da, hain zuzen ere, aldatu nahi duguna”. Euskararen kontrako gisa horretako erasoak gerta ez daitezen, eta euskaldunek “lehen mailako herritarrak” izateko aukera izan dezaten. “Euskara ez da baztertzailea”, nabarmendu du Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak. “Euskarak balio du jendartea osatzeko, herria egiteko, ezberdinak batzeko. Horretarako, ofizialtasuna behar du”, erantsi du.
Hori lortzeko bidean Nafarroako Gobernuak du ardura nagusia, baina bertze hainbat erakundek ere badute zer egin, bertzeak bertze, udalek. Iruñekoa da herrialdeko nagusia. Karrikiriren Karrika aldizkarian, hain zuzen ere, udal horrek euskararen inguruko estrategiarik ez duela aitortu zuen Iruñeko alkate Joseba Asironek, otsailean egindako elkarrizketan. Iruñean euskararen egoera diglosikoa bazter uzteko estrategiarik ote zegoen galdetu zion Karrika-k Asironi, eta ondokoa izan zen alkatearen erantzuna: “Ez dut uste. Baina hori da, zalantzarik gabe, inoiz serio hartu beharko dugun erronka, euskarak behar du eta”. Alkateak onartu zuen, gainera, bere ustez erakunde publikoek ez dietela herritarren premiei erantzuten, hizkuntzen gaiari buruz. “Inoiz ez dute egin”, gaineratu zuen alkateak.
Asironen adierazpenek bertzelako azalpenik ez dutela behar erran du Gartziak: “Estrategiarik ez badago… larria da. Planik ez badugu, ezer gutxi lortuko dugu. Jende askoren buruan dago euskara gatazka dela; euskarak gatazkak ditu, ordea, eskubideak urratzen direlako. Gure pentsamendua ere aldatu behar dugu. Behar diren plan estrategikoak egin behar dira udaletan eta gobernuan, euskara lehentasun bilakatzeko”.
Mugarik gabeko ofizialtasuna nahi dute EHEko kideek, eta horixe aldarrikatzera aterako dira bihar arratsaldean Iruñeko karriketara. Aldarrikapen hori gauzatzeko bidean bi elementu “funtsezko” jo ditu Gartziak, hain zuzen ere. Batetik, euskaraz bizitzeko esparruak irabaztea. “Ahaldundu behar dugu, eta kalera atera euskaraz bizi nahi dugula erakustera; horretarako behar ditugu mediku euskaldunak, behar ditugu euskaldunak lanaren, hezkuntzaren esparruan”. Bertzetik, burujabetzarekin lotu du Gartziak euskaraz bizitzeko bide hori. “Herri gisa ere urratzen dituzte ditugun eskubideak. Espainiak eta Frantziak gure erabakiak gustuko ez badituzte, helegiteak aurkezten dituzte. Norbanako eta herri gisa egin behar diogu aurre egoera horri. Katalunian ezarri dute 155. artikulua, eta gurera ere etorriko dira”, erran du EHE taldeko kideak.
Ofizialtasunaren eta burujabetzaren aldeko bidean urratsak egin nahi ditu EHEk biharko protestaren bidez. “Euskaraz bizitzeko eskubidea dugula erakutsi behar dugu; eskubidea eta nahia”. Herritarrak deitu ditu Gartziak EHE taldearen deialdiarekin bat egiteko, eta karrikara eramateko euskararen aldeko aldarria. Karrikan errateko mugarik gabeko euskara nahi dutela; mugarik gabeko ofizialtasuna.