Asmoek errealitatea dute zain

Asmoek errealitatea dute zain

Edurne Elizondo

Oinarrizko eskubide bat da, eta hori onartuko duen lege bat prestatzen ari gara”. Horrelaxe hasi zuen Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako presidenteorde Miguel Laparrak etxebizitzari buruz antolatutako jardunaldia, duela astebete. Diagnostikoa egin du gobernuak, etxebizitza plana osatzeko, 2018-2028rako. Diagnostiko horren berri eman zuen gobernuak joan den asteko jardunaldian.

Laparrak hartu zuen hitza lehendabizikoz, eta entzuleen txanda izan zen azkena. Haien artean, Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kide Jesus Hernandez mintzatu zen: “Jardunaldia jasi denetik joan diren bi orduotan, hamabost familia etxegabetu dituzte. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarenak dira datuak, eta bota baino lehen joan direnak ez ditu zenbatu”, salatu zuen.

Hernandezek txalotu zuen etxebizitza, legez, oinarrizko eskubide gisa onartzeko asmoa, baina egun dauden premiak jarri nahi izan zituen mahai gainean. Asmoek, anitzetan, errealitatea dutelako zain. Premiak eta beharrak nabarmendu nahi izan zituen Begoña Alfarok ere. Hernandez bezala, Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kide da, bai eta abokatua ere, etxebizitzaren esparruan aditua. Alfarok Nafarroako 2013ko etxebizitzari buruzko legea ekarri zuen gogora, jardunaldian hutsik diren etxebizitzen gaia jorratzeko egindako mahai inguruan. Araudi horrek aukera ematen dio gobernuari, hain zuzen ere, bi urtez hutsik izan diren etxebizitzen jabetza kentzeko enpresei.

Orain arte, ordea, ezin izan du lege hori baliatu, Espainiako Gobernuak haren aurkako helegitea aurkeztu zuelako. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako Gobernuaren alde egin berri du, eta sententzia batean jaso du gobernuak baduela, bertzeak bertze, bankuen etxebizitza hutsak bere esku hartzeko eskubidea, herritarrek erabil ditzaten. “Sententzia berri ona da, baina ezin dugu ahaztu bost urte galdu ditugula, eta bost urte horietan herritar anitzek galdu dutela etxebizitza”, nabarmendu zuen Alfarok. Erantsi zuen, gainera, duela bost urte baino etxebizitza gutxiago dagoela, egun, bankuen esku.

Etxebizitza partekatu

Premiei erantzuteko beharra berretsi zuen Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako Angel Larreak, etxebizitzari buruzko jardunaldian hitza hartu zuenean. Urgentziazko egoera bat jarri zuen mahai gainean: etxebizitza berean pilatuta bizi diren familiena, alegia. Halakoak izaten dira etxegabetutakoen azken aterpe, anitzetan. Etxebizitza bertze hainbat familiarekin partekatu behar dute.

Premia. Beharrak. Urgentziazko egoerak. Horien berri eman nahi izan zuten gizarte eragileek etxebizitzari buruzko jardunaldian. Gobernuak, berriz, datuak jarri zituen mahai gainean, diagnostikoaren bitartez. Datu horien bidez, halere, etxebizitza eskubideari buruzko politikak zehaztea eta bultzatzea “helburu” dutela nabarmendu zuten Etxebizitza Zerbitzuko arduradunek.

Etxebizitzari buruzko diagnostikoak agerian utzi dituen datuen artean nabarmentzekoa da alokairuaren aldeko hautuak gora egin duela. Diagnostikoak agerian utzi du, halaber, populazioa zahartzen ari dela, eta, aldatzen, berriz, familia multzoen tipologia: gero eta gehiago dira pertsona bakarrek edo guraso bakarreko familiek osatutakoak. 2016. urtean, familia multzo batek betetako 254.300 etxebizitza zeuden Nafarroan. “Datuen arabera, 280.000-284.000 bitartekoa izan daiteke kopurua, 2028rako”, azaldu zuen Ikei etxeko kide Antonio Corralek, gobernuak antolatutako jardunaldian. Etxe horrek egin du diagnostikoa. Ondorioz, datozen hamar urteotarako, Nafarroak 1.650-2.490 etxebizitza beharko ditu, urtean, beharrei erantzun ahal izateko.

Ikeik egindako diagnostikoak jaso duenez, 24.500 etxebizitza huts inguru daude Nafarroan. 2016koa da datua, etxebizitzari buruzko inkestak emana. Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zerbitzuko zuzendari Javier Etaiok uste du benetako kopurua txikiagoa dela, halere. “13.000 ingurukoa”, azaldu zuen joan den astean egindako ekinaldian.

Etxebizitza behar dutenen inguruko datuak ere jarri ditu diagnostikoak mahai gainean: herrialdeko egungo familia multzoen %6k etxebizitza aldatzeko beharra dutela, adibidez; 15.400 dira, denera. Gainera, 18 eta 44 urte bitarteko bertze 15.900 herritarrek behar dute beren lehendabiziko etxebizitza. Diagnostikoak agerian utzi du, halaber, 21.300 familia multzok zaharberritu behar dutela etxea, eta bertze 67.000k, berriz, beren etxebizitza dagoen eraikina.

Babestutako etxebizitza eskatu dutenen inguruan, denera ia 6.700 direla jaso du diagnostikoak, eta gehienek, gainera, alokairuaren alde egin dutela: 5.400 baino gehiagok, hain zuzen ere. Babestutako etxebizitza eskatu dutenek “gaitasun ekonomiko hagitz baxua” dutela nabarmendu dute datuek. Baldintzarik txarrenak, gainera, emakumeek sufritzen ohi dituzte.

Gobernuak antolatutako jardunaldian, hain zuzen ere, Etxebizitza Zerbitzuak eskatutako diagnostikoan genero ikuspegiaren “falta” sumatu zuela nabarmendu zuen Maite Arrondok. Etxebizitzaren esparruan ari da lanean Arrondo, Bartzelonan. “Soldatetan dagoen aldea, alargunen pentsio urriak, populazioaren zahartzea… datuek erakusten dute emakumeek zailtasun gehiago dituztela. Generoak badu garrantzia. Etxebizitza da mugimendu feministaren erronka nagusietako bat, eta Nafarroako Gobernuak ez luke auziari heltzeko aukera galdu behar prestatzen ari den planean”, erran zuen.

Arrazoizko prezioa

Jasotako kritikak eskertu zituen Etaiok. Etxebizitzari buruzko diagnostikoa aurkeztu eta gero, datozen hamar urteotarako plana prestatzea da hurrengo urratsa, azaldu zuenez. Oraingoz, plan horrek izanen dituen ardatz nagusien berri eman zuen Etxebizitza zuzendari nagusiak. Batetik, agerian utzi zituen etxebizitza arrazoizko prezio batean eskuratzeko zailtasunak. “Horrek ekartzen du gazteentzat zaila izatea gurasoen etxetik alde egitea, eta familiek beren diru iturrien kopuru hagitz handia bideratzea etxebizitza ordaintzeko”, zehaztu zuen Etaiok. Arlo horretan eragin nahi dute planaren bidez, bertzeak bertze.

Bertzetik, nabarmendu zuen Nafarroako egungo etxebizitzen parkean badela zer hobetu. “Ez dugu kopuru nahikoa, eta etxebizitza anitzetan irisgarritasuna da arazoa. Igogailurik ez dutelako, adibidez. Energiaren kontsumoaren ikuspegitik, halaber, etxebizitza anitz moldatzeko beharra dago, energia aurrezterakoan eraginkorrak izateko”.

Helburua, beraz, etxebizitza irisgarriak lortzea litzateke, eta arrazoizko prezio batean. Nafarroako Gobernuak, gainera, alokairu sozialaren aldeko apustua berretsi zuen joan den asteko jardunaldian.

Horretarako, bertzeak bertze, etxebizitza hutsen erregistroa egin nahi du Nafarroako Gobernuak. Aitortu du, halere, lan hori ez dela erraza. “Badakigu denbora behar dela halako erregistro bat osatzeko, baina ez dugu. Arazoa larria da”, erran zuen Begoña Alfaro abokatuak, jardunaldian, eta baliabideak eskatu zizkion gobernuari, etxebizitzaren esparruko politiken alde.

“Etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko neurriak hartu behar ditu gobernuak”, berretsi zuen Alfarok. Horixe jo zuen gako nagusitzat, eta abokatuaren iritziarekin bat egin zuen Burlatako Etxebizitza zinegotzi Lourdes Lozada Aguilerak ere. Eskertu eta txalotu zuen gobernuaren ekinaldia, eta ontzat jo zuen etxebizitzari buruzko eztabaida bultzatzeko jardunaldia antolatu izana.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak enpresek etxebizitza hutsak eskuratzeko ematen dion aukera balia dezala eskatu zion zinegotziak gobernuari, batetik. “Etxebizitza hutsak erabili behar ditugu; hori da lehentasuna”. Bertzetik, Burlatako egoeraz, agerian utzi zuen Iruñerriko herri horretan ere “etxebizitzak behar” dituztela. Alokairu sozialaren alde egin zuen, eta gobernuaren laguntza eskatu zuen bide horretan urratsak egiteko.

Badu lana Nafarroako Gobernuak. Eskubide bat baitu bermatzeko. Teilatupean.