“Ezin dugu onartu nazioarteko zama garraioa Belaten”

“Ezin dugu onartu nazioarteko zama garraioa Belaten”

Edurne Elizondo

Belateko tuneletan eginen dituzten lanek kalte egindako herrietako alkateek hilaren 20an egin zuten lehen protesta. Zazpi hilabetez itxi eta ibilgailuak bide zaharretik bidaliko dituzte. Obrek larria den egoera larriago bilakatu dutela uste du Baztango alkate Joseba Otondok (Elizondo, 1977), eta N-121 errepideak ezin jasan dezakeen kamioi kopurua hartzen duela salatu du.

Gobernuak zuzenean eman dizue alkateoi obren berri?

Parlamentuan iragarri bezperan, aitzineko arratsaldean telefonoz eman ziguten gobernutik obren berri.

Zer azaldu dizuete?

Hainbat bilera egin dugu lehen telefono dei hori jaso genuenetik. Azaldu digute Belateko tuneletan segurtasuna hobetzeko lanak egin nahi dituztela. Segurtasuna hobetzeko lan horiek ez dute ekarriko arriskua ttipitzea, halere.

Aspalditik dago ezbaian Belateko tunelen segurtasuna. Zein da konponbidea, zure ustez?

Arriskua ttipitzeko eta Europak ezartzen dituen mugetara hurbiltzeko, badago konponbide erraz bat eta arras merkea dena: nazioarteko zama garraioa desbideratzea. Neurri hori hartuta, Almandozko tunela Europak zehazten dituen mugen barruan egonen litzateke. Belateko tunelari buruz, beharko litzateke sarreretako batean suhiltzaileak jartzea. Suhiltzaileak ez badira, gaitutako langileak. Kontrol etxe bat bada jada, beraz, bakarrik beharko litzateke langileak trebatzea. Neurri horiekin lortuko lukete arriskuak ttipitzea.

Gobernuak orain eginen dituen lanak, beraz, ez dituzue egokitzat jotzen?

Lan horiek egoki diren edo ez, horretan ez gara sartuko. Sua hartuko ez duen kablea jarriko dute, isuri toxikoak biltzeko putzu bat, eta autoak gelditu ahal izateko gunea eginen dute. Guk erraten duguna da arriskua ttipitzeko modua aipatu dudan hori dela.

Kamioien trafikoa da arazo nagusia, zuen ustez?

2000. urtean, Belateko tuneletatik 767 kamioi pasatzen ziren, egunean; 2017an, berriz, banaz bertze, 2.600 ziren. Olabeko herritarrek bertze datu bat eman dute: hiru egunez eta 24 orduz grabatu dute errepidea, eta egunean 3.900 kamioi pasatu dira. Errepide horretan goiti eta beheiti ibiltzen diren herritarrak aserik daude, ikusten baitute, urtetik urtera, gero eta zama garraio gehiago ibiltzen dela eta horrek segurtasunik eza areagotzen duela. Ezinegona dago herritarren artean, eta azken hilabeteotan gertatu denak erakusten du badirela horrela sentitzeko arrazoiak.

Istripuez ari zara?

Azken lau hilabeteotan, kamioiak tartean izan dituzten hamalau istripu gertatu dira N-121-A errepidean. Suhiltzaileek parte hartu behar izan dute. Horietaz gain, autoen arteko istripuak ere zenbatu beharko genituzke. Istripu anitz dituen eta ardatz den errepide bati buruz ari gara. Azken lau hilabeteotan, bortz pertsona hil, eta bortz larri zauritu dira errepide horretan; bertze bat, berriz, arin zauritu da.

Kamioilarien lan baldintzek ere badute zer ikustekorik?

Badakigu lan baldintza gogorrak dituztela. Sistemak ditu modu onartezin eta bidegabe batean. Zalantzarik gabe, egoera hori ere kontuan hartu behar dugu, eta arazo horri eutsi.

Baztango herritarrentzat funtsezkoa da N-121 errepidea?

Egunerokorako oinarrizko errepidea da guretzat. Baztanek zilbor heste bat du Iruñearekin. Aldi berean, egia erran behar da: egoera hori da hainbertze urtetako lurralde antolaketa jakin baten emaitza; egunean gero eta gehiago mugitzera behartzen gaituzte. Lana, irakaskuntza, osasuna… ezinbertzean mugitu behar dugu Iruñera, edo, bertzela, Bortzirietara. Eta N-121 errepidea da bietarako bidea ematen diguna. Belateko tunelak ixten dituztenean, kamioi guztiak Belateko mendateko bide zaharretik joanen dira.

Hori da datozen hilabeteotan eginen dituzten lanen inguruko zuen kezka nagusia?

Bai. Belateko tunelak zazpi hilabetez itxi behar badituzte lan horiek egiteko, ezin dugu onartu nazioarteko zama garraioa Belateko mendi gainetik ibiltzea. Onartzen dugu eskualdea helburu duten kamioiak ibiltzea, baina ez, ordea, nazioarteko zama garraiorik. Errepidetik pasatzen den kamioien kopurua mendateak duen ahalmenaren gainetik dago.

Gobernuak zer erran dizue?

Gobernuak erran du ezetz. Aholku hori emanen dutela. Beraz, gidari bakoitzak eginen du nahi duena. Neurri erabakigarririk hartzen ez bada, segur aski, kamioiek Belateko mendi gaina hartuko dute pasabide gisa.

Gobernuak neurri horiek har ditzan, hain zuzen ere, protestak hasi dituzue obrek kalte egindako herrietako alkateek. Zer espero duzue?

Hilaren 19an bilera egin genuen Nafarroako Gobernuko kideekin, eta, biharamunean, modu sinboliko batean, agerian utzi nahi izan genuen ez dugula etsiko, eta eskatzen duguna eskatzeko arrazoiak baditugula. Errepidea moztu genuen Arraizko bentetan, horretarako. Arrazoiak mahai gainean jartzen jarraituko dugu, eta herritarrak mugiaraziko ditugu. Nafarroako Gobernuari eskatu nahi diogu kasu egiteko.

Herritarren artean kezka sumatu duzue?

Kezka handia sumatu dugu. Nazkatuta daude eguneroko egoerarekin. Gainezka egin du jendeak. Hori azaldu diegu, argi eta garbi, Nafarroako Gobernuko ordezkariei. Ibilgailu guztiak Belateko mendatetik pasarazi gabe ere, nazkatuta daude herritarrak.

Obrek, beraz, lehendik ere mahai gainean zegoen egoera bat are okerrago bilakatuko dute?

Hori da. Obrak egin behar izan gabe ere, arazoa hor dago. Egoerak okerrera egitea ekarriko dute lanek, eta horrek eragin du jendearen haserrea. Baztandik, behintzat, mobilizazio dinamika bat proposatuko dugu. Alkate gehienok bat egin dugu egoera hau salatzeko. Herritarren atxikimendua ere lortu nahi dugu.

Belateko errepide zaharraren egoerak ere kezkatzen zaituzte?

Bai, noski. Zolaren egoeraz harago, Belateko mendateko bide zaharrak baditu zortzi bihurgune estu. Kamioiek, anitzetan, kontrako norabideko bidea hartu behar izaten dute pasatzeko. Uste dugu Belateko mendateko errepide zaharrak badituela objektiboak diren arrisku batzuk; kontua ez da zola konpontzea, edo babes hesiak jartzea. Egiturazko arazoak ditu errepideak.

Zergatik egin du hainbertze gora kamioien kopuruak?

Produkzio prozesua nazioarteko bilakatu dugulako, eta prozesu horiek zatikatu ditugulako. Salgaiak harat-honat mugitzen ditugu. Garraioak gora egin du, eta horrek ditu ondorio anitz. Bideraezina den sistema ekonomiko bat dago atzean.

Zer iritzi duzu kamioiek bidesaria ordaintzeko aukeraz?

Solastatu gaitezke nazioarteko garraioari buruz.