Genitalen mutilazioaren osteko loraldia

Genitalen mutilazioaren osteko loraldia

Sara Muerza

Ginean jaio zen Ounoul Bah (1974), eta herrialde hartan tradiziotzat daukate emakumeei genitalak moztea. Han, bai eta Afrikako, Ekialde Hurbileko eta Asiako beste 28 herrialdetan ere. Mundu osoan 200 milioi neska eta emakumeri erauzi dizkiete genitalak. Bahk ere ezin izan zion ohitura horri ihes egin. Bere galderei erantzunak bilatzen luze egon zen, Nafarroako Munduko Medikuen formakuntzan jasotako informazioa topatu zuen arte. “Nik ez nekien zer motatako mutilazioak zeuden. Ez nuen ezagutzen gaixotasun eta ondorio asko hortik zetozela. Izena jarri ezin diezun gauza batzuk gertatzen zaizkizu emakume izanda, eta formakuntzarekin dena erlazionatzen duzu”, azaldu du. Farmata Wattek (Dakar, Senegal, 1983) onartu du ez zekiela noraino iristen ziren egiten diren mozketak formakuntzara joan zen arte. “Afrikan ez ditugu irudiak ikusten. Badakigu egiten dela, baina inoiz ez digute esaten zer ondorio txar dituen, soilik positiboak. Gainera, ez da horretaz hitz egiten, tabu bat da. Formakuntzak hausnartzera bultzatzen zaitu. Asko lagundu digu”.

Bah eta Watt bitartekariak dira orain, Munduko Medikuek sustatutako programaren barruan. Helburua da emakumeen genitalen mutilazioari aurrea hartzea. Proiektu horren bidez, 5.844 pertsona trebatu dituzte 2008. urtetik, gehienak emakumeak. Programaren ardatz nagusiak bi dira: mutilazioa pairatzeko arriskuan dauden neskak babestea, eta sufritu duten emakumeak laguntzea. Erroldatuta dauden 293 neska arriskuan egon daitezkeela zenbatetsi du erakundeak.

Formakuntzaren bidez, parte hartzaileek gaiarekiko zuten iritzia aldatzen dute, sentsibilizatzen dira, eta hurbileko pertsonei helarazten diete ezagutza. “Efektu biderkatzailea dauka, gu geu eta formazioa jaso dutenak pentsamoldea aldatzen hasten direlako. Aldaketa gugandik hasten da, eta, gero, familiara eta komunitatera zabaltzen dugu”, erran du Fatima Djarra Sani (Bissau, Ginea, 1968) proiektuaren sustatzaile, bitartekari eta ekintzaileak.

Bestetik, tailerretara joaten den pertsona jabetzen da emakumeen mutilazio genitalak (EMG) osasun fisikoari, psikologikoari eta sexualari eragiten diola. Auziaren larritasuna erakusteko bideoak eta argazkiak erabiltzen dituzte, bagina artifizialekin mutilazio mota ezberdinak azaltzen dituzte, eta mutilazioa sufritu duten emakumeek gertatu zitzaienaren lekukotasuna ematen dute. “Gai tabu bat da, inork ez du horretaz hitz egin nahi, baina emakume batek hitz egiten duenean, pertsonak hausnarketa egiten du”, baieztatu du Djarrak.

Helburu asko, beteta

2008. urtean sortu zen Munduko Medikuen proiektua Nafarroan, eta arduradunek azaldu dute orain dela hamar urte zehaztutako helburu asko lortu dituztela. “Lehen ezin genuen mutilazioari buruz hitz egin, ezta komunitate afrikarrarengana hurbildu ere. Egun, gaia ezagutzen duten emakume zein gizon afrikarrek konpromisoa hartzen dute ablazioaren aurka”, baietsi du Djarrak. Proiektua Cintruenigora eta Tuterara zabaldu dute berriki.

2013an ebazpen bat onartu zuen Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari baliabideak eskatzeko emakumeen genitalen mutilazioaren prebentzio proiektu bat garatzeko. “Behar bat zegoela ikusi genuen. Katalunian eta Aragoin protokolo batekin lan egiten zuten, eta oso ondo funtzionatzen zuen arriskuan zeuden neskak antzemateko eta mutilazioa pairatu duten emakumeak artatzeko”, adierazi du Djarrak. Munduko Medikuek egindako ahaleginak saria jaso zuen urte horretan: Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurrean Jardun eta Prebentzio Protokoloa onartu zen. Aurten hasi dira aurrekontuko diru sail bat jasotzen.

Instituzioetan erdietsitako lorpenak harago doaz. 2015ean lortu zuten Nafarroako Gobernuak onartzea ablazioa indarkeria matxista dela, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko legean. Horretaz gain, Nafarroako Munduko Medikuek eremu ezberdinetako profesionalak trebatu dituzte, hala nola osasun, gizarte lan eta hezkuntza alorretakoak; haiekin koordinatzen dira kalte hartutako neska eta emakumeak artatzeko. “Oso garrantzitsua da hori, hemengo profesionalek ez baitute ezagutzen ablazioaren jatorria, edo atzean dagoen errealitate soziokulturala; ez dakite nola heldu gaiari”, nabarmendu du Djarrak.

Azaldu dute hainbat emakumek lotsa sentitu dutela ginekologoarengana joan direnean, “arreta gune” izan direla sentitu dutelako. “Existitzen diren ablazioen berri eman behar diegu profesionalei eta azaldu nola jokatu behar den mutilazioa sufritu duen emakume batekin. Bere onespenik gabe mutilatu dute eta berari lagundu behar zaio, eutsi, ondo tratatu eta artatu”, nabarmendu du Djamila Maigak (Mali, 1986), proiektuko bitartekariak.

Munduko Medikuek, hain zuzen, proiektuko emakumeen babesarekin batera, azterketa ginekologikoak eskaintzen ditu, bai eta laguntza psikologikoa ere, psikologo boluntario batekin. “Bitartekari eta emakume afrikar gisa, enpatia sentitzen dugu, gauza bera bizi izan dugulako”, kontatu du Djarrak. Bitartekariak lagunduta emakumeek haien gorputza, sexualitatea eta jasan ahal izan dituzten ondorioak ezagutzen dituzte tailerretan.

Neska gazteentzat etorkizun ezberdin bat eraikitzeko nahia dago ablazioari aurre egiteko osatutako protokoloaren atzean, eta, horretarako, ziurtagiri bat sortu dute haren barnean: pediatraren eta familiaren arteko konpromisoa ziurtatzen duen agiria da. Familiak sinatzen du, jatorrizko herrialdera bidaia bat egiteko asmoa duenean, hitzemanez neskatila ez dutela mutilatuko.

Djarrak azaldu du pertsona anitz beraien herrialdeetara joateko beldur direla, uste dutelako hango familiak neska mutilatuko duela. Horregatik, ziurtagiria eramaten dute haien hizkuntzara itzulita, familiak ikus eta jakin dezan ablazioa debekatuta dagoela, eta kartzela zigorra ekartzen ahal duela hemengo familiarentzat.

Bestalde, erakundea harremanetan dago osasun etxeekin, ablazioaren biktima izan daitekeen neskatila bat jaiotzen denean horren berri jasotzeko. “Familiekin zuzeneko prebentzioa egiteko deitzen gaituzte, eta gero, haiekin joaten gara pediatrarengana. Ziurtagiria sinatzen dute eta gurekin harremanetan daude konfiantza eskaintzen diegulako, sostengu bat izan dezaten”, esan du Djarrak.

Alexandre Serge Ondoa (Kamerun, 1979) bereziki hunkitu zen Djarrak ablazioaz hitz egin zion egunean. Garapen lankidetzan boluntario gisa aritzeko sartu zen lehendabizikoz Munduko Medikuen egoitzara, baina Djarrarekin izandako solasaldia arrazoi nahiko izan zuen planak aldatzeko. “Ikusi nuen parte hartu eta zerbait egin nezakeela. Fatimak esan zidan gizonak sentsibilizatzeko premia zegoela, eta ni bezalako pertsona bat behar zutela, gauzak azaltzeko”, gogoratu du.

Horrela, gizon afrikarrek osatutako talde bat sortu zuten, eta Sergek formakuntza lana egiten du taldeko kideen artean. “Konturatu naiz gauzak nolakoak diren azaldu behar dela; gure kulturaren parte dela pentsatzen hazten gara. Baina Fatima ezagutu eta bere borroka ikusi eta gero, ablazioa emakumeen aurkako indarkeria dela konturatu, eta jabetu nintzen auziaren larritasunaz”, azaldu du.

Manadou Telly Diallok (Ginea, 1991) uste zuen mutilazioa erlijioaren parte zela, eta lagungarria. Zabaldutako ustea da ablazioa erlijioarekin lotutako auzi bat dela; erlijio handi guztiak baino zaharragoa da, ordea, eta ez da erlijio testu bakar batean ere jaso. “Pertsonek sortutako kultura baten parte da, ohitura bilakatu dena”, zehaztu du. Formakuntzak “begiak ireki” zizkion, eta ablazioaren aurka ari da orain lanean. “Ezagutzen dudan jendeari ematen diot informazioa bere ideiak alda ditzan, eta informazioa besteei zabaltzeko; hori da kontua, batzuengana eta besteengana ailegatzea gertatzen ari denari buruzko informazioa”, nabarmendu du.

Tabuez hitz egin

Ablazioaz hitz egitea ez zen batere erraza izan Munduko Medikuen programako arduradunentzat. Iruñean bizi zen komunitate afrikarra zuten aurka eta gaur egun ere haren zati batek jarraitzen du egiten duten lana onartu gabe. “Ezin diegu errua bota pentsatzeko modu hori izateagatik, jaso duten hezkuntzak eta bizipenek eragin dutelako gisa horretako ideiak izatea. Gu haien tokian jartzen gara, guk ere horrela pentsatzen genuelako garai batean. Gauzak beste modu batera ikusten laguntzen ahal diegu, guk egin dugun bezala; halere, argi esan behar da zaila dela horrela pentsatzen duen pertsona batengana iristea”, azaldu du Djarrak.

Hala eta guztiz ere, komunitatearen zati handi batek begi onez ikusten du proiektua. Hori nabarmendu dute Munduko Medikuekin lanean ari diren bitartekariek. “Iruñean ongi etorriak gara. Fatima hasi zenean askoz zailagoa zen: zuk atera behar zenuen, eta jendea bilatu. Orain, jendea guregana etortzen da erakundera. Gurekin trebatu den pertsona baten bidez iristen dira guztiak”, nabarmendu du Wattek.

Maigak beregan aurkitu zuen zailtasunik handiena. “Beti kontatu izan digute erlijioarekin lotutako kontu bat dela mutilazioa, edo emakumeari on egiten diola; honat etorri, eta norbaitek esaten dizu alderantziz gertatzen dela, emakumearentzat kaltegarria dela. Zure buruari galdetzen diozu: ‘Egia izango ote da edo engainatu naute?’ Zure kontra borrokatzen duzu lehenengo, eta gero, hurbileko jendearekin”.

Uste du bidean topatu dituzten zailtasunak ez direla desagertu, oraindik ere, baina umorez hartzen saiatzen da. “Barruraino sartu gara, orain ezin dugu atzera egin. Jartzen dizkiguten etiketak beti egongo dira hor. Gure helburua guk nahi dugun tokira iristea da. Ez zaizkigu batere inporta zailtasunak, gainditu ahal direlako”.

Munduko Medikuekin lanean hasi eta gero, 2010. urtean jaio zen Afrikako Lorea, emakume afrikarrek osatutako elkartea, hain zuzen ere. Bi erakundeek lankidetza hitzarmen bat dute proiektu eta jarduera ezberdinak kudeatzeko, horien artean, ablazioarekin lotutakoak. Elkarteak, gainera, bere ekinaldi propioak sustatzen ditu. “Emakumeak eta gizonak berdintasunean heztea da gure helburua, baita gure seme-alabak ere: neskak eta mutilak berdinak dira”, esan du Wattek.

Fatima Djarrak gaineratu du emakume afrikarra ikusgai bilakatu nahi dutela gizartean, hedabideek erakusten ohi duten irudiarekin alderatuta oso bestelakoa den errealitatea agerian uzteko asmoz. “Emakumeen ahalduntzea sustatu nahi dugu”, erantsi du.

Munduko Medikuekin egiten duten lana ere bide berean dela nabarmendu du: gizon eta emakumeak elkarlanean arituz, neska eta emakumeen bizitza kaltetzen eta mugatzen duena alda daitekeela argi utzi nahi dute. “Proiektua aurkitu eta lagundu ninduten pertsonak ezagutu izan ez banitu, toki berean jarraituko nuke”, amaitu du.