Tania Arriaga Azkarate
Euskotrenekin Hendaiatik Bilbora joan behar izan genuen aurrekoan. Igande goizean hamar eurora ailegatzen ez zen txartela erosi ondoren, satorra hartu eta hiru ordu eta berrogei minutuan Bilbon ginen. Bidean, Euskal Herriko kostaldeko ia txoko guztiak pasatzen ikusi genituen: ibilbideak 56 geldialdi ditu.
Kalkulatzen dut Hendaian 40 bat lagun igo ginela, eta inongo oinarri zientifikorik gabe botako dut haien artean hamar bat espainol, hamabost bat frantses, zortzi lapurtar eta Hegoaldeko beste zortzi bat lagun geundela (baita bi turista zeharrargi eta galdu ere, baina azalaren gardentasuna dela-eta zenbatzean desagertu ziren). Berehala, trenaren populazioaren ehunekoak aldatuz joan ziren; batetik, Errenteria eta Pasaia artean, hamaiketakoa hor nonbait janen zuten nerabe kuadrilla polita sartu zelako, eta, bestetik, 70 urte inguruko emakume bakarti franko igo baitziren. Kantauriko perlan gelditu ziren Donostiara iritsi eta gurekin haraino etorritako gehienak.
Trenez aldatu, eta ibilbidearen bigarren parteari ekin genion. Amaratik aurrera, bagoietako bidaiarien profila dibertsifikatu zen: bertako zein kanpoko turistak; gaztetxoen futbol taldeak; ondoko herrira gurasoekin bazkaltzera zihoazen familia gazteak; gaupasero menderaezinak; apez bat; pentsiodunak; autorik gabeko Senegalgo mantero langileak; Errumaniako burdin biltzaileak gurditxoa eta guzti; bermut zale klasikoak ere ikusi genituen, alkoholemia kontrolei irri eginez.
Sinistuko ez duzuen arren, triki-traka etengabearen eraginez, beste behin, trantze mistiko batean sartu eta ikuspen dohatsua agertu zitzaidan trenaren leihatilan. Hara non! Panoramikoan, Basaburua, Imotz, Ultzama, Odieta eta Atezko mapa ikusi nuen. Zientzia fikziozko film batean egonen banintz bezala, irudia handitu eta herrietara hurbildu nintzen, eskuarekin mugimendu azkar bat eginez. Han ziren, ikusgai, NA-411 eta NA-4130 errepideak, zirkulua osatu eta bailara hauetako herriak elkartzen. Errepide ondoan, tranbia txiki txukun bat zegoen. Eskuarekin irudia zabaltzeko agindu eta indar elektrikoari esker mugitzen zen trentxoarengana hurbildu nintzen. Makinistaren atean, hizki larriz, Cincinnati irakur zitekeen, ziurrenik hiri horren oparia delako, pentsatu nuen. Auzako egurrezko geltokian, berriz, Nekazalguneak lotzeko garraio egitasmoa idatzita zegoen. Tom Cruisek Minority Report-en egiten zuen bezala, eskuen keinua errepikatu eta tranbiaren barnean nengoen. Gazte talde bat ondoko herrira zihoan, beste gaztetxo batzuekin, etxeko lanak egitera; adineko bi lagun ere ikusi nituen, Auzako ile-apaindegian hitzordua hartua zutelako; Iruñerriko bi ezagun agurtu nituen eta bikote bati entzun nion, zeinen gustura bazkaldu behar zuten autoaren ardurarik gabe. Euskotreneko ahots grabatuak ikuspen dohatsutik atera ninduen, “hurrengo geltokia, Zazpi Kaleak” aditzera eman zuenean.
Ultzamako trenbidea ametsa da, oso eztabaidagarria; azken buruan, ia lau orduko bidaian ongi pasatzeko jolas jarduera niretzat, baina, gure herri zoragarrietan duintasunez bizitzen segitu ahal izateko, gisa horretako ariketa asko egin beharko ditugu. Imajinazioaren biraderari eragin beharko diogu etorkizuna gure herrien beharretara egokitzeko, eta, bai ala bai, ondarearen kudeaketa ekuazioaren aldagaia izanen da.