Kattalin Barber
Maravillas Lambertok hil aurretik egin zuen bide bera eginen dute bihar Larragan. Frankistek tiroa jo eta bortxatu baino lehen egin zuen Lambertok bide hori, 14 urte zituela. Aitarekin egin zuen. Itzulerarik gabeko bidea izan zen bientzat. 1936ko abuztuaren 15ean, aita eta alaba guardia zibilekin atera ziren Larragako etxetik, eta ez ziren inoiz itzuli. “Maravillas bortxatu zuten, eta gero biak hil zituzten”, azaldu du Jesus Nietok, Maravillas Lamberto elkarteko kideak.
Elkarte horrek ekitaldi berezia prestatu du biharko, Larragan, herriko 47 fusilatuak gogoratzeko, tartean Maravillas Lamberto eta haren aita, Vicente Lamberto. Era berean, frankistek kaskamoztu eta umiliatu zituzten herriko emakume guztiak izanen dituzte gogoan, aurreneko aldiz.
Larragan bizi da Jesus Nieto. “Emakume askori, ilea moztu, eta errizino olioa ematen zieten, ondoren herriko kaleetan zehar publikoki iraintzeko asmoarekin”, gogorarazi du. Frankismoak orbain sakona utzi die Larragako bizilagunei, eta emakumeen istorio anitz isilpean gorde dituzte urtez urte. “Maravillas gogoratuko dugu, baina, harekin batera, herriko emakume guztiak izan nahi ditugu gogoan, Maravillasena ez zelako kasu bakarra izan”.
Memoriaren ikur
Oroimen historikoaren eta frankismoaren aurkako ikur bilakatu da Lamberto: “Istorio oso lazgarria da harena, baina sistematikoa izan zen: gizonak fusilatu eta emakumeak umiliatu, bortxatu… egiten zituzten”. Zama handiarekin bizi ziren emakumeak, gerrarekin ez zelako errepresioa amaitu. “Berandu dator omenaldia, baina herriko emakume guztiak babestu nahi ditugu, haien ahalegina eta urte latzenetan egindako lana aitortu”.
Bihar egingo den ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Paz de Ziganda helduen abesbatzak, Fermin Balentziak eta Gorka Urbizuk, Maravillas abestia kantatzeko. Larragan 2012an Memoriaren parkea egin zuten, 36ko gerran egindako sarraskiak eta ondorengo zapalkuntza oroitzeko. Urtero, bertan egin ohi dute omenaldia, baina aurten herriko plazan izanen da ekitaldi nagusia. “Eragile askok egin dute bat omenaldiarekin, eta leku handiagoa behar dugu: Lizarrako bertsolariak etorriko dira, Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideak, Larragako dantza taldea… Espero gabe, handia egin da ekitaldia”.
Bihar 11:00etan da lehendabiziko hitzordua, Memoriaren parkean. Bertatik kalejira eginen dute Maravillas Lambertoren etxeraino. Hortik, udaletxerako bidea hartuko dute, eta Foruen plazan izanen da ekitaldi nagusia, 12:00etan.
Urtero egiten diete omenaldia 36ko fusilatuei; ez, ordea, bizirik iraun zuten emakumeei. Nietok esan du badela garaia: “Memorian izan ditugu beti, baina inoiz ez dugu ezer publiko egin. Maravillasen kasua ezaguna da, baina beste hamaika sexu eraso egon ziren herrian”. Herriko emakumeak kaskamotz utzi zituzten, egunero umiliatu, eta kolpeka ikasi behar izan zuten bizirik irauten. “Isilik egon dira emakumeak urte askoz, beldurra zutelako”.
Orain dela urte asko hasi zen Nieto memoria historikoaren arloan lanean, eta erasoak salatu zituzten bi emakume baino ez ditu ezagutu. “Allon eta Fiteron gertatutako bi kasu baino ez ditut ezagutzen; bi emakumek publikoki salatu zuten faxistek bortxatu zituztela”. Nietori osaba hil zioten 1936ko gerran: “Egun batetik bestera dena aldatu zen: fusilatu aurreko egunean lagunekin zebilen osaba, eta hurrengo egunean haietako batek eman zion tiroa. Horrela izan zen sarraskia”.
Ezkutuko istorioak
Ezkutuan gelditutako istorioak agerian utzi nahi dituzte Larragan. Nietok autokritika egin du: “Beti izan ditugu buruan fusilatuak, eta gutxi oroitu gara herrian geratu ziren emakumeekin. Jada ez daude gurekin, baina memorian egotea garrantzitsua da”. Ahaztutako eta ezabatutako emakumeak dira: “Zer gertatu zen herrian gelditu zirenekin? Lanik gabe gelditu ziren emakume asko, seme-alabak eta familia aurrera eramaten, eta egunero umiliatzen zituzten”. Bortxaketak, erasoak, ilea moztea edota arropa urratzea bezalako jazarpenak jasan zituzten emakumeek. “Jendaurrean lotsarazi nahi zituzten, eta lortu zuten”. Nietok badaki, andrazkoen presentziari dagokionez, hutsune handia dagoela historian, baina uste du gauzak aldatzen hasi direla, eta horren adibide da ere bihar Larragan eginen dieten omenaldia. “Emakumeak, 1936ko gerran eta ondorengo urteetan, ama, alaba eta emazte baino gehiago izan zirelako”.
“Maravillas bezalako beste hamaika emakume daude, baina bizirik jarraitu zutenek ez zuten haien istorioa kontatu, beldurragatik batik bat”. Memoria lantzeko beharra aipatu du Nietok, eta belaunaldi berriek lekukoa hartu behar dutela esan du.
Badaki biharko eguna berezia izanen dela, eta argi du gogoratu egin behar dela urte beltz horietan herrian jazotakoa. Larragako oroimen historikoa berreskuratzen ari dira, Nietoren esanetan, oroimen historikoak zor handia baitu emakumeekin.