Edurne Elizondo
Dibertsitate mentala duten eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonen eskubideak defendatu nahi ditu Giza Eskubideen eta Buruko Osasunaren Plataformak. Asteazkenean jendaurrean azaldu zituen bere lan ildoak. Buruko osasun zerbitzuen erabiltzaileekin batera, arloko profesionalek, senideek eta bertze hainbat elkartek parte hartzen dute taldean. Kide dira Manuel Vazquez erabiltzailea (Osuna, Espainia, 1964) eta Cristina Monreal psikologoa (Corella, 1972).
Noiztik da plataforma lanean?
MANUEL VAZQUEZ: Iazko martxoan sortu zen, Mejorana elkarteak bultzatuta. Barruko lana egin dugu, orain arte, eta ez da gutxi izan! Manifestua osatu, eta lan ildoak zehaztu ditugu, eta, orain, lan horiek egin eta gero, plataforma jendaurrean aurkezteko momentua dugu.
CRISTINA MONREAL: Gure helburuak zehaztu ditugu, eta horien berri eman nahi diogu gizarteari. Gure asmoa da jendeak jakitea zer gertatzen den; jakin dezala, adibidez, dibertsitate mentala dutenak ohera lotzeko sistemak erabiltzen dituztela. Plataforman arlo ezberdinetako kideok egin dugu bat: buruko osasun zerbitzuen erabiltzaileak daude, arlo horretako profesionalak, bai eta bertze hainbat esparrutako profesionalak eta elkarteak ere.
Plataforma irekia da?
C. M.: Bai. Gure asmoa da interesa duenak parte hartzea. Kontua da gizarteak ezagutzea dibertsitate mentalaren ingurukoak, ezagutzea buruko osasun zerbitzuak erabiltzen dituztenek beren eskubideen alde egiten duten lana.
Dibertsitate mentala duten edo sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonen errealitatea ezezaguna zaio gehiengoari?
M. V.: Ezezaguna da gure egunerokoa. Legea ere ezberdina da diagnostiko bat dugunontzat; ez dugu babes bera. Ni Ospitalizazio Psikiatrikorako Unitate batean ixten ahal naute, diagnostiko bat dudalako. Psikiatra baten aginduz. Ustez epaile batek gainbegiratzen ditu psikiatraren erabakiak, baina inoiz ez du erabaki horien aurka egiten. Inoiz ez.
C. M.: Egia da buruko osasunaren esparruan egin direla urratsak azken urteotan, tratamenduetan, bertzeak bertze. Sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonen eskubideak urratzen jarraitzen dute, ordea. Eskubideak urratzen dira profesionalen eta erabiltzaileen arteko eguneroko harremanetan; lotzeko sistemen bidez urratze larriagoak gertatzen dira, bai eta erabiltzaileak beren borondatearen aurka eramaten dituztenean ospitalizazio unitateetara, edo botika bat edo bertze hartzera behartzen dituztenean. Aldaketak izan dira; Ospitalizazio Psikiatrikorako Unitateetan erabiltzaileak lotzeko sistemen erabilerari buruzko datuak jasotzea eta publiko egitea onartu du gobernuak, adibidez. Baina gehiago behar da.
Halako egoeren aurrean ahalduntzeko sortu dira Mejoranaren gisako elkarteak, ezta?
C. M.: Bai. Europan bada ereduak aldatzeko mugimendu bat, eta hemen ere hasi da sortzen. Bertze hainbat erkidegotan, hemen bezala, erabiltzaileek beren elkarteak sortu dituzte, eta profesional anitzek ere haiekin egin dugu bat, ez gaudelako ados gauzak egiteko oraingo moduarekin. Nafarroan Mejorana ari da bide horretan urratsak egiten.
Arreta ereduak aldatzeko, garrantzitsua da erabiltzaileek eta profesionalek bat egiteko espazioak sortzea?
M. V.: Erabiltzaileontzat garrantzitsua da gurekin bat eginen duten profesionalak aurkitzea. Guk salatzen ditugun eskubide urratzeak, egia erran, agerikoak dira, baina ez da erraza psikiatriaren arloko lan egiteko moduak aldatzea, halere. Horregatik, hagitz garrantzitsua da sortu dugun plataforman profesionalak egotea gure ondoan.
C. M.: Profesionalon artean ere bada gauzak aldatzeko gogoa. Behar hori ikusten dugu. Nik buruko osasunarekin lotutako diagnostikoa duten pertsonak artatzen ditut egunean hainbat orduz, eta haien ahotik jasotzen dut pairatzen duten sufrimenduaren berri: ohera lotzen dituzteneko sufrimendua, adibidez; edo kontuan hartzen ez dituztenekoa. Nik ezin dut erraten dutena entzun eta deus egin gabe gelditu. Are gutxiago gauzak egiteko bertzelako moduak egonda. Eraginkorrak eta baliagarriak diren moduak, hain zuzen ere. Badugu ordua pertsonak jartzeko prozesuen erdigunean. Zerbitzuak egokitu behar ditugu bakoitzaren beharretara. Ari gara bide horretan urratsak egiten, baina, aldi berean, oraindik ere, erabiltzaileen inguruko erabakiak hartzen dira haien iritziak entzun gabe, edo botikak ematen zaizkie, izan ditzaketen ondorioen berri eman gabe.
Zeintzuk dira zehaztu dituzuen helburu eta lan ildo nagusiak?
C. M.: Anitz dira. Erabiltzaileak lotzeko sistemen inguruan, gure helburua da bakar bat ere ez gertatzea. Horren alde lan egitea. Eskatu dugu, adibidez, laster zabalduko dituzten unitateetan horrelako sistemarik ez jartzeko. Bertze helburu bat da erabiltzaileen borondatearen kontrako ospitaleratzeen esparruan lan egitea, ahalik eta gutxien izan daitezen, eta beren eskubideak urra ez ditzaten. Ezgaitasunaren auzia ere jarri nahi dugu mahai gainean, arlo horretan ere gehiegikeriak gertatzen direlako. Formakuntzarena da jorratuko dugun bertze esparru bat.
Profesionalen formakuntzarena?
C. M.: Garrantzitsua da orain trebatzen ari diren profesionalek, hau da, psikiatrek, psikologoek eta erizainek, informazioa jasotzea lan egiteko modu berrien inguruan.
M. V.: Psikologoei, adibidez, autodefentsa irakasten diete. Uste dut anitzez ere egokiagoa litzatekeela dibertsitate mentala duten pertsonak hitz eginez artatzen ikasiko balute. Badira inor lotzen ez duten zentroak, eta ongi funtzionatzen dute. Gu gara, gehienetan, indarkeria jasaten dugunok.
Hedabideak, gizartea, oro har, trebatzeko beharra ere bada?
C. M.: Bai. Aurten jardunaldi bat egin nahi dugu esparru guztietako jendearekin hitz egiteko. Denen parte hartzea bultzatu nahi dugu, giza eskubideen alde eta oraindik indarrean dauden estigmen aurka.