Saioa Alkaiza
Bi guardia zibil ezagutu ditut, hala esan didatenak bai behintzat. Bat, Blablacar-en egin nuen bidaia batean: Bilbora joateko bere autoan hartu ninduen Iruñean. Garesen bizi zela kontatu zidan, lanarengatik zegoela iparraldean, eta herrira bueltatzea gustatuko litzaiokeela. Ez zuen deus esan bere lanari buruz. Guardia zibila zela pentsatu nuen, dena dela, ordu laurdeneko solasalditxo baten ostean, eta zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen: gelditzeko eskatu eta lehen herrian jaitsi edo isilik geratu, Bilboraino joan, eta aparkatu bezain azkar martxa egin. Isilik eman nuen bidaia, eta Bilbora sartzen ari ginela galdera egin nion. Guardia zibila zara? Bai. Beldurtu egin nintzen.
Almerian oporretan nintzela ezagutu nuen bigarrena. Ezagun baten etxean geunden Euskal Herritik joandako bi lagun, eta hor zeuden haren lagunak eta lagunen lagunak eta oso ongi ezberdintzeko gai ez nintzen jende amalgama bat. Hamar bat izanen ginen. Lanari buruz solasean hasi zen haietako bat, kexaka, zeregin asko zeuzkala, eta baldintza txarrak, gutxi ordainduta zegoela, gogorra zela, baina, bueno, bazela zerbait. Zertan lan egiten duzu ba? Guardia zibila naiz. Ni eta beste euskalduna harrituta geratu ginen, eta, gero, etxera bueltatzeko gogoa piztu zitzaigun. Pentsatu nuen zer eginen zukeen hor topo egin beharrean errepideko kontrol batean gurekin topo eginez gero, bi euskaldunekin.
Guardia Zibilak torturatu duela frogatu dute epaitegiek; Guardia Zibilak itxi zituen Egin eta Egunkaria; Guardia Zibilak sarekadatan eraman ditu herritarrak, asko epaiketaren ostean aske geratzeko, hori bai, kartzelan denboralditxoa pasa eta gero; Guardia Zibila da herri batzuetan egunean hiru kontrol jartzen dituena eta bertakoak isunez zigortzen dituena; toki askotan izenez deitzen dituena herritarrak, nor diren badakiela argi gera bedi; euskaraz ez hitz egiteko agintzen dizuna; arma eskutan edozein gauza galde diezazukeena…
Delitu dirudi, ordea, indar armatu baten presentzia eta legitimitatea ikusi ez eta alde egin dezaten nahi izatea, ikusi besterik ez dago Altsasuko gazteen kasuan Alde hemendik aldarriari buruz esandakoak: Guardia Zibilaren txostenen batean, zuzenean ETArekin loturiko leloa dela diote, gezur hutsa den baieztapena, 1958an jaio baitzen ideia eta Euskadiko Ezkerra izan zen, 1978an, Alde Hemendik kanpaina bataiatu zuena —Iñaki Egaña historialariak bikainki azaldu du Gara-n—. Zergatik ez da zilegi, orduan, zuzenean galdetzea ea militarizaturiko herri batean bizi nahi dugun?
Guardia zibilekin aurrez aurre egotea suertatu izan zaidanean, izuak hartu nau, aski ongi baitakit non bizi garen. Argi baitut inoiz ostaturen batean liskar bat haietako batekin izanez gero Auzitegi Nazionalean buka nezakeela aldez aurretik diseinatutako epaiketa batean. Eta, orduan, galdetuko lidakete ea inoiz arazorik izan ote dudan Guardia Zibilarekin, eta, ezetz erantzunda ere, artikulu hau nahikoa litzateke terroristatzat hartzeko.