Hezur eta haragizko Maiatzaren Lehena

Hezur eta haragizko Maiatzaren Lehena

Edurne Elizondo

Karrikara atera ziren sindikatuak asteartean, Maiatzaren Lehenean. Mahai gainean jarri zuten, bertzeak bertze, sindikalismo politikoago bat egiteko beharra, eta greba orokorraz hitz egiten hastekoa. Mobilizatzen eta aldarrikatzen jarraitzea ezinbertzekotzat jo zuten erakundeotako buruzagiek, langileen eskubideen alde.

Nafarroan, apirilean zabaldutako datuen arabera, 35.910 pertsona daude langabezian. Ia 21.000 emakumeak dira. Langabeen artean, %9 dira 25 urte baino gutxiagokoak, eta ia %19, berriz, 25 eta 34 urte bitartekoak. Lana dutenen artean ere, prekaritatea da nagusi. Beren esperientzien berri eman dute arlo ezberdinetako hainbat langilek.

IRENE SOTOS

Etxeko langilea

“Emakumeek beti doan egiten duten lana egiten dugu; ikusezinak gara”

Maiatzaren Lehena maiatzaren 1a bertzerik ez da Irene Sotosentzat. Egun bat, edozein egun. Ez du sentitzen sindikatuek ordezkatzen dutenik. “Emakumeek beti doan egin duten lana egiten dugu guk, eta, ondorioz, ikusezinak gara”. Etxeko langilea da Sotos, La Rebelde elkarteko kide. Sektore horretan ari direnentzat bilgune izan nahi du elkarteak, denen indarra batuz, beren aldarrikapenak zabaltzeko.

Asteburuetan egiten du lan Sotosek, zaharrak zaintzen. “Ordu gutxiko kontratua dut”. Hori da bere lanaren arazo nagusietako bat, nabarmendu duenez. “Behin-behineko egoera batean gaude beti. Batetik, ordu gutxiko kontratuak ditugu, anitzetan; eta, bertzetik, epe mugatu baterako. Lanean hasten garenean, inoiz ez dakigu noiz arte ariko garen”.

Lana “egun batetik bertzera” amaitzen da, kasu anitzetan. Hori gertatzen denean, gainera, langabezia kobratzeko aukerarik ez dute etxeko langileek. “Ez gaude langileen estatutuan; guk bertze edozein langilek dituen eskubideak izan nahi ditugu”.

Nafarroan 14.000 etxeko langile inguru badira, La Rebelde elkarteko kideen datuen arabera. Haietako 9.000 inguru baino ez daude Gizarte Segurantzan izena emanda, ordea. Soldatak eskasak, eta lan baldintzak gogorrak izaten dira, gehienetan. “Lagun batek zaintzen duen pertsona ospitalean dago egunotan. Langileak ia egun osoa ematen du han, egunez eta gauez. Ez da bidezkoa”, salatu du.

“Badakit guk egiten dugun lana ez dela fabrika batean makina bati lotuta dagoenak egiten duenaren gisakoa, baina, anitzetan, lana zure bizitza bilakatzen da, bertze deus egiteko denborarik ez dizulako uzten. Erabat lotzen zaitu”.

Etxeko langileen artean migratzaileak dira nagusi. Sotos Argentinatik etorri zen Nafarroara. La Rebelde elkarteko kideekin duela lau urte bat egin zuen, etxeko langileen eskubideen alde lan egiteko asmoz. Oraindik ere, gutxi dira elkartean, aitortu duenez. “Zaintza lanetan ari diren migratzaileek, anitzetan, egoera are gogorragoa utzi dute atzean, eta eskertzen dute sorterrian gelditu direnei zerbait bidali ahal izatea”.

Berak argi du borrokatzen jarraitu behar dutela. Borrokan, ikus ditzaten. “Ordua da etxeko langileon lana onartzeko eta duen balioa aitortzeko”.

MOISES VANGU

ABLE bidezko langilea

“Ateak ixten dira beltza izateagatik; bigarren mailakotzat gaituzte”

Duela hogei urte utzi zuen sorterria Moises Vanguk. Kongoko Errepublikan jaio zen, eta han hasi zituen zuzenbide ikasketak. Senegalera joan zen ikasketak amaitzera, eta, handik, Espainiarako bidea hartu zuen, azkenean. Hamar urte egon zen Asturiasen, eta azken hamarrak eman ditu Nafarroan. Asturiasen iturgintzan trebatu zen, eta, orain, aldi baterako laneko enpresa (ABLE) baten bidez aritzen da beharrean, Iruñean. “Iturgintzan, eraikuntzan, garbitzaile gisa… ahal den lana egiten dut”.

Zuzenbide ikasketak homologatzeko aukerarik ez zuen izan. “Hemen oztopoak bertzerik ez nuen aurkitu; sorterrian, gainera, gerra zegoen, eta ezinezkoa zen agiri bakar bat ere lortzea”.

Baikorra da, berez, Vangu. “Amak beti erraten dit eutsi behar diodala, eta hori egiten saiatzen naiz”. Aitortu du, halere, beti ez dela erraza izan. Espainiako herritartasuna badu Vanguk, baina argi utzi du Espainiako Nortasun Agiria izan arren beltza izateagatik “bigarren mailako herritar” bilakatzen dutela.

“Arrazakeria bada”. Lana bilatzeko orduan ere sufritu du Vanguk. “Ate anitz ixten dira beltza izateagatik. Behin, lagun batek curriculuma eraman zuen enpresa batera. Utzi eta hamar minutura itzuli zen, datu bat falta zitzaiola konturatu zelako; ordurako, curriculuma zaborrontzian zen”.

Hiru urteko kontratua izan da, orain arte, izan duen luzeena. Orain, egun gutxi batzuetan edo astebetez aritzeko kontratuak egiten dizkiote, gehienetan. Etxea du, eta gelak alokatuta lortzen du soldata osatzea. “Bertzela, ezinezkoa litzateke”.

Sanferminetan karrikan jartzen dituzten komunak garbitzen ariko dela azaldu du Vanguk: “Norbaitek egin behar du”. Emaztea Kongoko Errepublikatik Iruñera ekartzeko lanean jarraituko duela erantsi du. “Burokraziarentzat ere beltza naiz”.

Duela bi urte hasi zuen emaztea ekartzeko prozesua, eta agiri guztiak eduki eta baldintzak bete arren, Kongoko Espainiako enbaxadak ez dio eman baimena, oraindik ere. Eskaera bat egin nahi izan die nafar guztiei: “Ireki besoak. Badakit batzuetan zaila dela, baina denon artean lor dezakegu denontzako gizarte justuago bat. Ireki besoak”.

HAIZEA HUARTE

Psikologo soziala

“Gazteok doan lan egin behar dugu esperientzia lortzeko”

Psikologo soziala da Haizea Huarte. Duela bi urte amaitu zuen gradua, eta berriki, ikasketak amaituta egin zuen masterra. Iazko udan lortu zuen, aurrenekoz, bere ikasketekin lotutako lan bat. Ordezkapenak egiten aritu zen. Orain ere, horretan ari da. “Gaixo agiria jaso duen langile baten ordez ariko naiz, ustez luzerako”.

Behin-behinekotasuna izan da, orain arte, Huarteren lan esperientzia zehatzen definitu duen ezaugarria. Horixe nabarmendu du. Ikasten ari zen bitartean, hamaika esparrutako lanetan aritu da: “Ostalaritzan, denda batean, haurrak zaintzen…”. Ikasketak amaituta, oztopo nagusietako bat edozein lanpostutan eskatzen duten esperientzia dela azaldu du. “Gazteon betiko arazoa da, esperientzia eskatzen digute lan egin ahal izateko, baina nola izanen dugu esperientzia lanik ematen ez badigute?”.

Boluntario gisa arituz lortu du eskatzen duten esperientzia hori. “Arlo sozialean ari diren entitate gehienek badituzte halako programak. Azkenean, doan lan egin behar dugu esperientzia lortzeko”. Gazteek, neurri batean, egoera hori barneratu dutela uste du Huartek. “Prozesua hori dela sinetsi dugu, neurri batean. Ezegonkortasun hori dela egungo bizitza eredua. Boluntario gisa hasi behar dugula, gero ordezkapenak egin ahal izateko. Txandarik txarrenak egokitzen zaizkigu, gehienetan”. Kontratu mugagabea lortzea litzateke azken urrats eta helburua, baina Huartek, oraingoz, urrun ikusten du aukera hori.

MAITE ELORZ

Loxin enpresako langilea

“Ez dut baztertzen lanera kanpora joateko aukera”

Azken bost urteotan izan duen lanpostua galtzeko zorian da Maite Elorz. Ezkirozko Loxin etxeko langilea da. Enpresa hori kudeatzen duen multinazionalak 64 kideko lantaldea murrizteko asmoa agertu du: 40 langile kaleratzeko, lana erregulatzeko espedientea aurkeztu nahi du, zehazki.

Apirilaren 19an eman zien enpresak bere asmoen berri langileei. Hilabeteko epea zabaldu zuten, orduan, negoziatzeko. “Epe hori bukatu eta hamabost egunera aurkeztu nahi dute lana erregulatzeko espedientea”, azaldu du Elorzek.

“Gainean dugu langabeziaren itzala”. Elorz ELAko ordezkaria da Loxin etxean. Argi du enpresaren kudeaketa bere esku duen multinazionalaren asmoek ekarriko dutela, batetik, lanpostuak suntsitzea eta, bertzetik, lanean jarraituko dutenen baldintzak eta egoera kaskartzea. “Lantalde gaztea gara, eta espezializatua. Badakigu lana aurkituko dugula, baina ez da erraza izango”, erantsi du.

Robotikan aritzen da Loxin, aeronautikaren sektorean. Elorzek ez du baztertzen bertze herriren batera joan behar izatea lan bila, lana erregulatzeko espedientea gauzatzen bada. “Nik ez dut seme-alabarik, eta ez dut baztertzen kanpora joateko aukera. Alemanian bizi da nire neba, eta ez dut baztertzen harat joatea. Enpresan badira seme-alaba txikiak dituzten langileak, eta haientzat zailagoa izanen da mugitzea. Zenbaitek argi dute lan esparrua aldatu beharko dutela”.

Lana erregulatzeko espediente bati bigarrenez egin behar dio aurre Elorzek. Aurrekoak Gamesan harrapatu zuen lanean. “Bi urtez aritu nintzen han”. Kalean utzi zuten arte. “Natural hartu dut oraingo prozesua”, onartu du langileak. Elorzek uste du Loxin etxeko langileen egungo egoerak bertze langile anitz ukitzen dituela. “Eredu ekonomiko zehatz bat dago gertatzen ari denaren atzean, enpresak tokiz aldatzen dituen eta azpikontraten alde egiten duen eredua, alegia”, salatu du.

Nafarroan sortutako enpresa dela nabarmendu du, eta “langileen ezagutza” duela altxor nagusi. “Lantalde oso teknikoa dugu. Argi dugu 24 langilerekin enpresak ezin izanen duela aurrera egin”.

Makina-erremintaren esparruko etxea da Loxin. “Iruñerrian ez dago aukera asko arlo horretan”. Protestak hasi dituzte Ezkirozko langileek. Presioa egiten jarraitzeko prest dira, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote esku hartzeko.

Ziurgabetasuna, zalantza da nagusi Loxin etxeko langileen artean. Ziurgabetasuna, prekaritatea eta zalantza nagusi dira, gaur egun, langile anitzen egunerokoan. Errealitate hori salatzeko eguna da Maiatzaren Lehena anitzentzat; eusten jarraitzeko eguna bertze askorentzat. Bada zer aldatu.