Egituran dagoen arazo baten sintoma

Egituran dagoen arazo baten sintoma

Edurne Elizondo

Beren funtzioa betetzen ari dira epaileak eta hedabideak: sistema patriarkalari eusten ari dira”. Horixe erran zuen Montse Pinedak, iazko azaroan, Iruñean, 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko sexu erasoaren inguruko epaiketa hasi zenean. Creacion Positivako ekintzaile feminista da, eta indarkeria matxistetan aditua. Auzi horren inguruko epaia ezagutu eta gero, errandakoa berretsi du Pinedak: “Zoritxarrez, erran nuenari eutsi behar diot; sistema judizialak eta zigor kodeak gure gizartearen balioak azaltzen dizkigute, eta balio horiek patriarkalak dira”.

Bost gizonen artean 18 urteko emakume bat inguratu, atari bateko gelan sartu, paretaren kontra inmobilizatu, sexu harremanak izatera behartu, bideoan grabatu, emakumea lurrean botata utzi eta haren sakelakoa ebatsi, laguntza eskatzerik izan ez zezan. Hori gertatu zen Iruñean, 2016ko uztailaren 7ko goizaldean. Nafarroako Lurralde Auzitegiak frogatutzat jo du sekuentzia osoa. Hala ere, epaileen arabera, eginikoa ez zen sexu erasoa izan.

“Abantailakeriazko sexu abusu jarraitua” egotzi, eta bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri diete bost akusatuei. Epaileek onartu dute sexu harremanak ez zirela “adostuak” izan, eta emakumea “behartu” egin zutela, euren “nagusitasun fisikoa” baliatuz. Hala ere, ez dute frogatutzat jo auzipetuek “indarkeria fisikoa, mehatxuak edota larderia” erabili zutenik. Magistratu batek boto partikularra eman du, gainera, eta absoluzioa eskatu bost gizonentzat.

“Sexu eraso batean beti bada indarkeria”. Horixe erran du Clara Timonelek. Sexu osasunean eta giza eskubideetan aditua da. Onartu du “estutasun handia” eragin ziotela epaia ezagutu aurreko egunek. “Absolbituko zituztela uste nuen. Zigortu zituztela jakin nuenean, lasaitua hartu nuen, baina amorru bilakatu zen, berehala, gertatutakoa abusutzat jo zutela jakin nuenean”.

“Genero indarkeriei buruz ari garenean, sistemak ziurtzat jo ohi du emakumeak gezurra erraten duela. Egoera hori bazter uzteko ordua dugu. Ez da erraza, ordea, inguru patriarkal eta misogino batean bizi baikara”, nabarmendu du Timonelek.

Justiziaren arloa inguru patriarkal eta misogino horren barnean dagoela argi du Timonelek; June San Millan abokatu eta Salhaketako kideak ere ideia hori nabarmendu nahi izan du: “Sententziak agerian utzi du, batez ere, justiziaren esparruan inolako genero ikuspegirik ez dagoela, eta emakumeak erabat salduta daudela; justiziak ez ditu betaurreko moreak jantzi, oraindik ere”, erran du, argi eta garbi. Arazoa da, haren ustez, jurisprudentziak bizkarra ematen diola genero ikuspegi horri. “Sententziak onartzen du emakumeak egia erran duela. Larderia ez du onartzen, ordea, jurisprudentzia halakoa delako, genero ikuspegirik gabea, alegia”.

Zigor kodea aldatzeko aukeraz harago, “egiturazko aldaketa” behar dela nabarmendu du San Millanek. Izan ere, sanferminetako taldeko sexu erasoaren inguruko epaia ez da salbuespena. Azken egunotan, adibidez, Kantabriako (Espainia) epaile batek sexu abusutzat jo du gizon batek haur bati egindakoa, eta ez, ordea, erasotzat, umeak ez ziolako erasotzaileari “aurre egin”. Haurrak 5 urte baino ez zituen lehen erasoa sufritu zuenean. “Gisa horretako epaiak eguneroko kontua dira”, erran dute adituek.

“Arazoa ez da legea, epaileek egiten duten interpretazioa baizik. Horregatik, zigor kodea moldatzea ez da konponbidea; hamaika aldaketa egin dira, eta denek ekarri dute egoerak okerrera egitea. Kontua da giza eskubideen eta feminismoaren ikuspegia txertatzea”, berretsi du San Millanek.

Botere abusua

“Sexu indarkeria terrorea eragiteko tresna bat da”. Timonelenak dira hitzak. Gehiago erran du: “Abusua, berez, ez da sexu abusua, beti da botere abusu bat, edo konfiantza abusu bat. Sexualitateaz abusatu daitekeela errateak argi uzten du sexualitateaz, harremanak ezartzeko dinamikez eta indarkeriaz ditugun ikuskera eta definizioa erabat aldatu behar ditugula”. Kantabriako sententziaren kasuaren gisakoetan, erasoa umeek sufritzen dutenean, Timonelek uste du sexu abusutzat jotzea “iraina” dela biktimentzat, “umeei ez duten dimentsio sexuala egozten dielako”.

Timonelek aipatu duen indarkeriaz, sexualitateaz edo harremanak ezartzeko moduez gogoeta egiteko beharrarekin lotzen da, bertzeak bertze, Laura Casielles kazetariak egunotan idatzitakoa: “Gertatzen ari dena kontzeptuekin lotutako kontu bat da, inguratzen gaituen mundua ikusteko eta izendatzeko dugun moduarekin. Arazoa da dugun zigor kodeak ez duela indarkeria egungo edozein emakumek bezala ulertzen; ez du larderia ulertzen botereak eta pribilegioek gure harremanak gurutzatzen dituztela argi duen edozein pertsonak ulertzen duen moduan”.

“Mingarritzat” jo du Casiellesek 2016ko Iruñeko taldeko sexu erasoaren inguruko sententziak jaso izana indarkeriarik ez zela izan. “Baimenik ez bada, indarkeria bada”.

Baimenaren inguruan egiten dute lan, hain zuzen ere, La Pregunta 28 taldean. Talde horretako kide Stef Papinek, Cristina Gozalok eta Loreto Aresek idatzi dute Pikara Magazine hedabidean: “Baimena (txarra) eta desioa (ona) kontrajartzen dituen diskurtso bat zabaltzen ari da. Desioarena eremu labainkorra da, bizi dugun heteropatriarkatuan eraikuntza bat baita, gure subjektibotasunek eta esperientziek ukitua. Guk boteretzetik pentsatu nahi dugu: baimentzen dut nire gorputzaren gaineko boterea dudalako; onartzen dut nik hala erabakitzen dudalako; adosten dut hala egin nahi dudalako. Arazoa ez da desioa; arazoa da desioa identifikatzeko edo azaltzeko zer tresna dugun, kontuan hartuta bortxaketaren kulturak denok zeharkatzen gaituela”.

Montse Pinedarentzat, baimenaren auzia “funtsezkoa” da. “Erabakiak nork eta nola hartzen dituen oinarrizko auzi bat da sistema patriarkalean, eta ez dugu ahaztu behar sexu indarkeriak direla gizarteak emakumeen bizitza kontrolatzeko erabiltzen duen tresna”.

Pinedak uste du ezetza ezetz dela dioten leloak ez direla nahikoak, sexu indarkerien aurkako kanpainetan. Mezuak bertzelakoa izan behar duela. “Onespen positiboaren aldekoak gara gure elkartean. Bakarrik baietz erraten baduzu dela baietz; eta hala eta guztiz ere, baietz hori baldintzatuta egon daitekeela argi izan behar dugu”.

Emakumeak subjektu politikotzat aldarrikatu ditu Pinedak, eta Iruñeko sententziak izaera hori ukatzen duela salatu du, hain zuzen ere. Ukatze horrek emakumeak “nazkatu” dituela uste du Pinedak, eta horregatik atera direla karrikara, azken egunotan, patriarkatuaren aurka. Clara Timonelek nabarmendu du “harro” dagoela karrikan epaiari eman zaion erantzunarekin. “Aurrera egin dugu, eta sumatzen dut mugimendu feministaren kritikak ari direla iritzi publikora ailegatzen”. Bat egin du Pinedak: “Sententzia honek ekarri du, lehen aldiz, auzi horri buruz hitz egitea espazio guztietan”.

Nazioartean ere izan dute oihartzuna mugimendu feministaren protestek, bai eta epaiak berak ere. Europako Batzordeak gogoratu du, adibidez, bortxaketa direla baimenik gabeko sexu harremanak, Istanbulgo akordioaren 36. artikuluaren arabera. Nazio Batuen Erakundeak ere nabarmendu du sententziak “bortxaketaren larritasuna gutxiesten” duela, eta kalte egiten diola, “argi eta garbi”, emakumeen eskubideak errespetatzeko beharrari. Europako Batasuneko Justizia eta Genero Berdintasun komisario Vera Jourovak ere hartu du hitza, epaiari buruz: “Espero dut helegiteari erantzun azkar eta justu bat ematea”.

Hainbat epaileren artean ere sortu du ezinegona sententziak. Dalila Dopazo (Lugo, Galizia), Nekane San Miguel (Bilbo) eta Angels Vivas (Bartzelona) magistratuek, adibidez, gutuna idatzi diote biktimari, eta argi erran diote epaiak bortxaketatzat hartu beharko zukeela haren kontrako delitua.

Epaileok nabarmendu dute, gainera, eraso baten aurrean “emakume bakoitzak ezberdin” erreakzionatzen duela. Bat egin du Clara Timonelek. “Pentsa dezakegu eraso baten aurrean modu batera edo bertzera jokatuko genukeela, baina ez dago jakiterik. Inoiz ez dakizu nola erreakzionatuko duzun”. Timonelek erantsi du “sistemarentzat” ez dagoela “biktima on bat” izateko modurik. “Sistema bera tranpa bat delako. Ezin dugu joko horretan sartu”. Sistemak biktima “epaitzen” duela erantsi du, eta errealitate horri “gogor” egin behar zaiola aurre.

Feminismoa eta kartzela

Nafarroako Lurralde Auzitegiak apirilaren 26an eman zuen 2016ko sanferminetako bortxaketari buruzko epaiaren berri. “Arratsalde osoa eman nuen sententzia irakurtzen”. June San Millanek argi du larderia gertatu zela duela bi urteko taldekako erasoan, eta, argi du, halaber, genero ikuspegirik ezak ekarri duela epaileek eman duten sententzia. “Denen eskubideak bermatu behar direla zalantzarik ez dut; baina beldur naiz sistemak akusatuen eskubideak bermatzeko joera nabarmenagoa duela emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako kasuetan”.

Feminismotik epaiari buruz zabaldu diren hainbat mezurekin ere kritiko agertu da San Millan; zehazki, espetxe zigorraren ingurukoekin. “Feminista batek ezin du espetxea defendatu”, erran du. “Kartzela defendatzen duenak ez du ezagutzen. Gaztakak konpontzeko eta biktimari dagokion ordaina emateko bertze sistema bat behar dugu”.

Salhaketako kide eta abokatuak onartu du oraingoaren gisako sententziek eta erasoek bereziki ukitzen dituztela herritarrak. “Auzi hagitz mediatikoa izan da, eta gertatu dena izugarria da”. Amorrua normaltzat jo du. “Harago” jotzeko beharra berretsi du, halere: “Denen giza eskubideak bermatuko dituzten formulak bilatu behar ditugu; helburua da min gehiago eraginen ez duten bideak bilatzea, eta, batez ere, delitua prebenitzea. Ez dadila horrelakorik berriz gertatu. Justizia konpontzailea existitzen da; badira bertze bideak. Azter ditzagun, kasuz kasu erabiltzeko”.

Formula berriak jorratzeko bide horrekin lotu du justiziaren esparruan giza eskubideen eta feminismoaren ikuspegia txertatzeko beharra. “Feminismo gehiago, eta espetxe gutxigo behar dugu”, laburbildu du San Millanek. Feminismoa, bertzeak bertze, indarkeria sufritzen duten emakumeak babesteko.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku