Jon Barberena
Adio erran aitzinetik, besarkatzaile onari bizkarrik ez emateko aholkatu zigun Bi Bala musika taldeak. Euskaldunok, jatun onak izaki, hitza aise jaten omen dugu, topikoak hautsi dituen rock talde honendako. Topikoen topikoa baita euskalduna isila bezain zuzena dela. Hau da, teorian hitzeko pertsonak gara, eta, hitzemanez gero, bete egiten dugu. Akaso, hitzekoak gara, guti solastatzen garelako. Isiltasunak bere bentajak ditu. Ahotik arin kanporatzen diren solasek pisua har dezakete eta pertsonaren egunerokoa zamatu. Inon eskribitu gabeko hitzek, forma fisikorik ez duten hitzek, eginbeharra edo konpromisoa eska diezagukete, eta konpromisoek lot gaitzakete.
Euskaldun maskulino peto-petoaren irudian, isiltasunaren dimentsioa eta sentimenduekiko zurruntasuna gehiago handitzen da. Bihotza soinean egunero darabilgun arren, gutitan azaleratzen dugu bihotzean altxatzen duguna gizonezko euskaldunok. Ez da konpromiso handiegia eskatzen duten hitzak direlako. Lotsak trabatzen du Eusko Labela duen gizonezkoaren mingaina, eta isiltasunean babesten da.
Maite izena hedatua da gurean. Neska anitzen izena da egun, baina euskal izenak debekaturik egon ziren sasoian normala zen haurrari Maria Teresa paratzea, gero Maite deitzeko. Orain ez ditugu umeen euskal izenak bertze izen baten gibelean altxatzen, baina maite hitzarekin hasten diren sentimenduak bai.
Bernart Etxepare handiak ez zuen maite zaitut esaldirik bere liburu famatuan eskribitu, eta haren partez onesten zaitut erabiltzen zuen. Onespenetik maitasunera aldea dago. Maitasuna hitz potoloagoa da. Ikaratu ote zen?
Kirmen Uriberen Maite zaitut, ez poeman, berrogei urtez labe garaietan lan egin zuen aitak maite zuela erran ezin zion alabari opari neketsu baten bidez erran zion hitzez adierazi ezin zuena. Hitz guti batzuk ahoskatzea eta sentimenduak azaleratzea baino errentagarriagoa eta errazagoa suertatu zitzaion lan delikatu hura. Lantegitik banan-banan ebatsi zituen piezak soldagailuarekin josi eta altzairuzko ohatzea egin zion ezkontzera zihoan alabari.
Xabier Lete ere ez zen atrebitu Jardin bat zuretzat kantu egin berria kantatu aitzinetik Lurdes Iriondori publikoki sentitzen zuena zuzen-zuzenean erratera. 1999ko buruilean eman zuen azken kontzertu hartan, ingelesez eta frantsesez egin zion eskaintza Lurdesi: “To my wife… Pour ma femme“. Lotsati agertu zen Lete, bertze hizkuntza batzuetan biluztea erosoago suertatu zitzaion.
Sentimenduak azaleratzeko lotsa ondorio kulturala da. Eraikia. Gizarteak markatutako jokabidea. Gizonezko euskaldunok batik bat isiltasunean sufritzen dugun sindromea da. Ez naiz hitzen erranahia gastatu artio hitz potoloak behin eta berriz zentzugabe ibiltzearen aldekoa. Baina erran gabeko damuak gehiago zamatzen du pertsona, errandakoaren damuak baino. Alda dezagun euskaldun prototipo maskulinoaren irudia. Beraz, urrikitu aitzinetik, adieraz diezaiegun familiakoei, lagunei, bikotekideari… lotsarik gabe sentitzen duguna. Arinago eta zoriontsuago sentituko gara. Zuk nor maite duzu?