“Zuhurtasun printzipioarekin jokatu behar dugu”

“Zuhurtasun printzipioarekin jokatu behar dugu”

Edurne Elizondo

Iaztik ari dira Burlatako bizilagunak protesta egiten, herriko hotel batean telefonia mugikorreko antena bat jartzeko duten asmoaren aurka. Udalak bat egin du beren aldarrikapenekin, eta helegitea aurkeztu du Nafarroako Gobernuaren aurrean. Antenen eraginari buruzko ikerketa independenteak eskatu ditu Burlatako alkate Txema Novalek (Lieja, Belgika, 1962).

Noiz izan zenuten Burlada hotelean telefonia mugikorreko antena bat jartzeko duten asmoaren berri?

2017ko bukaeran izan genuen asmo horren berri, hainbat bizilagunek salatu zutelako lanak egiten ari zirela hotel horretan, sakelako telefonoentzako antena bat jartzeko. Gertatzen ari zena ezagutu eta gero, lanak geldiaraztea erabaki zuen udalak.

Udalak ez zuen lan horien berri? Ez zioten baimena eskatu behar?

Azken urteotan hainbat aldaketa gertatu dira legedian, Europatik zehaztutako zuzentarauetara eta merkatuaren liberalizaziora egokitzeko. Sistema kapitalistak, finean, joera du bere legeen bidez garapen ekonomikoa laguntzeko neurriak ezartzeko. Horrek ekarri du hainbat urrats bertan behera gelditzea. Lehen, udalaren baimena edo lizentzia behar zen lanak egiteko. Baimen hori eskatu eta jaso arte zain egon behar zuen obra egin nahi zuenak. Hori aldatu da. Orain, arloan aditua den teknikari batek sina dezake adierazpen bat erranez egin nahi den obrak bat egiten duela indarrean dagoen araudiarekin. Adierazpen hori administrazioaren aurrean aurkeztea nahikoa da lanak hasi ahal izateko. Udalak obrak egin eta gero izanen luke aukera gauzak behar bezala egin direla kontrolatzeko.

Obrak hasi aurretik, beraz, adierazpen hori aurkeztu behar izan zuen hotelak, ezta?

Onartu behar dut ezin dudala baieztatu adierazpen hori behar zen unean aurkeztu ote zuten. Susmoa da ez zutela egin. Udalak onartu behar du bizilagunen salaketa jaso arte ez zuela izan gertatzen ari zenaren berri. Horrela jakin genuen zer asmo zuten, eta jakin bezain pronto erabaki genuen lanak gelditzea.

Orain geldirik dira, orduan?

Bai. Udalak uste du ez dela nahikoa teknikari batek sinatutako adierazpena aurkeztea lanak hasteko, kasu honetan. Antena jarri nahi duten tokiak jasota egon behar du Nafarroako Azpiegituren Planean. Plan horrek, telefonia antenen arloan, zehazten du non jar daitezkeen. Eta antena jarri nahi den tokia ez badago plan horretan jasota, jaso dezaten eskatu egin behar da. Kasu honetan, antena jartzeko tokia ez dago plan horretan. Alegazioak aurkeztu genituen. Prozesua ez da batere argia, alegazioak egiteko eta plana jendaurrean egoteko epeak ez daudelako ongi zehaztuta.

Alegazioak ez dituzte onartu?

Guk erran dugu, batetik, epeak ez ditugula egokitzat jotzen, bizilagunek ez dutelako obraren berri izateko denborarik izan; eta, bertzetik, antena jartzeko tokia ez dela batere aproposa. Nafarroako Gobernuak erabaki du gure alegazioak aintzat ez hartzea; ez gureak, ezta hainbat herritarrek aurkeztutakoak ere.

Bada bertze urratsik egiteko aukera?

Gobernuaren erabakiaren aurkako gorako helegitea aurkeztu dugu. Oraingoz, beraz, erabaki hori ez da behin betikoa. Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuak du orain hitza, departamentu horrek erantzun behar baitio gure eta herritarren errekurtsoari. Bitartean, hoteleko lanek geldirik jarraituko dute.

Epeak ez direla egokiak erran duzu. Uste duzu prozesua ez dela behar bezain argia?

Prozesua hagitz korapilatsua da. Finean, mesede egiten die enpresen interesei. Lanak hasteko teknikari batek sinatutako adierazpenari buruz, adibidez, nik argi dut tramite horrek baduela zentzua okindegi bat zabaldu nahi duenarentzat, adibidez. Baina ez dut uste zentzuzkoa denik adierazpen hori erabiltzea telefonia mugikorreko antena bat jartzeko. Legedia eta tramiteak korapilatsuak dira, eta ekartzen dute hori egiteko aukera. Maila berean jartzen dituzte okindegi bat zabaltzeko edo antena bat jartzeko proiektuak. Gu ez gaude horrekin ados. Antena batek herritarren osasunari eragiten ahal dio.

Horregatik erabaki duzue kontra egitea?

Bai. Ceferino Maestu aditua izan dugu aholkulari. Denok dugu argi erradiazioren auziak, gutxienez, zalantzak jartzen dituela mahai gainean, osasunean izan dezakeen eraginari buruz. Egia da eztabaida dagoela, eta ikerketa independente gutxi egin direla; gehiago behar dira; horregatik, hain zuzen ere, zuhurtasun printzipioarekin jokatu behar dugula uste dugu, eta herriaren erdian antena bat jarri baino lehen, egon daitezkeen alternatibak aztertu.

Alternatibaren bat baduzue mahai gainean?

Orain arte, adibidez, antena guztiak jarri dira herritik kanpo. Auzi honek niri tabakoaren kasua ekartzen dit gogora. Uste dut badaudela antzekotasun garbi batzuk. Orain, denok dugu argi tabakoa txarra dela gure osasunarentzat. Duela 50 urte, ordea, ez zen hori gertatzen. Herritarrek ez zuten orain bezala hartzen, ez zuten orain bezain argi eragiten duen kaltea. Antenekin antzekoa gertatzen dela uste dugu, eta badela, neurri batean, eragin dezaketen kaltea arintzeko joera bat. Gutxi dakigu, baina dakigunak erraten digu eragina badela. Beraz, joka dezagun zuhurtasunez. Antenak ez daude baimenduta eskolen ondoan, adibidez. Zerbaitengatik izanen da.

Herritarrak kezkatuta daude?

Bai, bada kezka. Burlatan izan dira telefonia mugikorreko antenak jartzeko bertze hainbat saio, azken hamar urteotan, eta saio bakoitzaren aurrean herritarrak atera dira karrikara beren kezka agertzera, orain bezala. Udalak herritarrekin egin du bat beti, eta, orain, hain justu, Burlatako erdigunean antenarik ez da. Denak daude herritik kanpo.

Gorako errekurtsoari gobernuak eman beharreko erantzunaren zain, zeintzuk dira hurrengo urratsak?

Hilaren 2an, Burlata Bizigarri plataformak aurkeztutako mozioa onartu zuen udalak. Haren bidez berretsi dugu herritarren osasunaren aldeko gure jarrera. Gainera, konpromisoa hartu dugu herritarrei informazioa zabaltzeko saioak antolatzeko. Gobernuko, parlamentuko eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko arduradunekin ere bilerak egin nahi ditugu, denen artean, osasun publikoaren aldeko neurriak hartu ahal izateko. Argi dugu, halaber, herritarrek presioa egiten jarraitu behar dutela.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku