Aldi baterako habiak

Aldi baterako habiak

Kattalin Barber

Guraso biologikoek haien kargu egiterik ez, eta 158 adingabe bizi dira Nafarroan harrera zentroetan, harrera familia baten premian. Oinarrizko behar guztiak beteak dituzten arren, etxe baten goxotasuna eta familia baten berotasuna faltan dute. Nafarroako Gobernua familiak bilatzen ari da aldi baterako haurrak etxean har ditzaten familia harrerarako programaren bidez.

Harrera familien behar larria du gizarteak. Izan ere, gobernuko egoitza baten aldean, harrera familiak “are lehentasunezkoagoak” dira neska-mutil gehienentzat. “Batez ere, ingurune afektibo eta erreferentzial sendoagoak eskaintzen dituztelako”, esan du Maite Miguez Nafarroako Gobernuko Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzako Zaintzako arduradunak. Harrera programaren inguruko datuak eman ditu berriki Nafarroako Gobernuak: 2017an, 223 adingaberi egin zitzaien harrera; horietatik 149 familia zabalarekin zeuden, hau da, haurren senideekin, eta 74 neska-mutil, beste familia batzuekin. Beste 158, berriz, egoitzetan daude, eta harrera familia baten esperoan daude batzuk.

Miguezek nabarmendu du 7 urtetik gorako adingabeentzat dutela harrera familiak aurkitzeko zailtasunik handiena. “Familiak aurkitzeko zailtasunen arrazoia beldurra izan ohi da. Aurretik hainbat esperientzia bizitako haurrak dira, eta berariazko beharrak dituzte, baina ez dira zertan zailagoak izan”. Harrera familiak oinarrizko zutabeak dira babes sisteman, eta haur txikienekin bide hori lehenetsi behar da beti. Larrialdiko harreretarako familiak ere behar dituzte. Kasu honetan, premiaz esku hartu behar denean edo egoera aztertzeko behar den denboraldian adingabeak etxean hartzeko programa da. “0 eta 6 urte arteko haurrentzat da, eta iraupen laburreko neurria, sei hilabete baino gehiago ez”.

Orain lau urtetik harrera ama da Carmen Blanco Saralegi. 2014tik bizi da Saioa harekin: “Elkartasuna izan zen adingabe bat hartzeko arrazoia”, aitortu du. Ez da sekula damutu. 11 urte zituela iritsi zen Saioa etxera. “Ez nuen neure burua haur txiki batekin ikusten, eta inoiz ez dut uste izan adina arazoa izan zitekeela”.

Elkarbizitzaren alde onak eta txarrak izan ditu hizpide, baina bete-betean egin du Nafarroako Gobernuaren familia harrerarako programaren alde. “Edozein familiak balio du harrerarako. Askotan, harrera familiak heroi gisa ikusten gaituzte, baina ez gara horrelakoak, normalak gara”. Harrerak ohikoak izan daitezke, hau da, behin-behinekoak, gehienez bi urtez, edo behin betikoak, jatorrizko familiarekin itzultzeko aurreikuspenik gabekoak. Badira larrialdiko harrerak eta harrera espezializatuak ere.

Blancok behin betiko harreraren alde egin zuen. Kasu horretan, adin nagusi izan arte luza daiteke. Jadanik lau urte daramatza Saioarekin: “Bi familia dituzten gazteen gisa hartu behar ditugu. Alde horretatik, Saioa nirekin dago bere egunerokoan, baina ikuspuntu guztietatik bere familia biologikoa presente izatea oso garrantzitsua da”. Normalean, jatorriko familiarekin harremana izaten dute adingabeek, eta gomendatzen da bi familien parte hartzea izatea harrera positiboa izan dadin. Saioaren kasuan, hasieran bakarrik bete zen gomendioa. Orain dela bi urte, familia biologikoak harremana etetea erabaki zuen. “Errespetatu behar dugu adingabeek beste familia bat dutela, eta haien istorioa onartzen duzun heinean oso ongi doa harrera”, azaldu du.

Eman adina jaso

Urtez urte gaztearen “loraldiaren” lekuko izan da Blanco. Eman adina jaso du Saioarekin, eta pozik dago: “Loratzen ari da. Erabakiak hartzen ditu, seguruago eta osasuntsuago dagoela esanen nuke”. Zailtasunak ditu eskolan, baina aurrera doa: “Inoiz ez dute eskolatu, eta badaki bizitza zaila izan duela, baina badu zer esateko, eta badu laguntza”.

Harrera familia izateaz gain, Magale Nafarroako Harrera Familien Elkarteko kide da Blanco. 30 harrera familia inguruk osatzen dute elkartea, eta, haien artean babesa emateaz gain, sentsibilizazioak eman eta irakasleekin lanean dihardute adingabe horien prozesuak hezkuntza zentroetan kontuan hartzeko. “Legedian aldaketak egitea ere proposatzen dugu, 18 urte betetzean adingabeak babesgabe ez sentitzeko, besteak beste”, azaldu du. Adin nagusi izatean, administrazioa gazteengandik bereizten da erabat, eta horrek eragiten du asko babesgabe sentitzea: “Egia da familia harrerarekin dagoen harremana ez dela aldatzen, eta kasu gehienetan elkarrekin jarraitzen dutela, baina askotan aterpe gabe sentitzen gara”.

Irudia: Nafarroako Gobernua