Tania Arriaga Azkarate
Eguraldi oneko egun urri horietako larunbat arratsalde batean, menditik hirira jaitsi ginen kaña bat hartzera. Terraza eremu bat aukeratu genuen. Gunea oinezkoentzako prestatu berri dute, eta hiru eta zortzi urte bitarteko haur andana jolasean zebilen gustura asko: batzuk korrika, beste batzuk baloiarekin, besteak errekara ogitxoak botatzen eta gaztetxoenak hula hoop txiki eta distiratsua jiratzen eta biratzen. Arratsaldeko zortziak zirela, hor ondoan dagoen elkarte gastronomiko batetik haurren gurasoak, hau da, helduen kuadrilla (ongi edana) atera zen; eta nola ez, mozkorren zegoen gizona txikiekin jolasten hasi zela ikusi genuen. Lehendabizi, haurrekin korrika, bultzaka eta txantxetan zebilen, mutiko bati mina eman eta negarrez hasi zen arte. Ondoren, neskatiko gazteenari, hiru urte edo izanen zituenari, zirikatzen hasi zitzaion: besoetan hartu; itzulipurdiak airean eman; txikiak disimuluan bere amarengana ihes egin zuen arte.
Jolas horiek egiten zituen bitartean, mozkorrak gintonikari trago luzeak ematen segitu eta bere jarrera matxiruloa erakusten zigun guztioi, hirietako alde zaharretako jauntxoen performancea; manspreading autoktonoa; kaleak nireak dira, putoamoa eta jatorra’ naizelako.
Tragoa, zigarroa eta lagunari lau hitz esan eta gero, mozkor astunak haurrengana jo zuen berriz. Oraingo honetan, baloia kendu zien jolasean ederki segitzen zuten kuadrillaren seme-alabei. Gaztetxoak behin eta berriz, baloia berreskuratzen saiatu baziren ere, gizonak haurrei burutik bultzatu eta urruntzen zituen, txiki ausart batek barrabiletan ostikada bat eman zion arte. Mozkorrak pilota eskuetan hartu, ostikada eman eta baloia errekara bota zuen. Neska-mutilek, “gure baloia, gure baloia” oihukatuz, amore eman gabe jarraitu zuten. Orduan, kuadrillakoek, bai emakumeak eta baita gizonak ere, haurrak lagundu ordez, mozkorra babestu zuten. Potroetako mina joaten ez zitzaionez, edo kuadrillak eskaini zion inpunitatearekin harrotua, gizontxoak hula hoopa hartu eta hori ere errekara bota zuen. Umeak haserre, frustratu, sumindu eta negarrez harengana joan ziren tropelean, baina kuadrillak, berriz, mozkorraren alde egin zuen. Are gehiago, neskatiko gazteena negarrez gogor ari zenez, amak besoetan hartu eta… mozkorrarengana eraman zuen, hari muxua emateko!
Mozkorra eta bere lagunak gu geunden tabernara etorri ziren gintonic bila. Gure ondotik pasatzerakoan, emakume bat aulkitik altxatu eta gizonari zera esan zion: “Nik zure diru-zorroa hartu eta errekara botako banu, ongi irudituko litzaizuke? Ba oraintxe oso gustura eginen nuke hori”. Gizontxoari entzundakoa oso gaizki iruditu eta, “hija de puta” oihuka esan ondoren, emakumea jotzera bota zen. Kuadrillakoek, ahal izan zuten moduan heldu bazuten ere, emakumearen kontra ere gogor egin zuten: “Zu zertarako sartzen zara? Pozik egonen zara lortutakoarekin!”.
Etxera gorputz txarrarekin abiatu ginen, ikusirik haurrek zer ikasi zuten: egiturak erasotzailea babesten duela, eta ahularen ahotsak ez duela baliorik.