Edurne Elizondo
Kanpo. Estatuaren indarkeriari buruzko kontakizunetik at gelditzen da migratzaileen kontrakoa. Horixe nabarmendu eta salatu du SOS Arrazakeriak, Iruñean egindako mahai inguru batean. Jeanne-Rolande Dacougna arrazakeriaren aurkako ekintzaile feministak, Oihana Barrios psikologoak eta Josu Chueca historialariak hartu dute hitza ekinaldian.
SOS Arrazakeriako kideek mahai gainean jarritako gogoeta izan dute hiru parte hartzaileek abiapuntu. Gogoeta hori laburbildu dute erakundeko ordezkari Ainara Santakiteriak eta Javier Indurainek: “Migratzaileek bidea hasten duten unetik sufritzen dute indarkeria; Europan, haien kontrako indarkeria egiturazkoa da, eta publikoa: kongresuan onartzen dituzte indarkeria horri bide ematen dioten legeak eta arauak. Indarkeria hori ikusten dugu, egunero, hedabideetan. Zergatik onartzen dugu ? Zergatik ez ditugu indarkeria horren biktimak aipatzen estatuaren indarkeriaren biktimei buruzko kontakizunean?”.
SOS Arrazakeriako kideek egindako hausnarketak Europa osoko gizartea interpelatzen du. Baita Euskal Herrikoa ere. “Egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditugunean, migratzaileentzat ere galdegin behar ditugu”, berretsi du Indurainek. Bat egin du Josu Chuecak, eta historiatik, memoria historikotik heldu dio erronka horri. 1936ko gerran sortutako kontzentrazio esparruak jorratu ditu Chuecak, bertzeak bertze, eta esparru horiekin lotu ditu, zuzenean, gaur egun migratzaileak ixteko erabiltzen diren CIE atzerritarrentzako zentro itxiak eta CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroak. “1936ko esparruetan txarrantxa erabiltzen zuten; egungo zentroetan eta mugetan, berriz, kontzertinak. Historiaren haria arantzaduna da”, erran du Chuecak.
Historialariak argi eta garbi erran du Europakoa migrazio mugimendu handiekin lotutako historia dela. “Milioika europar mugitu dira toki batetik bertzera”. Eragozpenik gabekoak izan ziren mugimendu horiek, urte luzez. “AEBetan, 1920ko hamarkadan hasi ziren migratzaileen sarrerari mugak jartzen”. Europan “paradoxa” bat gertatu zela erantsi du Chuecak: “Berlingo harresia eta bloke komunista erori eta gero, egungo gotorleku bilakatu zen Europa”.
Hainbat datu aipatu ditu historialariak errealitate horren adierazgarri: Europak 525 milioi biztanle ditu, eta haietako 3,6 milioi dira errefuxiatuak; Turkiak 79,5 milioi biztanle ditu, eta 3,1 milioi errefuxiatu. Libanok, berriz, sei milioi biztanle, eta milioi bat errefuxiatu. Europako Batasunak migrazioa kontrolatzeko ezartzen dituen politiketan Turkiak edo Marokok duten ardura nabarmendu eta salatu du Jeanne-Rolande Dacougnak, hain zuzen ere: “Europak kanpora eraman ditu bere mugak, eta kanpoko muga horiek zaintzen dituztenak migratzaileen aurkako indarkeriaren laguntzaile dira. Migratzaileentzat gero eta zailagoa da Europara ailegatzea”.
Migratzaileek sufritzen dute indarkeria; bai eta haien senitartekoek ere. Tarajal auzia jarri du adibide Dacougnak. Nafarroako Parlamentuak gonbidatu arren, bisa ukatuta, ez diete etortzen utzi 2014ko otsailaren 6an Ceutako mugan (Espainia) hildako migratzaileen familiei. “Estatuaren biktima dira, eta beren senitartekoei haien gorputzak identifikatzeko eta lurperatzeko aukera ere ukatzen zaie. Familienganako krudelkeria muturrekoa da”, erran du Dacougnak.
Emakumeen aurka
SOS Arrazakeriako kideen hitzak bere egin ditu ekintzaile feministak, eta nabarmendu du migratzaileen aurkako neurriak “legezko” izateak ez duela erran nahi bidezkoak direnik: “Legez onartutako neurriak direnez, ordea, haien bidez ezartzen den indarkeria normalizatu egiten dute, neurri batean”.
Estatuaren indarkeriak hamaika aurpegi dituela erantsi du Dacougnak: “Atzerritarren Legea, CIE zentroak, polizien indarkeria…”. Indarkeria hori salatzeko, migratzaileek dituzten mugak jarri ditu agerian ekintzaileak: “Salatzea zaila da haientzat, eta salatzen dutenean ere, justizia jasotzeko aukerak hagitz urriak dira. Horrek areagotzen du migratzaileon babesgabetasun sentsazioa. Sistemaren zigorgabetasuna nabarmena da”.
Emakumeen aurkako indarkeria bereziki aipatu nahi izan du Dacougnak; batetik, egoera “are zaurgarriagoan” daudelako, eta, bertzetik, salatzen dutenean, sistemak ez duelako sinesten erraten dutena. “Egiturazko zaurgarritasuna ekartzen du horrek guztiak”.
Gizarte mugimenduek duten ardura nabarmendu nahi izan du Dacougnak, bertzalde. “Migratzaileak, oraindik ere, ez dira hiritar. Are gutxiago beltzak badira. Beltza bazara, beti kanpotar gisa hartzen zaituzte. Gizarte mugimenduek ere badute zer hobetu horretan, diskurtso arrazistei mesede egiten dietelako batzuetan”.
Oihana Barrios psikologoak ere gizarte mugimenduei egin die so, eta nabarmendu du migratzaileekin elkarlanean aritzeko espazioak falta direla, oraindik ere. “Gauzak egiten ditugu, baina haiek falta dira; ez ditugu behar diren loturak sortzen, ez ditugu espazioak eta eztabaidak partekatzen”.
Migratzaileen aurkako indarkeria gertutik ezagutu du Barriosek, Torturaren Aurkako Koordinakundeko kide gisa hainbat pertsona artatu baititu. “Indarkeriak utzitako arrastoa sakona da. Hamaika traumak egiten dute bat”. Barriosek argi du: “Denen artean egin behar dugu denen giza eskubideen alde”.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku