Edurne Elizondo
Ongi ezagutzen du Kultura departamentua Dori Lopez Juriok (Iruñea, 1961). Kultur ekintzan aritu da, zuzendari nagusi izendatu duten arte. Kulturari buruzko ikuspegi “parte hartzailea” defendatu du.
Zer ekarri dizu ardura berri honek?
Lehenik eta behin, horixe bera, ardura handiagoa ekarri dit. Ez da gauza bera zerbitzu bateko buru izatea, bost pertsonak osatutako taldean, edo, orain bezala, pertsona horien guztien ardura zure gain hartzea. Baina poza ere ekarri dit. Lana gustukoa dut, eta ez zait ezezaguna. Beti aritu naiz Hezkuntzan eta Kulturan, eta legegintzaldi honetan, orain arte, Kultur ekintzen zerbitzuan aritu naiz. Proiektuak, beraz, ongi ezagutzen ditut, eta horrek lasaitasuna ematen dit.
Oraingo karguak gehiago lotzen zaituela uste duzu?
Ez dut uste. Lehen ere nabarmena zen genuen arduraren zama. Orain gertatzen dena da esparru zabalago bat jorratu behar dudala: liburutegiak, museoak, artxiboak… Esparru horiek ez ditut hain ezagunak, baina lantalde ona dugu, eta esperientzia handiko zerbitzu arduradunak. Kontseilariarekin ere ongi moldatzen naiz. Sintonia ona dugu. Finean, lantalde berean gara, eta hori funtsezkoa da proiektuak aurrera eramateko.
Talde lana egiten duzuen arren, zer ekarpen egin nahi diozu zuk karguari?
Urtebete falta da legegintzaldia amaitzeko. Nik nahiko nuke hasitako proiektuak burutzeko aukera izan. Hori lortu nahiko nuke.
Zer proiektu, adibidez?
Merkatua, adibidez. Bai eta Landarte ere. Proiektu berriak dira. Nafarroako Museoa moldatzen ari gara, gainera, arte garaikidearen esparrua nabarmentzeko eta erakusteko, eta arte eszenikoen eta musikaren artxiboa jarri dugu martxan.
Merkatua ekinaldiak arrakasta handia lortu du. 2017ko herrialdeko kultur ekinaldien artean erreferente nagusi bilakatu zen. Garatzen jarraitzeko asmoa duzue?
Bai. Iaz egin genuen lehendabiziko edizioa. Lan handia egin genuen, baina emaitza oso ona izan zen. Ondorioz, aurten ekinaldia luzatzea erabaki dugu, eta azaroaren 21etik 23ra eginen dugu, hiru egunez. Egia esan, Merkatuak eragin nabarmena izan du inguruko komunitateetan, bai EAEn, Errioxan, Aragoin eta Akitania Berrian ere. Komunitate horiekin harreman gehiago dugu, eta sumatuko da aurtengo Merkatuan.
Legegintzaldi hasieran zehaztutako lan ildo nagusiak nahi bezala ari zarete garatzen?
Lan ildo nagusiak jaso genituen Kulturaren Plan Estrategikoan, eta plan hori martxan jartzea lortu dugu. Plan horri lotuta sortu dugu, adibidez, Kulturaren Behatokia. Beste proiektu garrantzitsu bat ere badugu une honetan esku artean, kultura eskubideen legea egiteko proiektua, hain zuzen ere.
Kultura eskubideak bermatzeko?
Hori da asmoa. Proiektu berri bat da, ez baitago inolako gisako aurrekaririk estatuan, ezta Europan ere. Beraz, aitzindari izanen gara.
Nola zehaztu eta berma daitezke kultura eskubideak?
Esparrua oso zabala da, eta, erreferenterik ez dugunez, egia erran, ez da lan erraza lege bat ia hutsetik egitea. Guk nabarmendu nahi duguna da kultura herritarren esku jarri nahi dugula, legez jaso eskubide hori badutela. Lantaldea osatu dugu lege hori lantzeko, eta zirriborroa nahiko aurreratua dago jada.
Lotura badu kulturaren ikuspegi transbertsal batekin?
Izan dezake, bai. Argi dugu kulturak zeharkatzen dituela beste esparru asko, besteak beste hezkuntza. Hasi gara beste hainbat departamenturekin lanean, hain zuzen ere, auzi hori jorratzeko. Kulturaren izaera transbertsal hori gauzatu ahal izateko.
Noizko izanen da prest legea?
Zirriborroa amaitu eta gero, hurrengo urratsa izanen da jendaurrean erakustea, herritarrek beren ekarpenak egin ahal izateko. Gero eramanen genuke parlamentura, eta espero dugu aurrera egitea.
Legegintzaldia hasi zenean, departamentuak nabarmendu zuen kultura “duindu” nahi zuela. Zer egin duzue hori lortzeko?
Legegintzaldiaren hasieran ikusi genuen lan egiteko behar berezia bazela hainbat sektoretan, besteak beste antzerkigintzaren edo musikaren esparruan. Musikaren arloan, adibidez, egungo gobernua sartu arte, klasikoa saritzen eta bultzatzen zen, batez ere. Guk deialdi publikoetan aldaketak egin ditugu gobernuaren bultzada jaso dezaten orain arte kanpo gelditu diren beste sektoreek ere. Zabaldu nahi izan dugu jarduera. Ekinaldi berri guztiekin ere hori bilatu dugu. Kulturari buruzko ikuspuntu parte hartzaileago eta irekiago bat jorratu nahi izan dugu.
Museoen eguna eta dantza garaikideko jaialdia ospatu berri dituzue. Udan, Erriberrik hartuko du lekukoa.
Bai, hemen ez dugu hilabete lasairik. Hamaika ekinaldi ditugu, hamaika esparrutakoak. Udan Erriberriko antzerki jaialdia da izar nagusietako bat, baina Kultur programak ere eramaten ditu kultura jarduerak hamaika herritara.
Eta, bihar, Vianako Printzea saria emanen duzue. Dena prest?
Bai, dena prest dugu. Iruñeko Ganbera Abesbatzak jasoko du. Erriberrin eginen dugu ekitaldia. Lehen aldiz parte hartuko dut Kultura zuzendari gisa, baina ekinaldi ezaguna da niretzat, beti joaten bainaiz.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku