Iritzia: Eta berriro ari naiz

Lohizune Amatria

Hilabete igaro da, eta berriz ere egokitu zait astekari honetarako hainbat lerro idaztea. “Baina zeri buruz?”. Ez da erantzuteko galdera erraza. Horregatik, baliteke irakurtzen ari zaren hasiera hau errazegia izatea.

Azken hilabetean bizi izan ditudanei errepasoa egin diet azken astean, hausnarketa merezi duen zerbait gertatu zaidan bilatu nahian. “Anekdotarik?”. Gimnasioa, ordaintzeaz gain, bisitatu ere egiten dut azkenaldian; eta, sukaldean, Indiako jakiekin probatzen hasi naiz. Beraz, merezi duenik, ez, egia esan.

Hortaz, prentsara jo dut inspirazio bila. Irakurritakoak betiko gaiak eta errepikakorrak iruditu zaizkit. Jada jorratu ditudan batzuk, aipatzeko nahikoa ezagutzarik ote dudan zalantza sortzen didaten beste batzuk eta landu nahi ez ditudanak. Baina aitortu behar dut, era berean, artikulu gehienen lerroburuak baino ez ditudala irakurri. Eta, horrekin, gertatzen ari denaren edo hobeki esanda kontatzen digutenaren zati txiki eta distortsionatu bat baino ez dut jaso, noski.

Eta berriro ari naiz astekari honetan idatzi ditudan zutabeak errepasatzen. Bakoitzak zenbat ikustaldi izan dituen aztertzen. Pentsatu dut, hori jakinda, irakurleen interesen arabera aukeratu dezakedala gaia. “Penagarria”. Baina ari naiz, eta zenbakiok ikusteak gorputz txarra jarri dit. Sare sozialen sindromea dela uste dut. Ikustaldi bakoitzarekin, like bakoitzarekin, helburutik gertuago sentitzen naiz eta. Zoriontsuago. “Baina zenbat irauten du ongitasun horrek?”, eta “zein da helburua?”.

Bizitzako beste arlo askotan gertatzen zaidan bezala, nire ekintzek eta ideiek ez dute bat egiten honetan ere. Gure kontraesanekin bizitzen ikasi behar dugula diote; baina ez da batere erraza, ez.

Oraindik gogoratzen dut familiakoren bat oporretara joan, eta atzean hitz politak baino ez zituen postala jasotzen genuenekoa. Baliteke bertan egon bitartean euria egin izana, baina guri irudi eder eta eguzkitsu bat iristen zitzaigun. Eta iruzkina ere halakoa izaten zen: “Oso ongi gaude. Besarkada bat!”. Gezurrezko errealitate bat eraikitzen ari gara; eta aspalditik, gainera.

Gertukoen eta ezezagunen aurrean ongi geratu nahi izaten dugu. Baita artikulu honekin ere. Baina arrisku handia dakar horrek. Zoriontasun iheskorra. Ez dut une oro zer egiten dudan kontatu nahi, ez diot neure buruari gezurrik esan nahi, eta ez dut bizitza lehia gisa ulertu nahi.

Ez dut diruak nire ibilbidea marraztea nahi, ez dut merkatuaren tresna bat izan nahi, eta ez dut, halaber, hilabetero lanez aldatu nahi. Ez dut behar ez dudanik erosi nahi. Ez dut ezarri dizkiguten bizi ohiturekin konformatu nahi. Ez dut orain lehen baino hobe gauden argudiopean etsi nahi. Eta ez dut atxilotua izatearen beldur inor isiltzea nahi.

Ez dut, emakume izateagatik, erasoa sentitu nahi. Ez ditut etxeko lan guztiak egin nahi. Ez dut une oro eder egon nahi. Ikasi dut horiek egiteak ez nauela zoriontsu egiten. Ideietatik ekintzetara igarotzeko, ez diot borrokatzeari utzi nahi. Baina, sentitzen dut, hemen utziko dut gaurkoa; ordua da, gimnasiora noa.