Edurne Elizondo
Arazoa ez da Iruñean sortu, baina hiri horretan egin du gainezka egoerak. GITEk antolatutako Zinema eta Emakumeak izenburuko zikloan, zehazki. Gaur amaituko da jaialdia. Asteazkenean Arantxa Etxebarria zuzendari bilbotarraren Carmen y Lola filma eman behar zuten, baina egitarautik at gelditu zen, azkenean. Antolatzaileek egun horretarako antolatua zuten mahai inguruak eragin zuen arazoak eztanda egitea: zuzendariarekin batera, Aniztasunaren Aldeko Emakume Ijito Feministen Elkarteko kideak gonbidatu zituzten, aurretik agerian utzitako desadostasunei eta kritikei buruz eztabaida egiteko. Zuzendariak ez zuen parte hartu nahi izan, ordea. Etxebarria ez da Iruñera etorri, ezta bere filma ere.
Aniztasunaren Aldeko Emakume Ijito Feministen Elkarteko kideak ere hitza hartzeko aukera gabe gelditu dira. “Minduta” direla nabarmendu dute, eta ez dutela uste zinema jaialdiko antolatzaileen tratua “bidezkoa” izan denik. “Haiek deitu gintuzten; guk filmari buruz egindako kritikak ezagutzen zituzten, eta ontzat jo zuten gure iritzia zabaltzea beren jaialdian. Bigarrenez deitu gintuztenean, gure hitzak jada ez zuen deus balio. Guk parte hartzen bagenuen zuzendaria eta ekoiztetxekoak ez zirela joanen erran ziguten. Gonbidapena, beraz, bertan behera utzi zuten”.
Ijito feministen elkarteko kide Carmen Fernandezenak dira hitzak. Elkarte horrek kritika egin dio Arantxa Etxebarriaren Carmen y Lola filmari. Bi emakume ijito lesbianaren arteko harremanaren berri ematen du lanak. “Ez gaude istorioaren aurka, ez gaude filmaren aurka, ezta zuzendariaren aurka ere. Etxebarriarekin bilera egin genuen lana zabaltzen hasi aurretik, eta orduan, jada, filmak bultzatzen dituen hainbat estereotipo bazter uzteko eskatu genion, ijitoen aurkako diskurtsoa sustatu bertzerik ez zutelako egiten”.
Lanak estereotipoei eutsi diela salatu du Fernandezek. Kritika zorrotzena egin die, halere, Arantxa Etxebarriak filmari buruz egindako hainbat elkarrizketatan errandakoei. Etxebarriaren adierazpenen aurkako artikulu bat ere jaso zuten ijito feministek webgunean: Rebeca Santiago Herediak sinatutako Las gitanas no achantamos la muí izenburukoa. Lan horretan aipatzen da ijito feministek mahai gainean jarri nahi izan duten kritika nagusia: Etxebarriak ukatu izana emakume ijitoek ahots propioa dutela.
Zuzendariak erran du, zehazki, payoek eman behar dutela ijitoen egoeraren berri, haiek egin ezean inork ez duelako eginen. “Payo batek kontatu behar du, ijitoek ez dutelako ahotsik”, erran du Etxebarriak elkarrizketa batean. “Haurtzat hartu, eta halaxe tratatu gaitu; Etxebarriaren mezua da emakume ijitoak ez gaudela boteretuta, eta bagaude. Gure borroka eskubide kontu bat da, ez karitatezkoa”, erran du Fernandezek.
Carmen y Lola filma Iruñeko jaialditik at gelditu eta gero, gutun baten bidez azaldu du bere iritzia Arantxa Etxebarriak. NAFARROAKO HITZA harekin hitz egiten saiatu da, baina gutun horretan jasotakoaz harago, ez du bertzerik erran nahi izan. Etxebarriak zabaldutako idazkian nabarmendu du ijito feministekin mahai inguruan parte hartzeari ezezkoa eman ziola, eztabaida berekin kontsultatu gabe prestatu zutelako antolatzaileek. Zuzendariaren hitzetan, ijito feministen kolektibotik filmari buruz zabaldutako iritziak “suntsitzaileak eta iraingarriak” izan dira. Errespetua eskatu du Etxebarriak bere filmarentzat. “Patriarkatuaren eta matxismoaren aurka elkarrekin egin behar dugu lan, berdin payoen zein ijitoen munduan”, erran du zuzendariak.
“Feminismo ‘payoa'”
“Mundu berean bizi gara denak, payoak eta ijitoak. Gure elkartean era askotako emakumeak badira: irakasleak, antropologoak, saltzaileak, ikertzaileak… feministen hitzaldi anitzetara joan gara, eta emakume ijitoak inoiz ez dituzte aipatzen. Feminismo zuri eta payoak ez gaitu ordezkatzen. Guk argi dugu ezin duzula feminista izan arrazakeriaren aurka egiten ez baduzu”, erantzun du Carmen Fernandezek.
Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioak ere hartu nahi izan du hitza Carmen y Lola filmaren inguruan sortutako eztabaidan. “Gizartea anitza da, eta ijitoak ere bai. Ez gara herri homogeneo bat. Guri buruz hitz egin nahi duenak egin dezala, behintzat, umiltasunez”, erran du Ricardo Jimenez presidenteak.
Gaz Kalo federazioko kide da Esmeralda Amador ere. “Min” egin dio Iruñeko zinema jaialdian gertatutakoak. Bereziki salatu nahi izan ditu, halere, ijitoei buruzko estereotipoak. Uste du Etxebarriaren hitzek estereotipo horiek nabarmendu bertzerik ez dituztela egin. “Emakume ijito guztiek gizonek erraten dutenari men egiten diogula saldu dute; nik bi seme-alaba ditut eta bananduta nago. Ikasi dut eta kanpoan egiten dut lan. Estereotipoen bidez ez gaituzte ezagutuko”.
Gaz Kalo federazioko kideek bilera eskatu diote GITEri. Jaialdia amaitzeko zain dira egiteko. Eta GITEko kideek, hain zuzen, ohar baten bidez azaldu dute beren jarrera. Erran dute jaialdiaren asmoa dela emakume zuzendarien lana zabaltzea, eta, aldi berean, emakume anitzen errealitate sozialen berri ematea. “Bi asmo horiek bete nahi genituen filma emanez eta eztabaida eginez; lehendik ere ez zetozen bat zuzendaria eta elkarteko kideak, eta, ondorioz, ezinezkoa izan da egitea”.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku