“Herritarrek egin behar dute eztabaida, eta hiri gisa erabaki”

“Herritarrek egin behar dute eztabaida, eta hiri gisa erabaki”

Edurne Elizondo

Zezenketen aurkako kolektiboa da Iruñea Antitaurinoa. Lan esparru hori zehaztu dute, zezenketen aurkako “gehiengo soziala” badela uste dutelako. Horixe nabarmendu du taldeko kide Txaro Buñuelek (Corella, 1962). Datozen asteotarako asmoen berri eman du.

Zezenketen garaia bukatzen hasi dela uste duzu?

Hori lortzeko bidean garela uste dut; hasi dugula zezenketak bertan behera uzteko bidea. Taldea osatu genuenean, gure asmoa helburu zehatzak lortzea zen. Argi genuen tauromakiak nabarmen egin duela behera nazioartean eta estatuan. Azken zazpi urteotan, adibidez, zezenak erabiltzen dituzten ikuskizunek %53 egin dute behera; ikusleen kopuruak, berriz, %59 egin du behera, eta gazteen %84k ez dute animalien aurkako tratu txarrekin lotutako herri batekin identifikatu nahi. Datuek hori diote. Iruñeko egoera aztertzen hasi ginen taldea osatu genuenean, eta argi ikusi genuen, batetik, entzierroa hagitz errotuta dagoela, eta, bertzetik, plazara joaten den jendearen zati batek onartzen duela bestak erakarrita joaten dela, ez zezenketengatik.

Lelotzat hartu duzuen esaldiak hori dio, Iruñeak besta maite duela, ez, ordea, zezenketak. Hala da?

Hori nabarmendu nahi dugu, hori delako bidea, gure ustez, zezenketen aurkako urratsak egiteko. Uste dugu herritar anitzek eutsi nahi diotela zezenketen inguruko eztabaidari, bertan behera uzteko asmoz. Ez da hori gertatzen, ordea, entzierroaren kasuan. Talde zabala osatu nahi genuen, helburu zehatzak ezarri, eta lanean hasi. Horregatik erabaki genuen zezenketen aurka aritzea. Egia da entzierroan tratu txarrak gertatzen direla; hori agerian uzten dute albaitarien txostenek. Errotuta dago, ordea. Orain arte, gainera, kanpokoak etorri izan dira protesta egitera, eta hemengoek ia bestaren zatitzat hartu dituzte.

Tauromakiaren kontrako protestak egin dituzte bertakoek ere: Rosa Negrak, Zezen Gorrik, LiberAberek, Denok Animaliak taldeak…

Ez dugu ukatzen aurretik egindako lana, baina jendeak pentsatu du batez ere kanpotik etorri direla protesta egitera. Orain, indarberrituta atera gara zezenketen kontra egitera; helburu zehatza markatu izanak ekarri du jende gehiagorengana heltzea.

Zergatik utzi dituzue entzierroak zuen diskurtsotik eta lan esparrutik kanpo?

Hautu estrategiko bat izan da, argi eta garbi. Onartu behar dugu, halere, taldean badela entzierroen alde dagoen jendea ere. Baina hautu estrategikoa da, batez ere. Zezenketen aurkako lanari eman diogu lehentasuna uste dugulako badela gehiengo sozial bat zezenketak bertan behera uztearen alde. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, entzierroarekin. Lor dezakegun horretan lan egin nahi dugu, horretan jarri indarrak.

Iaz jarri zineten martxan. Kontent, orain arte egindako bidearekin?

Bai. Hutsetik hasi ginen. Gure asmoa hasieratik izan da talde zabala osatzea, zezenketen kontra egiteko helburu zehatzarekin. Iazko sanferminen aurretik egin genuen lehen batzar irekia, eta jende anitz etorri zen. Orduan ikusi genuen bazela lan egiteko aukera. Gure ildoak zehaztuz joan gara geroztik.

Zer asmo duzue aurtengo sanferminei buruz?

Aurten, nabarmendu nahi dugu bestak denonak direla, ez bakarrik zezenketen zaleenak. Zezenketekin deus ikustekorik ez dugun milaka eta milaka herritar gara, eta bestak erruz ospatzen ditugu. Horregatik, aurten, sanferminetako eskailera ospatzea erabaki dugu, argi uzteko hiriko bestetako ikonoak gureak ere badirela.

Zer prestatu duzue eskaileraren azken egunerako?

Iaz bezala, kalejira eginen dugu Alde Zaharrean. Hori izanen da gure ekinaldi nagusia. Uztailaren 7an izanen da, 19:00etan.

Hil honetan, berriz, manifestazioa izanen da zezenketen aurka, ezta?

Bai. Nafarroako Animalien Askapena taldeak antolatu du, iaz bezala, eta aurten ere bat egitea erabaki dugu. Inportantea iruditzen zaigu parte hartzea eta karrikara ateratzea. Gure asmoa ere bada eztabaida mahai gainean jartzea.

Nola?

Azken hilabeteotan, adibidez, bilera egin dugu Iruñeko Peñen Federazioarekin. Zezenketen inguruko gogoeta bat eskatu diegu, eta argi utzi diegu, batetik, plazan gertatzen diren tratu txarrak ezin ditugula onartu; bertzetik, joera dela zezenketek gero eta zale gutxiago izatea. Eztabaida ez egiteak ekartzen ahal du Iruñea Tordesillas bilakatzea, tauromakiaren azken gotorleku bihurtzea. Jendeak erraten badu berez besta maite duela, erakuts dezatela. Hirugarrenik, uste dugu eztabaida gertatzen ez bada Irungo edo Hondarribiko alardeen gisako egoera bat izan dezakegula hemen. Arazoa kroniko bilakatuko da. Horren guztiaren aurrean, iruditzen zaigu herritarrek eztabaida egin behar dutela. Hiri gisa egin behar dugu gogoeta, eta erabaki.

Zer erantzun dizuete peñek?

Harrera ona egin digute. Txostena helarazi diegu, eta federazioak peña guztiei pasatu die; peña bakoitzak, berriz, kide guztiei. Haiek erabakiko dute zer egin. Guk gutxieneko gogoeta eskatzen diegu. Gertatzen denaz ohar daitezela eta jarrera har dezatela.

Joseba Asiron alkateak zezenketak babestu ditu, urtero plazan egon baita. Zer deritzozu?

Ñabardurak badirela uste dugu. Iaz, adibidez, udalak sanferminei buruz egindako bideo ofizialean ez zegoen zezenketen irudirik. Ez da kasualitatea. Guk talde gisa ez diogu udalari deus eskatu, konponbidea ez baitago haren esku, hiritarren esku baizik. Behetik egin behar da presioa. Nahiko genuke alkatea plazara ez joatea, baina ez dugu halakorik eskatu. Azken egunotako sabotajearekin, jendea ohartuko zen, agian, udaleko hainbat taldek ere eskatu dutela gu eskatzen ari garena, herritarren arteko eztabaida, alegia.

Animalien Askapenerako Fronteak egin du sabotajea Gaseko eskortetan. Salatu duzue?

Ez. Hainbat hedabidetan hori zabaldu da, baina ez da egia. Guk argi utzi nahi izan dugu ez dugula ekintzarekin deus ikustekorik. Ez da gure lan ildoa. Guk eztabaidaren alde egiten dugu; hori bertzerik ez dugu erran.

Juan Jose Padilla toreatzailea izanen da sanferminetan. Kritikatu egin duzue, eta peñei jarrera hartzeko eskatu diezue, Espainiako bandera frankistarekin agertu izan baita.

Iruñeko plazan ezkerrarekin lotutako leloak entzuten dira, bai eta feministak ere, baina, aldi berean, plazan egon daiteke Padillaren gisako pertsona bat. Hori agerian utzi nahi dugu. Nahiko genuke peñak plazan ez sartzea Padilla datorrenean. Bandera frankistarekin eroso dela erran du. Peñetakoei ikusarazi nahi diegu hori ere, kontraesan hori agerian utzi.