E. Elizondo
“Herria bera da gure konpromisoaren oinarri; batera lan egiten dugu, herri gisa”. Raul Ramonenak dira hitzak. Artiedakoa da, Esako urtegia handitzeko proiektuaren aurkako borrokarekin hazi diren gazteetako bat. Duela hiru hamarkada luze hasi zen borroka hori Aragoiko herri horretan, eta ez dute etsi. Belaunaldi batek natural utzi du lekukoa hurrengoaren esku, eta horrek ekarri du Ramonek aipatutako konpromiso kolektiboa. Rio Aragon elkartea izan da erreferente nagusia, eta lanean jarraitzen du. Gazteek, halere, bide propioa jorratu dute, eta lan horren emaitza da, bertzeak bertze, uztailean Artiedan eginen duten Esfendemos a Tierra jaialdia. Hamargarrenez eginen dute, uztailaren 20tik 22ra.
“Artiedan egiten dugu, gure herria Pirinioetako urtegien aurkako borrokaren ikur bilakatu delako. Gure helburua da gazteen artean Esarekin eta bertze hainbat proiekturekin dugun arazoaren berri ematea, lurraren defentsaren alde egin dezaten”, azaldu du Ramonek.
Lurrari lotutako gatazken inguruko kontzientzia gero eta handiagoa dela uste du Artiedako gazteak. “Horixe sumatu genuen, adibidez, Esako zortzi gazteen auzia gertatu zenean. Zaragozan 6.000 pertsonak bat egin zuten haien alde antolatutako manifestazioan, eta gehienak gazteak ziren”.
Elkartasuna
Konpromisoa eta elkartasuna jorratu nahi dituzte uztaileko Esfendemos a Tierra jaialdiaren bidez. Horretarako, batetik, Palestina Askatzeko Herri Fronteko Europarako ordezkari Fayed Badawiren hitzaldia antolatu dute; bertzetik, Andaluziako (Espainia) SAT sindikatuko idazkari nagusi Oscar Reinarena. Gainera, kontzertuak eta Aragoiko kulturarekin lotutako bertzelako ekinaldiak eginen dituzte.
Jaialdia prestatzen ari dira, oraindik ere; Euskal Herriko eta Aragoiko gazteak parte hartzera deitu ditu jada Raul Ramonek, halere. Esako proiektuaren aurka lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du. “Espainiako Gobernuan gertatu den aldaketa zuhurtasunez hartu dugu. Ikusiko dugu zer berri datorren handik, eta nola jokatzen dugun. Adi gara, baina zuhur”.